Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Orkestrak hitzarmena sinatu dute Kultura eta Sormen Industrien dimentsio ekonomikoan eta lehiakortasunean sakontzeko

Argitalpen-data: 

IREKIA_2.jpeg
  • Bi erakundeek lankidetza hitzarmena sinatu dute Kultura eta Sormen Industrien lehiakortasunari buruzko ikerketa bultzatzeko eta sektorea sendotzeko, jarduera ekonomikoa eta aberastasuna sortzen duela jakinik.
  • Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, eta Orkestrako zuzendari nagusiak, Mari Jose Arangurenek, elkarlan honen lehen emaitzak aurkeztu dituzte gaur Bilbon.
  • Osasun krisiaren aurretik, Kultura eta Sormen Industriek Euskal Autonomia Erkidegoan 33.983 lanpostu zituzten, hau da, lanpostu guztien % 3,84.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustu Fundazioa) lankidetza hitzarmena sinatu dute legealdi osorako, Kultura eta Sormen Industrien inguruko ikerketa bultzatzeko. Sektore horrek garrantzi handia du ekonomiaren sustapenean, enplegu sorreran eta berrikuntzan.

Hitzarmena Bilbon aurkeztu dute gaur Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, eta Orkestrako zuzendari nagusiak, Mari Jose Arangurenek. Bi erakundeek oinarrizko hiru ardatzen inguruan lan egitea adostu dute: Euskal Autonomia Erkidegoko kultur jardueraren dimentsio ekonomikoan eta kuantifikazioan sakontzea eta hura garatzeko politikak ezartzen laguntzea, kultur jarduerek euskal ekonomiaren hiru trantsizio handien aurrean duten posizionamendua definitzea, eta kultur jardueraren dimentsio ekonomikoaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen arteko harremanak aztertzea.

Kultura eta Sormen Industriak hazkunde handiko sektorea dira. Horrela adierazi du Europako Batzordeak, beste industria batzuetan eragin positiboa dutelako eta berrikuntza eta lehiakortasuna katalizatu dezaketelako. Azken urteetan, estatistika ugarik erakutsi du sektorearen gero eta garrantzi handiagoa eta ekonomiaren garapenean eta hirien biziberritzean duen eragina.

Abiapuntua positiboa bada ere, Eusko Jaurlaritzak badaki sektoreak erronka handiak dituela aurrean, besteak beste, sektoreko enpresen tamaina txikia delako, aktibo ukiezinak dituelako edo ikusgarritasuna falta duelako. Horregatik, Zupiriak azpimarratu du beharrezkoa dela Kultura eta Sormen Industrien inguruan ikertzea, “Euskadiko gainerako sektore ekonomikoekin parekatzeko eta ikuspegi estrategiko integrala garatzeko, gure lurraldearen lehiakortasuna bultzatu ahal izateko”.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, aurkeztutako azterlanek “aukera emango dute, lehenik eta behin, Kultura- eta Sormen-Industria publikoen esparruan sartzen ditugun jarduerak sailkatzeko irizpide argiak izateko, bigarrenik Euskadiko edo beste eremu batzuetako beste jarduera ekonomiko batzuekin alderatzeko datuak izateko, eta baita euskal administrazio publikoetatik sustatzen ditugun politika publikoak hobeto zehazteko ere”.

Mari Jose Arangurenen hitzetan, Orkestra pertsonen ongizatea helburu duen lehiakortasun eredu bat bultzatu nahian dabil eta eredu horretan, lurraldeko eragile guztiek norabide berean lan egin beharko dute, hiru trantsizioek ekarriko dizkiguten aukera berriak aprobetxatu ahal izateko. “Kultura eta Sormen Industriek zeharkako zeregina izan dezakete gizartea eredu jasangarri eta inklusibo baterantz eramateko; horrenbestez, industria horiek trantsizio handietan egin dezaketen ekarpenaren inguruan ikertzea bat dator gure xedearekin”, adierazi du.

Dimentsio ekonomikoaz gainera, bi entitateek uste dute kultura pertsonen eta gizarte osoaren identitatea eraikitzeko elementu garrantzitsua dela. Enplegua eta aberastasuna sortzen duen jarduera izateaz gainera, bi erakundeek kulturak gizartean integratzeko duen balioa azpimarratu nahi dute. Horrenbestez, aurrera eraman nahi diren kultur politikek Euskadirako lortu nahi den hazkunde inklusibo, adimendun eta jasangarriari lagundu behar diote, eta gaur aurkeztu diren ikerketak konpromiso horren erakusle argia dira.

Lankidetzaren lehen emaitzak

Lankidetza honen lehen emaitzak argitalpen bilduma bat da, edonoren eskura dagoena, Kulturaren Euskal Behatokiaren webgunean: Kultura eta Sormen Industrien posizionamenduari buruzko azterlanak.

Lehen txostenak, “Kultura eta Sormen Industrien perimetroak Euskadin”, Euskadiko Kultura eta Sormen industrien perimetroa argitzea du helburu, sektorea mugatzea oinarrizkoa baita etorkizuneko ikerketak egiteko. Mugatze horrek laguntzen du Kultura eta Sormen Industriak sustatu eta garatzeko politikei ikuspegi praktikoa ematen, modurik egokienean ezarri ahal izateko.

Abiapuntua hori izanik, bigarren txostenak sektorearen dimentsio ekonomikoa du aztergai. Egindako azterketaren arabera, 2019. urtean Euskadiko Kultura eta Sormen Industrien sektorea guztira 16.886 enpresak osatzen zuten eta 33.983 lanpostu zituztena, hau da, enplegu osoaren % 3,84. Zehazki, sormen industriek 9.737 enpresa eta 13.433 enplegu sortzen zituzten eta kultura industriek, 7.149 enpresa eta 20.550 enplegu. Txostenari esker, kultura eta sormen produktu eta zerbitzuen eskaintza eta eskaria ulertu ahal izan dugu, baita horiek turrustan sortzen duten jarduera ekonomikoa ere. Gainera, balio kate berekoak izan gabe, jardueren artean arazo homogeneoak identifikatu ahal izan dira.

Orain arte argitaratu dugun azken txostenak pandemiak kultura eta sormen industrietan izan duen eragina du aztergai, kontuan hartuta sektore honetan murrizketek berehala eragin zutela eta jarduera ekonomikoa normaltasunez berreskuratzen azkenetako bat izan dela. Azterlanak erakusten digu EAEko Kultura eta Sormen Industriek 243 enpresa galdu zituztela 2020an, beraz, % 1,45eko jaitsiera izan zen enpresa kopuruan. Sormen jarduerek jaitsiera handiagoa izan zuten, % 2,11; eta kultura jarduerek, txikixeagoa, % 0’56. Kultura eta Sormen Industriaren enpleguaren bilakaerari dagokionez, 2020an guztira 563 enplegu galdu ziren, % 1,66ko jaitsiera, hain zuzen ere.

Sektorearen fakturazioari begiratzen badiogu eta 2020ko datuak 2019koekin alderatuta, kultura eta sormen jarduerek ia - % 22ko jaitsiera izan zuten kultura sektorean eta - % 25koa, sormen jardueretan. Datu horiek partzialak eta orientatiboak dira, enpresa txikietako datuak ez daudelako eskura, baina ukaezina da sektorean eragin handia izan duela pandemiak ekarri duen krisiak.