Garamendi Sailburuak autogobernuaren euskal ereduaz hitz egin dio Txileko Biobio eskualdeko gobernadoreari

Garamendi Sailburua, Diaz gobernadore txiletarra, bilerako beste partaideekin batera

2022-03-23

  • Rodrigo Diazek Euskadiren garapen autonomikoarekiko interesa agertu dio Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuari, gaur Gasteizen egindako bileran

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburua Rodrigo Diaz Txileko Biobio eskualdeko gobernadorearekin bildu da gaur Gasteizen. Bi agintari instituzionalek iritziak trukatu eta esperientziak partekatu dituzte interes komuneko puntuei buruz, besteak beste, euskal autogobernuaren eta Estatutuaren garapen ereduari buruz eta harreman instituzionalen garapenarekin lotutako politikei buruz.

Garamendiren eta Biobio eskualdeko gobernuko agintari nagusiaren arteko topaketa Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan izan da ordubetez. Sailburuarekin batera, Jone Berriozabal Erakunde Harremanetarako Sailburuordea izan da, eta bere aldetik Marcelo Chavezek, Eskualde Garapeneko eta Nazioartekotzeko Unitateko zuzendariak, eta Claudia Toledok, Dibisio, Plangintza eta Eskualde Garapeneko buruak osatu dute Txileko ordezkaritza.

Bileran, gobernadore txiletarrak Euskadiren autogobernu maila altuarekiko interesa azaldu dio Garamendi Sailburuari. Euskadiko eta Biobioko erakunde arkitekturak, herri-administrazioen antolaketa eredua, erakunde konfigurazioa eta eskumen eremuen banaketaz mintzatu dira bi erakundeetako arduradunak, bai eta egiteke dauden transferentzia prozesuak gauzatzeko bideez ere. Gobernu presidentetzara iritsi berri den Gabriel Boric-ek deszentralizazio prozesu bat ireki du Txilen, eskualdeko agintariekin batera garatu nahi duena. Diaz gobernadoreak Sailburuari adierazi dionez, helburu horretarako prestatzeari begira, Biobiok erreferentzia interesgarria aurkitu du euskal ereduan. Bertatik bertara ezagutzeko, Euskadira etorri nahi izan du eta bere agintariekin hitz egin eta kontrastatu, tartean Autogobernu Sailburuarekin.

Garamendik euskal autogobernuaren ereduaren ezaugarriak zehaztu dizkio, eta herritarrekiko hurbiltasuna, errealitatea eta gizartearen beharrak hobeto ezagutzea eta aurrerapen eta ongizate handiagoa ahalbidetzen duen tresna dela nabarmendu du. Halaber, aurrera begira esperientziak partekatzeko eta interes komuneko ekimenetan laguntzeko prest dagoela adierazi dio Sailburuak gobernadore txiletarrari.

Biobio Txileko Errepublikaren erdialdean dago eta herrialdea osatzen duten hamasei eskualdeetako bat da. 1.600.000 biztanle inguru ditu eta Txileko hirugarren eskualderik populatuena da.