Eusko Jaurlaritzaren eta sektore publikoko erakundeen behin-behineko exekuzio bateratua % 97,8koa izan da 2021ean

2022-03-31

 Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuorde Hernando Lacallerekin eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendari Javier Losarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren eta sektore publikoko erakundeen 2021eko behin-behineko exekuzio bateratuaren berri eman du. Hain zuzen, % 97,8koa da exekuzioa. Iazkoa ezohiko urtea izan zen sarrera eta gastuei dagokienez. Horregatik, beharrezkotzat jo da emaitza horietan eragina izan duten gai guztien aurkezpen zehatza egitea.

 

Zehazki, Eusko Jaurlaritzan —% 95eko exekuzioa du—, sailen araberako exekuzioa % 90 ingurukoa edo hortik gorakoa izan da:

Lehendakaritza

% 77

Segurtasuna

% 95

Lana eta Enplegua

% 92

Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

% 94

Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena

% 82

Ekonomia eta Ogasuna

% 98

Hezkuntza

% 99

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak

% 84

Osasuna

% 100

Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak

% 91

Kultura eta Hizkuntza Politika

% 98

Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa

% 88

 

Datu horiek erakusten dute Gizarte Babeseko Euskal Ereduari dagozkion programak —hezkuntzan, osasunean, enpleguan eta gizarte-babesean oinarrituta— ia osorik gauzatu direla.

 

Sarrerei dagokienez, lurralde historikoen ekarpenak 10.830 M €-koak dira; Estatuko COVID funtsak 740 M €-koak; Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren sarrerak 344 M €-koak; eta gainerako sarrera ez-finantzarioak 650 M €-koak. Zifra horiekin, 2021eko behin-behineko superabita % 0,85ekoa da (605 M €). Eskuragarri dagoen diruzaintzako gerakina 1.877 M €-koa da, eragindako gerakina —sektore publikoko beste erakunde batzuei dagokiena— eta kobrantza zalantzagarriko eskubideak kenduta.

Berriro ere, kaudimen ekonomiko eta kontu publiko onbideratu eta sendoekin aurre egin dio Eusko Jaurlaritzak testuinguru ekonomiko zaileko garai bati. Bestalde, 2021eko abenduaren 31n zor bizia 11.172 M €-koa izan zen —2020ko zorra 400 M € ingurutan gainditu zuen—, eta ordaintzeko batez besteko epea, berriz, 17,33 egunekoa da.

Inbertsio publikoaren aldeko apustua

Jaurlaritzak inbertsio publikoaren aldeko apustu sendoa jarri zuen abian iaz, susperraldi eta eraldaketa ekonomikoaren eragile gisa, eta apustu horrek 2022ko aurrekontuetan jarraipena du, Europak aurrekontu-egonkortasunaren arauak aldi baterako eten izana baliatuz. Hala, aurrekontuetako “inbertsio”-kapitulu nagusienekin batera, martxoan lehentasunez jarduteko eremuetan —LJE— jarduteko programa onartu zen, 180 M €-ko balioaz, eta irailean, berriz, aparteko inbertsio-programa, 250 M €-ko balioaz.

EAEko aurrekontuko “inbertsio”-kapituluei dagokienez (6, 7 eta 8), hiruren batez besteko exekuzioa % 83koa da. 1.300M€-tik 1.077M€ exekutatu dira. 2021ean exekutatu ez ziren partidak 2022ko aurrekontuan gehitu dira, sailek planteatutako proiektuekin jarraitzeko amoz.

Bestalde, eskualde behartsuak —LJE— suspertzeko programaren barruan, 2021ari 62 M € inguruko zenbatekoa zegokion, eta horietatik % 96,6 exekutatu dira. Datu horrek, zalantzarik gabe, bultzada bat dakar plan horretan jasotako proiektuentzat, Ezkerraldean, Enkarterrin, Oarsoaldean eta Aiaraldean zuzeneko eragina baitute. Aurreko kasuan bezala, exekutatu gabeko kredituak 2022ko aurrekontura gehituko dira.

2021ean garatutako beste jarduketa bat irailean Inbertsioen Ezohiko Plana onartzea izan zen, 250 M €-ko balioaz. Zenbateko horretatik, 2021ean 170 M € egotzi ziren. Horietatik, % 82 exekutatu dira. Plan honetan exekutatu ez diren kredituak —Data Center, itunpeko hezkuntzaren digitalizazioa, eduki digitalak eta lurzoruaren erosketa Zorrotzaurren— txertatu egin dira, eta horietako batzuk dagoeneko exekutatu dira 2022an.

Covid 2021 programa

2021eko aurrekontuan eragina izan duen beste elementuetako bat Covid programa da. Programa horren gastua 740 M € ingurukoa izan zen iaz (2020an 664 M €-koa izan zen). COVID programaren zenbatekoa, bi ekitaldiak batuta, 1.404 M €-koa da. Hala, partidarik handiena Osakidetzari dagokio, 335 M €-rekin —horietatik 175 M € langile-gastuak dira—; ondoren, Hezkuntza dator, 127,7 M €-rekin —74 M € zentro publikoetako langile-gastuetarako—.

Zalantzarik gabe, pandemiak ukitutako sektoreentzako laguntzek eragin handia izan zuten aurrekontuan iaz:

  • Autonomo eta enpresentzako zuzeneko laguntzak: 95 M € (5/2021 Legegintzako Errege Dekretuko laguntza-lerroa).
  • Turismoaren, merkataritzaren eta kontsumoaren sektoreko enpresentzako laguntza: 62 M € (2020an baino 22 milioi gehiago).
  • Kulturaren sektorearentzako laguntza: 14,2 M €.
  • Beste sektore batzuentzako laguntza: 32 M €.

Pertsonei eta etxeei 31 M €-ko gizarte-laguntzak eman zitzaizkien (Covid programaren esparruan), garraioen finantzaketara (BGP, ETS eta Eusko Trenbideak) 15 M € bideratu ziren, eta gainerako gastu arruntetara 25,6 M €.