Eusko Jaurlaritzak, gaur gauerditik aurrera, berriz ere murrizketak eta debekuak aktibatuko ditu batez ere Euskadiko Kantauri isurialdeko barnealdeko eta kostaldeko landa-ingurunean eta ingurune ez-urbanizagarrian

Coordinacion_SOS_DEIAK__1_.JPG

2022-10-26

  • Neurri hori hartu du basoko sute-arrisku handia dagoelako tenperatura altuen, lehortearen eta espero diren haize-bolada zakarren ondorioz
  • Murrizketak ez betetzea arau-hauste “larritzat” edo “oso larritzat” jo daiteke, eta, besteak beste, 1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunekin zigor daiteke
  • Neurria indarrean egongo da Eusko Jaurlaritzak basoko sute-arriskuagatik alerta laranja aktibatuta duen bitartean

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak gaur gauerditik aurrera Euskadiko Kantauri isurialdeko barnealdean eta kostaldean murrizketak eta debekuak aktibatzeko ebazpena eman du. Neurriak hartu dira ahalik eta gehien mugatzeko arrisku larria eragin dezaketen erabilera eta jarduketa jakin batzuk, batez ere kostaldeko eta Kantauri isurialdeko barnealdeko (Gipuzkoa, Bizkaiko eta Aiarako kuadrilla/Araba) landa-ingurunean edo ingurune ez-urbanizagarrian.

Eusko Jaurlaritzak erabaki hori hartu du basoko sute-arrisku handia dagoelako tenperatura altuen, lehortearen eta espero diren haize-bolada zakarren ondorioz.

Murrizketa eta debeku guztiak aktibo egongo dira Euskalmetek ezarritako alerta laranja mantentzen den bitartean, Basoko Suteetarako Larrialdietako Plan Berezia aktibatuta dagoen bitartean eta Segurtasuneko sailburuordeak beste ebazpen bat eman arte, eta uste da igandean emango duela, egoera meteorologikoaren bilakaeraren arabera.

Debekuak eta murrizketak

Larrialdi-egoera hori indarrean dagoen bitartean, honako murrizketak eta debekuak ezarriko dira osteguneko, urriaren 27ko, 00:00etatik landa-ingurunean edo ingurune ez-urbanizagarrian.

  • Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola nekazaritza- eta baso-eremuetan deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
  • Su artifizialak, petardoak eta pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea, hori guztia baita hiri-lurzoruan ere eta zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore-sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.
  • Bertan behera geratuko dira uztondoak, larre iraunkorrak, inausketako adarrak eta basoko hondarrak erretzeko emandako baimen guztiak.
  • Debekatuta egongo da erretzen ari diren objektuak edo sutea eragin dezakeen edozein eratako materialak botatzea edo abandonatzea.

Arau-hausteak

Gaur hartutako erabakiaren arabera, gaurtik aurrera ezarriko diren murrizketak eta debekuak ez betetzea arau-hauste “larritzat” edo “oso larritzat” jo daiteke, eta ezarri ahal izango diren zigorren artean, 1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunak daude, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen (apirilaren 27ko 1/2017 LD) 69, 70 eta 73 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.