Gobernu Kontseilua Elkarrekin Podemos-IUren osasun mentalari buruzko lege proposamenaren aurka dago (Gobernu Bilera 2022-2-8)

fotoconsejo.jpg

2022-02-08

  • Proposamena izapidetzearen aurkako irizpidea eman du, finkatuko lituzkeen eskubideak indarrean dauden lege eta planetan jasota daudelako

Gobernu Kontseiluaren ustez, Euskal Autonomia Erkidegorako Osasun Mentalari buruzko lege batek ez luke ekarpen berririk egingo, bermatu nahi dituen eskubideak jadanik deskribatuta eta gure osasunari eragiten dioten gaixotasun eta patologiei buruzko lege eta jarduera planetan jasota baitaude.

Eremu hori arautzen duen arau esparrua honako hauek definitzen dute: Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legea; Osasun Publikoari buruzko Legearen aurreproiektua (gaur egun Eusko Jaurlaritzan izapidetzen ari da); Euskadiko Osasun Plana eta Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategia; Suizidioa Prebenitzeko Estrategia; Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea; Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea; edo Pertsonek Euskadiko osasun sisteman dituzten Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena.

Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar taldeak egindako lege proposamena atzera botatzeko bigarren arrazoi bat ere badago: legegintzaldiaren hasieran Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako esparru-dokumentu estrategikoak osasun mentalaren arreta lehentasuntzat hartzen duela.

Gainera, asistentziaren ikuspegitik, lege proposamena ‘osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen’ kontzeptua eraikitzean eta formulatzean oinarritzen da, 'nahasmendu psikiatrikoa duten pertsonen’ alternatiba gisa, baldintza objektibotzat. Sintomak eta buruko nahasmenduak bereizten ez direnez, buruko nahasmenduekin zerikusirik ez duten fenomenoak psikologizatu eta psikiatrizatuko dira, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) definitzen dituen moduan.

Horiek horrela, Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaur Gasteizen egindako bileran, Osasun Mentalari buruzko Lege Proposamena aintzat hartzearen aurka dagoela adierazi du.