"Gaurko probek mugarri bat ezarri dute euskal administrazioan: bitartekoen tasa altuak murrizten hasi gara"

2022-09-17

  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak bertatik bertara jarraitu du Barakaldoko BECen EAEko Administrazio Orokorrean enplegu publikoa sendotzeko prozesurako proben hasiera
  • Lehenengo deialdian 24.000 pertsonak eman dute izena eta 1.272 plaza daude eskuragarri, lau eskalatan: laguntzako langileak, erizaintza, administrariak eta administrari laguntzaileak
  • Proben emaitzak irailaren 22a baino lehen argitaratuko direla aurreratu du Olatz Garamendik eta, erreklamazio aldiaren ondoren, merezimenduak baloratzeari ekingo zaiola

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean enplegu publikoa finkatzeko hautaketa prozesuko oposizio-lehiaketako proben hasieran izan da larunbat honetan. Probak gaur eta bihar egindo dira Barakaldoko BECen. Olatz Garamendik esan duenez, oso egun garrantzitsua da euskal administrazioarentzat: “Mugarri bat da eta esan ahal dugu gure administrazioko bitartekotasun tasa altuak murrizten hasi gara”.

Hautaketa prozesuko lehen deialdi honetan 24.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena, eta 1.272 plaza daude eskuragarri laguntzako langileak, erizaintza, administrari laguntzaileen eta administrarien eskaletan. Guztira, 48.000 eskaera baino gehiago aurkeztu dira eskala bat edo gehiagotarako, eta merezimendu lehiaketa bidez (salbuespenezko prozesua), lehiaketa-oposizio bidez (prozesu berezia) edo bide bietatik burutu dezakete hautaketa prozesua.

Gaurkoa Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan enplegu publikoa egonkortzeko aurten egingo den lehenengo deialdia da. Urtea amaitu baino lehen beste bi deialdi egingo dira, eskaini daitezkeen ia 3.700 plaza hutsak bete arte.

BECera egindako bisitan, Garamendik azpimarratu du zuzentzen duen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eta Eusko Jaurlaritzak “egoera honekin amaitzeko erabaki irmoa” erakutsi duela bitartekotasun tasa handiarekin amaitzeko eta plantillak finkatzeko prozesuetan aurrera egiteko. Ildo horretan, adierazi du kontsolidazio prozesu horiek, gobernu programa betetzeaz gain, beretzat “erronka eta konpromiso pertsonala” direla. Halaber, administrazio moderno eta kalitatezkoa izatearen garrantzia azpimarratu du.

Euskal Administrazioa horrelako prozesu bati, bere berezitasun guztiekin, aurre egiten lehena izan dela nabarmendu ondoren, Sailburuak ziurtatu du deialdi irekia dela, “berdintasuna, merezimendua, gaitasuna eta lehia askea bermatzen dituena, aldi berean bitarteko langileen esperientzia luzea eta antzinatasuna aitortuz”. Hori guztia azpimarratu du, segurtasun juridiko handienarekin eta indarrean dagoen lege esparruan.

Sailburuak esan duenez, asteburu honetako proben emaitzak irailaren 22a baino lehen argitaratuko direla aurreikusita dago, eta gogorarazi du erreklamazio aldia igaro ondoren hasiko dela merezimenduen balorazioa, bai lehiaketa-oposizioaren bidea aukeratzen dutenentzat, bai merezimendu lehiaketaren bidea aukeratzen dutenentzat. “Deitutako plaza asko esleitzeko, hautagaien merezimenduak baino ez dira kontuan hartuko”, zehaztu du. Garamendik eskerrak eman dizkie guztiei “honaino ekarri dituen zerbitzu publikoko bokazioagatik”, eta zorte ona opa die prozesu honetan.