Ezagutzaren Unibertsalizazioari buruzko bigarren jardunaldiak antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Kontseiluak elkarlanean

Argitalpen-data: 

  •  Herritar euskaldunak lortzeko hiru bideak izango dira hizpide: hezkuntza, helduen euskalduntzea eta transmisio-sozializazioa
  • Azaroaren 10ean eta 11an Gasteizko San Prudencio Fundazioan egingo dira 
  • Doakoa da, eta azaroaren 7ra arte eman daiteke izena www.kontseilua.eus webgunean 

Gasteizko San Prudentzio fundazioan izango dira aurten Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak azaroaren 10 eta 11n antolatutako Ezagutzaren Unibertsalizazioari buruzko bigarren jardunaldiak, eta Jauzirako prest izena izango dute. Izan ere, antolatzaileen arabera, ezagutzaren unibertsalizazioan jauzia egiteko aukerak daude, eta beraz, jardunaldien bidez horri begirako bideak, aukerak, tresnak eta estrategiak izango dituzten hizpide. Jardunaldiak doakoak izango dira, baina derrigorrezkoa izango da izena ematea www.kontseilua.eus webgunean, azaroaren 7ra arte. Halaber, jardunaldiei buruzko informazio guztia bertan dago jasota.

Kanpoko ekarpenak

Euskal Herriko egoera eta esperientziak ardatzak izango badira ere, aurreko edizioetan bezala, oraingoan ere kanpoko bi aditu gonbidatu dira. Batetik, Flandriako Ann De Moor irakaslea, Flandrian hezkuntza-sistemak nederlanderaren berreskurapenari egindako ekarpenaz eta Bruselan hezkuntza-antolamenduaz hitz egiteko. Bestetik, Kataluniako Avel·lí Flors irakasleak gazteengan katalaneran erabilera areagotzeko dituzten erronka berriak partekatuko ditu.

Hezkuntza:hizkuntza proiektuak

Hezkuntzaren atalari dagokionez, jardunaldietako antolatzaileek argi dute etorkizunean hizkuntza-proiektuek berebiziko garrantzia hartuko dutela hezkuntza-sisteman. Horrexegatik, lehenik eta behin, hizkuntza-proiektu egokien inguruko markoa azalduko du HUHEZIko irakasle Karmele Perezek. Ondoren, Kontseiluak jorratutako Ikasle Euskaldun Eleaniztunak proposamenean oinarritutako hizkuntza-proiektuak aurkeztuko dituzte Donostiako Aitor ikastolako, Dimako Ugarana eskolako eta Iruñeko Iparralde DBHIko kide Julen Etxeberriak, Zefe Ziarrustak eta Fertxu Izquierdok. Azkenik, testuinguru berezietan euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko garatutako estrategiak azalduko dituzte Gasteizko Mariturri eskolako, Irungo Belaskoenea eskolako eta Lapuebla de Labarcako Assa ikastolako zuzendariek.

Transmisioa eta sozializazioa

Lehen jardunaldietako ondorioetako bat izan zen aisialdiari arreta handiagoa jartzeaz gain, haur eta gazteen gaitasunetan zein jarreretan eragin handia zuela. Horrela, aurten, aisialdi antolatuak hizkuntzaren gaitasunari eta jarrerari zein ekarpen egiten dien azalduko du HEZTEN erakundeko Maite Asensiok. Halaber, ingurune erdaldunetan sortutako euskarazko arnasguneen esperientziak partekatuko dituzte ipar Euskal Herriko UDA LEKUren eta Barakaldon garatutako IKUSIKA esperientzien bidez.

Transmisioaren esparruan, bi ekarpen izango dira. Batetik, Eusko Jaurlaritzak bideratutako udaletan familia bidezko Euskararen Transmisio politika sistematizatuak bultzatzeko proiektua, eta bigarrenik EBETE elkarteak jorratutako Ele-meleka (bigarren hezkuntzako nerabeen hizkuntza-sozializazioan laguntzeko proiektua).

Helduen euskalduntzea 

Ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko hirugarren bideari dagokionez, AEK eta IKAko ordezkariek lehen jardunaldietan hartutako konpromisoaren emaitzak partekatuko dituzte. Izan ere, lehen jardunaldietako ondorioa izan zehar euskara ikasteko beharra sustatzearen inguruko lanketa egitea, eta Euskalgintzaren Kontseiluaren baitan antolatutako gizarte- ekimeneko euskaltegiek lanketa egin eta proposamena garatu dute. Ondoren, HABEko teknikari Eskarne Lopetegik INGURA euskara online ikasteko ingurune digitalaren berri emango du.

Lankidetzarako espazioak 

Jardunaldietako antolatzaile Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak azpimarratu nahi izan dute bi erakundeen arteko lankidetza-markoan kokatu behar direla jardunaldiok. Biek ala biek beharrezkotzat jotzen dute ezagutzaren unibertsalizazioaren inguruko hausnarketa sustatzeaz gain, horra iristeko bideak elkarrekin arakatzea, bai eta orain arte garatutako dinamika eta estrategiak partekatzea ere. Hartara, Jauzirako prest jardunaldiek horretarako parada ezin hobea eskainiko dutela uste dute.