Garamendik Administrazio Publikoa etengabe digitalizatzearen eta modernizatzearen alde egin du

Sailburua__Metropoli-30_jardunaldian.jpg

2022-06-07

  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak herritarren beharrizan berrien aurrean “berrasmatzearen” garrantzia nabarmendu du

Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak Bilbao Metropoli-30 elkarteak antolatutako administrazioaren eraldaketa digitalari buruzko lan-jardunaldietan parte hartu du gaur. Olatz Garamendik Administrazio Publikoa etengabe digitalizatzearen eta modernizatzearen alde egin du, eta erakundeen eta elkarteen artean lankidetzan aritzeko beharra defendatu du, Europak proiektu berriak finantzatzeko eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko.

Bere hitzaldian, herritarren eskaera eta eskakizun berriei erantzuteko “berrasmatzearen” garrantziaz ohartarazi du sailburuak, are gehiago ziurgabetasunez beteriko panorama baten aurrean. “Administrazioak bere sendotasuna eta erabakitasuna erakutsi behar ditu aurre egiten dion testuingurutik haratago joateko, eta fidagarritasuna eta ziurtasunak eskaini behar dizkie bere herritarrei”, adierazi du erakundeko bazkideen aurrean, eta garapen jasangarriko helburuak lortzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko eskatu die.

Ildo horretan, Ardatz 2030 Plana nabarmendu du Garamendik, administrazio publikoan kudeaketa eredu berriak eta gobernantza kultura berria bultzatzeko ibilbide-orria bihurtu baita. Gobernantzako, berrikuntza publikoko eta gobernu digitaleko plan estrategiko honek, halaber, politika eta zerbitzu publikoak diseinatzeko datuen erabilera sustatzen du, betiere herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak modu pertsonalizatuan eskaintzeko.

Garamendik gaur Bilboko Euskalduna Jauregian egindako lan-jardunaldietan hizlari izan den Robert Krimmer Tartuko Unibertsitateko (Estonia) katedradunaren ikerketa lana goraipatu du. Eraldaketa digitalean, mugaz gaindiko zerbitzu elektronikoetan, parte-hartze elektronikoan eta demokrazian egindako ekarpenak nabarmendu ditu. Jardunaldietan Metropoli-30eko hainbat erakunde publiko eta pribatuk hartu dute parte, eta Eusko Jaurlaritzaren izenean Jone Berriozabal Erakunde Harremanetarako sailburuordeak eta Javier Bikandi Herritarren Arretarako eta Zerbitzu Digitaletarako zuzendariak hartu dute parte.