Eusko Jaurlaritzak Euskadi Bonu Jasangarriaren seigarren jaulkipena abiarazi du 500 milioi euroko balioarekin, eta eskaera hiru aldiz handiagoa da

2022-04-20

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Bonu Jasangarriaren seigarren jaulkipena abiarazi du gaur, hamaika urterako 500 milioi euroko balioarekin. Eskaerak hirukoiztu egin du eskaintza –1.453 milioi euroko balioa duten eskaerak jaso dira–, eta jaulkipen honetan parte hartu duten finantza-erakundeak Norbolsa, Santander, Caixabank, HSBC eta Crédit Agricole dira.

Eragiketa honek inbertsiogileen babes sendoa erakusten du, 11 urterako % 1,875eko kupo finkoarekin. Jaurlaritzak kanpoko merkatuan kokatzeko egindako apustuarekin jarraituz, % 69 nazioarteko inbertsiotan ezarri da –Alemania da lehen herrialde inbertitzailea, eta jarraian Frantzia, Holanda, Austria eta Britainia Handia–, % 16 inbertsiogile nazionaletan eta % 15 Euskadiko inbertsiogiletan. Modu horretara, Eusko Jaurlaritzak bonu iraunkorren merkatuaren garapenean zeregin garrantzitsua betetzeko asmo sendoarekin jarraitzen du, bai eta finantzaketa arduratsua eta eraginkorra sustatzeko asmoarekin ere, Euskadiko ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-erronkei aurre egiteko.

Pedro Azpiazu sailburuak espero du 2023an beste merkatu batzuk, batez ere Asiakoa, sartzeko aukera aztertu ahal izatea; izan ere, “azken lau urteotako esperientziak jasangarritasunaren bermatzaile gisa abalatzen gaitu”, esan du.

Bonuen jaulkipen hau 2018an hasitako prozesuko seigarrena da. Une hartan Eusko Jaurlaritza izan zen zor jasangarria, 500 euroko balioa zuena, jaulki zuen lehen euskal erakundea.  Horretarako, Ekonomia eta Ogasun Sailak road show bat egin zuen Europako hainbat herrialdetan, eta, horri esker, 13 herrialderen eskaerak hirukoiztu egin zuen eskaintza, eta nazioarteko inbertsiogileetan % 65 ezarri zen.

2019an Bonu Jasangarriaren jaulkipena 100 milioi handitu zen, eta 600 milioi euro ezarri ziren, kasu hartan eskaera eskaintza baino lau aldiz handiagoa izanik. 2020ko martxoan 500 milioiko jaulkipena egin zen, eta eskaera eskaintza baino zazpi aldiz handiagoa izan zen. Apirilean 59 milioiko jaulkipen jasangarri pribatua egin zen, eta iazko azaroan Euskadiko Bonu Jasangarriaren laugarren jaulkipena egin zen. Berriz ere eskaerak hirukoiztu egin zuen 600 milioi euroko eskaintza, eta 16 herrialdetako 120 inbertsiogile sartu ziren.

Horrela, oraingoa 2018tik egiten den Euskadiko Bonu Jasangarriaren seigarren jaulkipena da, eta guztira 3.700 milioi euro jaulki dira ordutik. Iaz, bosgarren jaulkipena 1.000 milioi euroan kuantifikatu zen, eta merkatuan zen eragiketarik handiena izan zen. Horrekin Eusko Jaurlaritzaren finantza-egoera sendoa indartzea eta baliabideak bermatzea ahalbidetu zen, Covid-19ak sortutako aparteko egoerari aurre egiteko.

Pedro Azpiazu sailburuaren ustez, “bonu jasangarriak Eusko Jaurlaritzaren zorra finantzatzeko tresnarik egokiena dira”, eta gogorarazi du kalifikazio-agentziek Euskadiri ematen dioten ratinga Estatukoaren bi puntu gainetik dagoela (baimendutako gehieneko aldea). “Horrek adierazten du agentzia horiek oso positiboki baloratzen dutela gure finantza-kaudimena, egoera ekonomikoa eta zorpetze-maila onargarria zorrotz aztertu ondoren”, erantsi du.