- Zaintza martxoaren 28tik apirilaren 3ra, maiatzaren 23tik 29ra eta ekainaren 6tik 12ra areagotuko da.
- Gidatzen den bitartean mugikorra eskuan eramateak gidabaimeneko sei puntu galtzea ekarriko du, Trafikoko Lege berriaren arabera
Ertzaintzak, Euskadiko udaltzaingoekin elkarlanean, indartu egingo ditu gidatzean arreta galtzea eragozteko kontrolak; kanpaina berriak martxoaren 28tik apirilaren 3ra hasiko dira. Gainera, eta helburu nagusia istripuen nahiz hildakoen edo zauritu larrien kopurua murriztea denez, kontrol horiek maiatzaren 23tik 29ra eta ekainaren 6tik 12ra ere indartuko dira.
Arreta galtzearen arrazoi nagusiak, eta arriskutsuenak, telefono mugikorrekin du zerikusia. Sonia Díaz de Corcuera trafiko zuzendariaren arabera: “Gidatzen den bitartean mugikorra erabiltzeak istripu larriak eragin ditzake. Horregatik gogortu dira era horretako arreta-galtzeengatik jarriko diren isunak. Gidatzen ari garen bitartean telefonoa eskuan eramateak, mugimenduan egon edo ez egon, 6 puntu galtzea ekarriko du. Baita ibilgailua semaforo batean edo auto-ilara batean geldi badago ere, zirkulatzen ari dela ulertuko baita. Ezinbestekoa da errepidean bost zentzuak erne izanda gidatzea, dena alda baitaiteke instant batean”.
Betalde, Trafikoko Lege berriak ezartzen du zirkulatzen ari garenean telefono mugikorra manipulatzeak, dispositiboa euskarri batean edo antzeko zerbaitetan badago, hau da, eskuarekin ukitzen ez bada ere, hiru puntu kentzea ekarriko duela. Debekatuta dago gidatzen den bitartean entzungailuak soinu-irakurgailuetara konektatuta izatea, radar-detektagailuak aktibatuta izatea edo Internet, TB, bideo edo DVD hargailuak manipulatzea. Arau-hauste horiek 200 euroko isuna eta gidabaimeneko hiru puntu galtzea ekarriko dute.
Eusko Jaurlaritzatik gomendatzen dute mugikorrean “auto modua” edo “hegazkin modua” aktibatzea, eta ibilgailua aparkatuta dagoela bakarrik erabiltzea. Bestalde, komenigarria da irratia edo musika zuzenean bolantetik manipulatzea, eta GPSn ibilbidea autoa abian jarri aurretik programatzea, inoiz ez bidaian zehar.
Arreta-galtzeen ondorioz sarrien gertatzen diren istripuak errepidetik ateratzea, aurrez aurreko talkak, aurreko autoa jotzea edo norbait harrapatzea dira. Hori guztia saihesteko egiten dira era honetako kanpainak, eta trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatutako 46 kanpainen egutegiaren barruan egiten dira.