Beatriz Artolazabalek iragarri du Vitoria-Gasteizen Barnahus ereduaren gidaritza errealitate bilaka daitekeela aurtengo urte-amaieran

2022-06-08

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politiken eta Gazteriaren Batzordean egin du agerraldia, 2022-2025erako Haur eta Nerabeenganako Indarkeriaren aurkako EAEko Estrategia aurkezteko
  • Dokumentuak datozen 4 urteotarako 4 jarduketa-ardatz aurreikusten ditu: prebentzioa, detekzio goiztiarra, arreta integrala eta ezagutza kudeatzeko erakunde publikoen eta entitate pribatuen arteko lankidetza
  • Artolazabalek esan du bere sailak 2022rako eta estrategiaren esparruan 44 ekintza aurreikusi dituela, guztira, besteak beste, sentsibilizazio-kanpainak, ikastaroak eta prestakuntza-tailerrak edo topaketa profesionalak

Vitoria-Gasteiz, 2022/06/08

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politiken eta Gazteriaren Batzordean egin du agerraldia, 2022-2025erako Haur eta Nerabeenganako Indarkeriaren aurkako EAEko Estrategia aurkezteko.

Artolazabalek honela definitu du dokumentua: “helburu bakar eta lehentasunezko bat ardatz duen ekintza-plana: EAEko ume eta nerabe guztiak edonolako indarkeriarik gabe hazi eta bizi ahal izatea”.

Estrategiak, sailburuak esan duenez, datozen 4 urteotarako 4 jarduketa-ardatz aurreikusten ditu: prebentzioa, detekzio goiztiarra, arreta integrala eta erakunde, entitate eta gizarte-eragileen arteko lankidetza, indarkeria moten ezagutza areagotzeko eta haien erantzunean eraginkortasun handiagoa lortzeko.

Artolazabalen hitzen arabera, “dimentsio anitzekoa den fenomenoaren ikuspegi integrala” lortzeko, estrategia prestatzeko parte hartzeko prozesuaren alde egin da; horrek aukera eman du hartan "hezkuntzako, osasuneko, gizarte-zerbitzuetako, segurtasuneko, justiziako, kulturako, aisiako eta astialdiko edo kiroleko profesionalen ikuspegiak” jasota geratzeko, besteak beste. Horiek guztiak zuzenean edo zeharka daude ume eta nerabeen ongizatean inplikatuta”.

Lankidetza horri esker, esan du, “EAE munta horretako estrategia integrala duen lehen autonomia-erkidegoa izan da”. Hori, “harro egotekoa” ez ezik, “noranzko berean lanean jarraitzeko pizgarria ere bada”.

Prozesuan, era berean, 12 eta 17 urte bitarteko 80 umek eta nerabek parte hartu dute, eta haiengan eragina duen indarkeriaren inguruan duten ikuspegia erakutsi dute. “Balio kalkulaezineko” lekukotzak egin dituzte eta haiek, sailburuaren iritziz, “badirudi, entzun ondoren, beharbada jakinak iruditzen zaizkigun kontuak eman dezaketela, baina indarkeriaren biktima den edozein pertsonak praktikan aurrez aurre dituen eragozpen nagusi bilakatzen direla azkenean”.                     

Dokumentu estrategikoan jasotako ekarpenen artean, zenbait epai adierazgarri nabarmendu behar dira, besteak beste: "mundu guztiak ez du laguntza eskatzeko gaitasunik", "laguntza eskatzen duzunean, arretarik ematen ez badizute, beste kolpe latz bat” edo “onena grabatzea da, gero sinets diezazuten, zeren eta, bestela, heldu batek beharbada ez baitizu sinetsiko".

Lekukotza horiek kontuan hartuta, Artolazabalek honako hau esan du: “umeek eta nerabeek argi utzi digute jakin beharra dutela entzungo dituzten espazio eskuragarriak, hurbilak, fidagarriak, konfidentzialak eta seguruak dituztela".

Gobernamendu-ereduari buruz galdetu diotenean, sailburuak azaldu du Haur eta Nerabeenganako Indarkeriaren aurkako EAEko Estrategia antolatzen dela erakunde publikoen eta hirugarren sektoreko entitate pribatuen atxikipen librearen bidez; entitate pribatu horien jarduerak inpaktu esanguratsua izan dezake haur eta nerabeenganako indarkeriaren eskubideen sustapenean, prebentzioan, detekzio goiztiarrean, arretan eta erreparazioan. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren lidergo, sustapen eta koordinaziopean, Familia eta Haurren Zuzendaritzaren bidez, erakunde publikoek eta entitate atxikiek konpromisoa hartzen dute haien politika publikoetan eta ekimenetan haurrenganako indarkeriaren aurkako estrategian zehaztutako printzipio, ikuspegi, irizpide eta orientazioak sartzeko. Bai eta urtero garatzea aurreikusten duten ekintzen eta estrategian jasotako helburu eta jarduketa-ildoei jarraikiz haien ezarpen-mailaren berri emateko ere.

Artolazabalek jakinarazi du bere sailak dagoeneko 44 ekintza dituela, guztira, 2022 ekitaldirako aurreikusita; haien bidez, lau ardatz estrategikoetan jasotako jarduketa-ildoen 53ri erantzuten zaie. Haien artean sentsibilizazio-kanpainak, ikastaroak eta prestakuntza-tailerrak edo topaketa profesionalak daude.

Aldi berean, sailburuak ume eta nerabeak babesteko beste zerbitzu eta programa batzuk ekarri ditu gogora, besteak beste Zeuk Esan (116 111) doako arreta-zerbitzu konfidentziala edo sexu-indarkeriaren biktima adingabeentzako arreta integratuaren Barnahus ereduaren gidaritza. Azken horri dagokionez zehaztu du erakundeen arteko eta sailen arteko lan-talde teknikoak jarraitzen duela Islandiako eredua EAEren eskumen-errealitatera egokitzeko prozesuan lanean, bai eta sexu-indarkeriaren biktima adingabeen arretan inplikatuta dauden sistemen –Gizarte Zerbitzuak, Osasuna, Hezkuntza, Justizia eta Segurtasuna– arteko jarduketa koordinatuko protokoloak prestatzen ere. Helburua honako hau dela esan du: "eredu horren gidaritza errealitate bilakatu ahal izatea aurtengo urtearen amaierarako, horretarako dagoeneko Vitoria-Gasteizen egokitzen ari den lokalean”.

Artolazabalek esan du estrategia honen indarraldian honako hau nahiko lukeela: “sarriegi ikusezin uzten den errealitate horren zati bat azaleratzea”; izan ere, gogorarazi duenez, “edozein gizartetako biztanle kalteberenen aurkako giza eskubideen urraketa” dakar.