GIB-aren transmisioak beherantz egonkortu dira, sexu-transmisiozko infekzioek gora egiten jarraitzen duten bitartean

2022-06-10

434 pertsona tratatu dituzte GIBarekiko esposizio aurreko profilaxi-programaren barruan

 

Osakidetzak 6.122 pazienteri eman die arreta, guztira, erretrobirusen kontrako medikamentuekin, eta, 2021ean, gastua 16.887.866 €-koa izan da

 

Urtero Osasun Sailak eta Osakidetzak prestatzen duten Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren memoriaren ondorio nagusiak dira, 2021. urtekoak; memoriak datu epidemiologiko nagusiak eta Euskadik eremu horretan hartutako neurriak jasotzen ditu.

 

2021ean, areagotu egin ziren diagnostikoak infekzio mota guztietan. Zehazki, Osakidetzak lurralde bakoitzean dituen hiru kontsulta espezifikoetan honako hauek erregistratu ziren: 976 chlamyidia kasu, eta 2020an 679 izan ziren; 797 infekzio gonokoziko, aurreko urtean baino % 66,33 gehiago; 273 sifilis goiztiar kasu, aurreko urtean baino % 37,2 gehiago, eta 160 kasu herpes genitalenak, eta 2020an 158 izan ziren. 2021etik aurrera, Basurtuko eta Donostiako unibertsitate-ospitaleetako mikrobiologia-zerbitzuen diagnostikoak zenbatzen dira, bai eta Mendaroko ospitaleko STIen kontsulta ere; haiek lurralde-kontsultetakoei gehituta, Chlamydiako 1.479 kasu daude, gonokoziako 988, sifiliseko 294 eta herpes genitaleko 199.

 

GIBari dagokionez, Euskadin, iaz, 119 infekzio erregistratu ziren, eta, aurreko urtean, 105; 2019an, 147 eta, 2018an, 171. Horrek esan nahi du 100.000 biztanleko 5,4koa dela tasa. % 84 gizonei dagokie, eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 38,9 urtekoa da, 2020ko bera. GIBak eragindako infekzio gehienak sexu-transmisiokoak dira, eta, oraindik, gizonekin sexua duten gizonen artean transmititzen da nagusiki, diagnostiko guztien % 55,5 (2020an % 54,3 eta 2019an % 57,8). Bide heterosexualaren bidezko transmisioa % 39,5 da (% 35,2 2020an eta % 26,2 2019an). Kasuen % 52,1ean (erdia baino gehiago; 2020an, % 52,4) diagnostikoa berantiarra izan zen, hau da, immunitate-sistema jada oso kaltetuta zegoenean detektatu ziren, 350 CD4 zelula baino gutxiagorekin.

 

Osakidetzak, guztira, 6.122 pazienteri eman zien arreta erretrobirusen aurkako tratamenduekin 2021ean (6.016, 2020an), eta gastua 16.887.866 eurokoa izan zen, 2020an baino % 1,5 handiagoa. Erretrobirusen aurkako tratamendu orokorrak erabateko beherakada eragiten du hiesa garatzen duten pertsonen kopuruan. 2021ean, Euskadin hiesaren 25 kasu berri diagnostikatu ziren.

Euskadik aktibo ditu prebentzio-programa guztiak

 

Errealitate epidemiologiko horren aurrean, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak aurten ere Hiesaren eta STIen Euskadiko Planean jasotzen diren prebentzio-ekintzako ildo guztiak erabat aktibo mantentzearen aldeko apustua egingo dela nabarmendu du.

 

Besteak beste,  GIBarekiko esposizio aurreko profilaxi-programa (PrEP) nabarmentzen da; hura 2019ko azaroan jarri zen abian eta GIBagatiko infekziorako arrisku handiko egoeran dauden pertsona osasuntsuei zuzentzen zaie. Pertsona horiei GIBagatiko infekzioaren prebentziozko tratamendua agintzen zaie hartzeko (Tenofovir disoproxilo 300 mg + Emtricitabina 200 mg). Bi urte hauetan, 434 pertsonak hartu dute medikamentu horiekin prebentziorako tratamendua.

 

Euskadin egiten den prebentzio-ahaleginak diagnostikoen atzerapenik ez egotea ere badu xede. Horretarako, Euskadiko botiketan GIBaren test lasterrak egiten dira: guztira 1.000 egin ziren 2021ean, eta, haietatik, 9 positiboak izan ziren (% 0,9). Euskadik 60 botika ditu hiru lurralde historikoetan banatuta test anonimoa, zuhurra eta erraza egiteko eta pertsona bat GIBaren eramailea den ala ez ahalik eta lasterren detektatzeko.

 

Osakidetzak, aurrez aurreko kontsulta horiez gainera, gizonekin sexua duten gizonentzako online kontsulta birtuala ere badu, eta aukera ematen die sexu-transmiziozko infekzio posible baten sintomei buruzko galderak anonimoki planteatzeko. 2021ean, 300 erabiltzaile izan zituen, 2020an baino % 44,4 gehiago.

 

Era berean, hezkuntza-eremuan ere indarrean jarraitzen du sexu-harremanei lotutako arrisku posible guztien (GIB/hiesa, sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk eta nahi gabeko haurduntzaren prebentzioa) prebentzioari heltzen dion prebentziozko programak. 16 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie; azken ikasturtean, ehun ikastetxe baino gehiagotako 9.600 nerabek parte hartu zuten (7.800 izan ziren 2020an).

 

Azkenik, Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Euskadiko Planak eutsi egiten dio GIBaren eta STIen eremuan lan egiten duten GKEentzako dirulaguntzen lerroari; 2021ean, 300.000 euro jaso zituzten, guztira.

 

Informazio gehiago: https://www.osakidetza.euskadi.eus/osakidetza-eus/-/gib-hiesa/

Memoria 2021:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/osk_osaesk_salud_sex_vih/es_def/adjuntos/Memoria-Plan-del-Sida-e-ITS-2021.pdf