"Eusko Jaurlaritzaren zorraren heren bat jasangarria da", nabarmendu du Pedro Azpiazuk

2022-04-20

Eusko Jaurlaritzak Bonu Jasangarrien seigarren jaulkipena abiarazi du gaur, asteazkena, oraingoan 500 milioi euroko balioarekin, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak gaur goizean Onda Vascan egindako elkarrizketan aurreratu duenez. “Merkatuak zertxobait lasaitu arte itxaron dugu. Zor jasangarria jaulkitzeko baldintzak asko dira, baita zorrotzak ere. Jaulkipen honekin, Eusko Jaurlaritzaren zorraren heren bat jasangarria izango da”, nabarmendu du, eta, aldi berean, gogorarazi du “Eusko Jaurlaritzaren finantza-kaudimenaren balioztapena Estatukoa baino bi puntu handiagoa” dela, “eta horrek gure finantzen osasunaren sendotasuna eta kaudimena jartzen ditu agerian”.


Egungo egoerari aurre egiteko erabilgarri dauden baliabide ekonomikoei dagokienez, Azpiazuk argitu du Eusko Jaurlaritzak 13.000 milioi eurotik gorako aurrekontua duela oraintsu onartuta. Horrez gainera, eta nazioarteko ezohiko egoerari aurre egiteari dagokionez, sailburuak soberakinak balioetsi ditu, “eta ez dira era honetako ezohiko egoerei aurre egiteko bakarrik, etengabe erabiltzen dira”, azaldu du. “Iaz 250 milioi euroko ezohiko plan bat, behar handieneko eremuetarako 180 milioi euroko plan bat onartu ziren, aurten inbertsio estrategikoetarako 530 milioi euroko plan bat, Euskadi Next Planean jaso direnak, eta Ukrainako gerrari aurre egiteko 200 milioi euroko plan bat… Dena da posible soberakinei esker”, eta argitu du etorkizunera begira “aztertzen jarraituko dugu, eta laguntza gehiago behar badira, emango dira. Oso arduratsuak eta kirurgikoak izan behar dugu gastuan”.


Inflazioaren eraginari eskaini dio elkarrizketa honetan egin duen esku-hartzearen zati handi bat, eta “kontrolatzea oso zaila da”, zehaztu du. “Une hauetan, bi heren energiaren kostuari dagokio, hau da, koiunturala da. Analisten arabera, urte amaieran edo datorren urtearen hasieran inflazioa nabarmen zuzenduko da”, erantsi du.


Gai honi dagokionez, eta soldaten igoerari buruz, azpimarratu du “soldatak igo egin behar dira, baina ez inflazioaren mailan. Ez litzateke batere arduratsua izango”.


Fiskalitateari buruzko eztabaidari dagokionez, Azpiazuk 2018an egin zen erreforma ekarri du gogora, “horren eraginei buruz hausnarketa egin behar da”, adierazi du. “Gure beharrak zein diren eta horiei aurre egiteko zer baliabide behar diren ere aztertu behar dugu. Gure politika publikoak mantendu eta hobetu nahi baditugu, ezinezkoa iruditzen zait zergak jaistea. Gizarte kohesionatu bat mantendu nahi bada, baliabideak behar dira. Gure eredua ez da Madrilgoarekin alderagarria, eta ez dugu hala izatea nahi. Horregatik, berriro diot, gai honi buruz hausnarketa sakona egin behar da eta horren arabera jardun behar da”.