Finantzaketa Publikoari lotuta dauden tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak eskatzeko epea ireki du Eusko Jaurlaritzak

2022-04-27

Osasun Sailak gomendatzen du eskaerak telematikoki izapidetzea; aurrez aurreko bidea aukeratzen bada, Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetzaren osasun-zentroetan eta Zuzenean Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan egin daiteke

Eusko Jaurlaritzak laguntzak eskaintzen ditu tratamendu medikoak egitea ziurtatzeko, Espainiako Gobernuak ezarritako koordainketa farmazeutikoaren aurrean, eta arrazoi ekonomikoengatik inork ez diola utziko agindutako botikak hartzeari bermatzeko. Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 27tik abenduaren 10era arte egongo da zabalik.

 

Eusko Jaurlaritzak sendagaien koordainketaren aurka une oro agertutako jarreraren barruan kokatzen dira laguntza horiek. Erabakiaren aurkako jarrera irmo horren ondorioz, Euskadi izan zen errenta baxuak dituzten pertsonentzako eta egoera zaurgarrian dauden taldeentzako (pentsiodunak, langabeak, egoera irregularrean dauden etorkinak…) konpentsazio-neurriak ezarri zituen Estatuko lehen erkidegoa, pertsona batek ere arrazoi ekonomikoengatik agindutako medikazioa hartzeari utz ez diezaion bermatzeko.

 

Apirilaren 27an hasiko den deialdia 2021eko ekitaldian 2021eko abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitartean eta 2022ko ekitaldian urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindako gastu-aldiari dagokiona izango da.

 

Bederatzigarren urtez jarraian emandako laguntza horiek hasi zirenetik, Eusko Jaurlaritzak 715.000 eskaera baino gehiago izapidetu ditu, 40 milioi eurotik gorako zenbatekoagatik. 2021ean, pandemiak eragindako urtean, Eusko Jaurlaritzak guztira 2.782.483 euro bideratu zituen 2020ko deialdiaren bigarren epeari eta 2021eko deialdiaren lehen epeari zegozkien laguntzen onuradunentzat. Gogoratu behar da 2021ean igo egin zela farmazian ordaintzetik salbuetsita geratzen diren kolektiboen kopurua.

 

Osasun Sailak gomendatzen du eskaera Internet bidez izapidetzea Eusko Jaurlaritzaren webguneko helbide hauetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0336318 eta  https://www.euskadi.eus/servicios/0336317.

 

Aurrez aurreko bidea aukeratuz gero, eskabideak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetzaren osasun-zentroetan eta Zuzenean Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira.

 

Adierazi behar da laguntzen ordainketa ez dela egingo eskabideak aurkezteko hurrenkeraren arabera.

 

Honako hauek izango dira laguntza horien onuradunak: Gizarte Segurantzako pentsiodunak eta horien onuradunak, baldin eta urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako Osasun Txartel Indibidualaren titularrak badira; legezko langabezia-egoeran dauden pertsonak eta horien onuradunak, urteko 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako Osasun Txartel Indibidualaren titularrak badira; laneko diru-sarrerak osatzeko errenta gisa diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako Osasun Txartel Indibidualaren titularrak diren pertsonak; eta Espainiako Estatuan egoiliar gisa erregistratuta edo baimenduta ez dauden atzerritarrak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskubide hori aitortzen diela egiaztatzen duen agiria badute.

 

Bi eskabide mota daude: sinplifikatua, batez ere Euskadiko farmazietan farmazia-gastuak egin dituzten OTI txarteldun pertsonentzat, eta arrunta, Euskaditik kanpoko farmazietan farmazia-gastuak egin dituzten OTI txarteldun pertsonentzat, baita MUFACEko, MUGEJUko eta ISFASeko mutualistentzat ere.

 

Eskatutako laguntzak bi epetan ordainduko dira (2022ko hirugarren hiruhilekoan eta 2023ko lehen hiruhilekoan); hala ere, eskabidea 2022ko ekainaren 10a baino beranduago aurkezten bada, ordainketa bakarra egingo da 2023ko lehen hiruhilekoan.