Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko Protokolo Orokorraren 2022ko jarduerak adostu dituzte

Argitalpen-data: 

HIRUKO_ITUNA.jpg
  • Hiru erakunde publikoek euskararen sustatzeari buruzko Lankidetza Protokolo Orokorra berritu zuten iaz 2021-2025 epealdirako eta, horren baitan, orain 2022ko Eranskina sinatu dute.

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko Lankidetza Protokolo Orokorraren 2022 urteko Eranskina sinatu dute eta, horren bidez, hizkuntza politikaren gai jakin batzuetan elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berritu dute. 2022ko Eranskinean hiru erakundeek elkarrekin jorratuko dituzten lan arloak zehazten dira: hezkuntza eta helduen euskalduntzea, euskararen erabilpena sustatzea, euskararen aldeko gogoeta eta sustapena, ikerketa soziolinguistikoak eta lankidetza Europako markoan.

Hezkuntzari dagokionez, ikasketak euskaraz jarraitu nahi dituzten Iparraldeko ikasleentzat EAEko eta Nafarroako unibertsitateetako eta goi mailako eskoletako sarbide aukerak eta moduak errazteko lanetan jarraitzea adostu dute erakundeek.

Helduen euskalduntzean, berriz, arreta berezia eskaini nahi zaio irakasleen berariazko prestakuntzari eta, horretarako, hiru erakundeetako bakoitzak antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzeko aukera eskainiko zaie beste erakundeetako profesionalei. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren HABE Liburutegia Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoan zein Euskararen Nafar Institutua - Euskarabidean diharduten teknikarien eskuragai jarriko da.

Hizkuntza gaitasunaren egiaztapenari lotuta, Eusko Jaurlaritzak baliokidetasun-dekretu bat argitaratuko du 2022an, Euskararen Erakunde Publikoak eta Nafarroako Gobernuak emandako euskararen ziurtagirien aitortza orokortzeko. Eta horrekin batera, ikasprozesuen ebaluazio zein egiaztatzegintzarako irizpideak, tresnak, garaiak eta jarraibideak egoki egituratu eta uztartzen hasiko dira hiru erakundeak, irakasleen eta egiaztagintzan diharduten adituen arteko lan-eremu bateratuak antolatuz.

Euskararen erabilpena sustatzeko bost lan arlo aurreikusten dira 2022rako: mugaz gaindiko egonaldiak, kirola, ingurune digitala, arlo sozioekonomikoa eta hedabideak. Horien artean, bereziki aipagarria da arlo digitalari ematen zaion garrantzia, hiru lan esparru zehaztu baitira: hizkuntza teknologiaren zein ingurune digitalaren esparruan sustatzen ari diren egitasmoak partekatzea (itzultzaile neuronala, Itzuli +…), Interneten euskarak duen presentziaren garapenaren lanketa, bereziki wikipediaren bidez, eta haur eta gaztetxoekin jarduera saio digital baten proiektu esperimental bat egiteko aukera aztertzea.

Arlo sozioekonomikoan merkataritza eta zerbitzu pribatuetan euskara erabiltzeko aukera ikusarazteko eratuko den marka berriari dagozkion informazioen partekatzea eta metodologien azterketa landuko dira.

Hedabideen lan jardunari dagokionez, hiru lurraldeetan euskarazko hedabideak sustatzeko dauden praktikak eta estrategiak partekatzea adostu da, bai eta euskal komunikabideen audientzia neurketa komunen egingarritasuna aztertzea ere.

Euskararen aldeko gogoeta eta sustapena 2022ko Euskaraldian eta familia transmisioan egin nahi den lan partekatuan oinarrituko da, eta gogoeta egiteko guneak sortuko dira.

Ikerketa soziolinguistikoaren alorrean, arreta berezia emango zaio 2021ean egindako VII. Inkesta soziolinguistikoaren emaitzen azterketari, datuen esplotazioari eta emaitzen hedapenari.

Eta, azkenik, 2022rako hiru partaideek adostu dute, aukeren arabera, proiektuak aurkezten jarraitzea europar finantzaketetan eta elkarrekin lan egitea hizkuntza politika integratzeko POCTEFAren etorkizuneko programa operatiboetan.

Lankidetza euskara sustatzeko

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza 2017ko uztailaren 3an sinatu zen lehenengo aldiz, euskararen sustapenari buruzko alderdi jakin batzuetan mugaz gaindiko lankidetza garatzeko.

2017-2021 urteetako indarraldia izan zuen lehen Lankidetza Hitzarmen Espezifikoa iraungirik, lankidetza 2021-2025 epealdirako berritu zen, 2021eko urriaren 22an, Baionan egindako sinatze ekitaldian.

Lankidetza Protokolo Orokor horri esker, hiru erakundeen artean euskararen sustapenari buruzko alderdi jakin batzuetan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berrestea eta erakunde mailako harreman iraunkorrak egonkortzea eta garatzen jarraitzea da asmoa, herri-erakunde bakoitzaren erabaki-autonomia eta funtzionamendu-arauak errespetatuz.