Euskotrenen geltoki berria inauguratu dute Hendaian

Hendaiako Aldagune Mutimodala (HAM-PEM) hirigintza-ekimenaren barruan dago. Ekimen hori EGEFek Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA) programaren bidez finantzatutako Europako proiektu baten barruan gauzatu da.

Euskotrenek Hendaian duen geltoki berria Europar Batasuna zeharkatzen duen korridore atlantikoaren “katebegi estrategiko” bihurtu da, Iñigo Urkullu lehendakariak Frantziako herri horretako Aldagune Multimodaleko Zentroaren inaugurazio ofizialean ziurtatu zuenez.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuarekin batera, lehendakariak Irundik Hendaiako Topoaren geltokirako bidea egin zuen, eta bertan, besteak beste, Alain Rousset Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko presidenteak eta Jean-Réné Etchegaray Iparraldeko Mankomunitateko presidenteak egin zioten harrera. Denek, Hendaiako Aldagune Mutimodala (HAM-PEM) hirigintza-proiektu berriaren aurkezpenean hartu zuten parte.

Hendaiako alkatea, SNFC Gares erakundeko zuzendari nagusia, Pirinio Atlantikoetako Departamentu Kontseiluko presidentea eta Pirinio Atlantikoetako prefeta ere bertan izan ziren.

HAM-PEM, SNCFren eta Euskotrenen bi tren geltokien ingurua berrurbanizatzeko asmo handiko plana da, eta Boulevard Génerál de Gaulle kaleari dagokion tartea ere barne hartzen du. EGEFek Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA) programaren bidez finantzatutako Europako proiektu baten parte gisa garatu da, mugaz gaindiko mugikortasuna garatzeko.

Hendaiako Euskotrenen geltoki berria da Aldagune Multimodaleko Zentroaren funtsezko piezetako bat. Euskotrenen terminal berria Euskal Trenbide Sareak (ETS) egin du, eta bere aurrekoaren azalera bikoiztu du: 84 m2-ko azalera zuen eta gaur egun 198 m2-koa da. Halaber, 1,9 metroko zabalerako alboko nasak lau metroko zabalera eta 91 metroko luzera duen erdiko nasari eman dio bidea. Trenbidea bikoizteak bigarren tren bat aparkatzeko eta maiztasuna handitzeko aukera ere ematen du.

Inaugurazioaren osteko hitzaldian, lehendakariak ziurtatu zuen Euskotrenen Hendaiako geltoki berria eraikitzea funtsezko urratsa izan dela mugaren bi aldeetako erakundeen arteko lankidetza-lan luzean, eta Transfermuga proiektua abian dela iragarri zuen, Donostia eta Irun/Hendaia artean hirugarren erreia ezartzeko ikuspegiarekin, zuzeneko trenek Baiona eta Donostia lotzeko aukera izan dezaten.