Eusko Legebiltzarrak enplegu publikoaren eredu propioa finkatzen duen Euskal Enplegu Publikoaren Legea onartu du

2022-12-01

  • Lege berriak euskal administrazio publikoetan lan egiten duten 100.000 langile baino gehiagoren jarduera arautzen du
  • Arauak enplegu publikoa antolatzeko eta profesionalizatzeko tresnak jasotzen ditu, besteak beste nola jardunaren ebaluazio sistema, karrera profesionalarekin zuzenean lotua
  • Enplegu publikoa antolatzeko eta profesionalizatzeko tresnak aurreikusten ditu, eta karrera profesionala bultzatzen du, ez baitu lanpostuan arreta jartzen, baizik eta pertsonan eta haren garapen profesionalean

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten 100.000 langile baino gehiagoren jarduera antolatu eta arautuko duen Euskal Enplegu Publikoaren Legea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Arauak garapen profesionalaren alderdi guztiak arautzen ditu, eta euskal enplegu publikoaren eredu propioa definitzen eta finkatzen du, eta azken 32 urteetan indarrean egon den Funtzio Publikoaren Legea eguneratzen du. Legea EAJ/PNV eta PSEren babesarekin eta PP-Cs alderdiaren abstentzioarekin onartu da.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendi arau berriari argi berdea eman zaion Legebiltzarreko osoko bilkuran izan da. Funtsezko legea da euskal administrazioentzat eta bertako enplegatu publikoentzat. Euskal enplegu publikoa, oro har, kudeatzeko tresnak antolatzea, araubide juridikoa zehaztea eta arautzea du helburu. Arlo publikoan lan egiten duten pertsonen alderdiak arautzen ditu, beren ibilbide profesionalari dagokionez, LEP batera aurkezten direnetik erretiroa hartu arte: enplegu publikoaren antolamendua eta egitura; ordainsari-sistemaren diseinua; enplegu publikoko organoen eta haien eskumenen erregulazioa; prestakuntza eta garapen profesionala; edo langileen karrera profesionala.

Lege honen bidez, euskal erakunde sareko enplegu publikoa gehiago koordinatu nahi da, eta, horretarako, organo berri bat sortu da: Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordea. Foro horretan ordezkatutako erakundeek esperientziak partekatu, irizpideak bateratu edo enplegatu publikoentzako politika komunak sustatu ahal izango dituzte. Nolanahi ere, arauak eremu bakoitzaren antolamendu autonomia errespetatzen du, nahiz eta lurzoru partekatu bat eskaintzen duen, eta, hortik abiatuta, administrazio bakoitzak bere antolaketa gaitasuna gara dezake.

Arauaren aplikazio eremuan, funtzionario publikoak ez ezik, euskal administrazio publikoen zerbitzura diharduten lan kontratuko langileak ere sartzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko, foru eta toki administrazioetako, EHUko administrazioko eta zerbitzuetako langileei eta euskal erakunde sareko elkarte instrumental eta aholku emaileei eragiten die.

Lege berriak zerbitzuaren kalitatean eta herritarrekiko harremanean jartzen du arreta, arlo publikoaren balioak indartzen ditu, zerbitzu publikoa defendatzen du, funtzio publikoa aintzatesten du eta une oro balioan jartzen du langile bakoitzaren lana,  lanpostuan baino pertsonarengan eta haren garapen profesionalean jartzen du arreta. Gainera, arauak gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna finkatzen du lan eremuan.

Euskarari dagokionez, legeak euskara lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza gisa bermatzeko neurriak aurreikusten ditu.