Eusko Jaurlaritzak1.153.000 €-ko diru-laguntza lerro bat deitu du EEMaren kontura, zinema-emaladietarako azpiegiturak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko

Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa- eta sormen-ehunaren lehiakortasuna eta erresilientzia hobetzeko helburu nagusiarekin, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru-laguntzen oinarriak eta deialdia ezarri ditu Euskadiko zinema-aretoen berrikuntza-, digitalizazio- eta iraunkortasun-proiektuak finantzatzeko, publikoa sortu eta fidelizatzeko, eta ikus-entzunezko kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko.

COVID-19ak eragindako pandemiak plataforma digitalen bidez ikus-entzunezko kontsumoaren hazkunde nabarmena eragin du. Gainera, itxieren eraginak, edukiera-mugek eta zinema-aretoetako estreinaldi garrantzitsuen atzerapenak sektoreko enpresak ahuldu ditu. Onartutako diru-laguntzen helburua publikoa aretoetara itzultzea eta ikus-entzunezko kontsumoaren esperientziaren ikuspegi berriak txertatzea da, baita errealitate berriei aurre egitea ere.

Martxoaren 5etik aurrera, diru-laguntzen deialdia zabalik egongo da Euskal Autonomia Erkidegoan dauden zinema-aretoen edo zinema-konplexuen ustiapenaren titular diren pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztientzat, bai eta horien elkarteentzat ere.

Zinema-aretoek jendearentzat irekita egon beharko dute onartutako deialdia argitaratu baino sei hilabete lehenagotik gutxienez, leihatila-sistema batekin eta diru-sarreren aitorpenarekin, eta, horrez gain, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Enpresa Zinematografikoen Administrazio Erregistroan inskribatuta egon beharko dute.

Emandako diru-laguntzak deialdiaren lau ardatz egituratzaileetako batera edo batzuetara bideratu beharko dira: aretoen jarduerari teknologia berriak digitalizatu eta aplikatzea; garapen jasangarriko eta ingurumen-inpaktu positiboko neurriak hartzea; publikoak leialtzeko eta gaitzeko sistemak ezartzea; Europako ekoizpenen eta hizkuntza ofizialen programazioan eta zirkulazioan berrikuntza-sistemak ezartzea.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Adimen Artifiziala eta Big Data aplikazioarekin lotutakoak, instalazioen eraginkortasun energetikoa handitzeko inbertsioak edo ticketing sistemen eguneratzea eta modernizazioa.

Diru-laguntza horien gehieneko zenbatekoa 24.000 euro izango da pantaila bakarra duten aretoetarako eta 160.000 euro 15 pantaila edo gehiago dituzten aretoetarako. Diruz lagun daitezkeen gastuen % 80ra arteko ekarpena egingo du.

Informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2022/03/2201065e.shtml