"Gasteiz Opari" txartela elkartu da Eusko Jaurlaritzak tokiko merkataritzari laguntzeko abian jarritako ekimenera

hurtado_tarjeta_regalo.jpeg

2022-06-20

 

  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok “Gasteiz Opari” txartela aurkeztu du gaur, bere Sailak bultzatutako sustapen bat, tokiko merkataritzan kontsumoa suspertzen lagunduko duena

 

  • Sailburuak bere agerraldian aurreratu du bihar Gobernu Kontseiluan aparteko laguntza-sorta bat onartuko dela, 15 milioi eurokoa, Euskadiko hurbileko merkataritzarentzat

 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Eusko Jaurlaritzak sustatu eta finantzatutako “Gasteiz Opari” ekimena aurkeztu du gaur, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Gasteiz On merkataritza-plataforma kide dituena. Ekitaldian parte hartu dute Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko foru diputatuak, Maider Etxebarria Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak eta Diego Martínez de San Vicente Gasteiz Oneko presidenteak.

Sailburuak azaldu duenez, ekimen hori bat dator Eusko Jaurlaritzak zailtasun handiko une hauetan merkataritzari laguntzeko zabaltzen dituen neurriekin. Euskal retailak aurre egin beharreko erronkei pandemia bat eta Ukrainaren inbasioa gehitu zaizkie orain, prezioei eta kostuei eragin diena eta produktu batzuen kontsumoa atzeratu duena.

Javier Hurtadok zehaztu duenez, “koiuntura honetan garrantzizkoak dira merkataritza suspertzeko ekimenak, besteak beste, gaur aurkezten dugun “Gasteiz Opari”. Eta Eusko Jaurlaritzatik, berau garatzeko eta abian jartzeko balio izan duen diru-zuzkidurarekin bultzatzen dugu. Izan ere, pizgarri bat baino gehiago da, hilabete hauetan eta oraintsuago Ukrainako gerraren ondorioak arintzeko osoko bilkura monografikoaren harira ezarri ditugun neurriei elkartzen zaiena.

Neurri horien artean 20 milioi euro daude; horietatik 15 milioi bihar Gobernu Kontseiluan aurkeztuko ditugun zuzeneko laguntzak izango dira, eta 5 Euskadi Bono Dendaren edizio berrira bideratuko dira. Hirugarren edizio honek 6,4 milioi euro izango ditu guztira, egun gurekin dauden erakundeek, Bizkaiko Aldundiak eta Gasteizko Udalak emandako 1,4 milioiei esker. Izan ere, administrazioen, elkarteen eta eragileen arteko koordinazioa eta ahaleginen batuketa, “Gasteiz Opari”n berriro ikusten dugun bezala, funtsezkoak dira gure hurbileko merkataritza bultzatzeko.”

Txartelak Gasteizko 250 saltoki eta ostalaritza- eta zerbitzu-establezimendu baino gehiagotan produktuak edo zerbitzuak eskuratzeko aukera ematen du, eta zabala da eskaintza: moda-artikuluak, osagarriak, bitxigintza, kirola, etxea, dekorazioa edo teknologia, ostalaritza-establezimenduetan produktua kontsumitzea, ile-apainketa zerbitzua, lore-sorta bat erostea, etab. Txartel birtual bat da, erabiltzaileentzat eta atxikitako saltokientzat erabilera atsegineko sistema bat duena: txartela eskuratzeko nahiko da www.gasteizon.eus webguneko ‘Gasteiz Opari Txartela’ atalean sartzea, eta 30, 50 edo 100 euroko aukeren artean hautatzea.

Sailburuak, amaitzeko, ziurtatu du funtzionatzen duten eta herritarren eta merkataritzaren harrera ona duten neurri horiek. Izan ere, merkataritza-bonua ekainaren 2an jarri zen martxan, eta bi aste eta erdi hauetan eskaintzaren % 73 kontsumitu da; 460.00 bonu, hain zuzen ere. Horrek 4.6 milioi euroko ekarpena egiten dio hiru lurraldeetan merkataritzari, eta horietatik 709.740 euro Arabako merkataritzari dagozkio.