Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Futbol Federazioak bultzatuta, euskaraz eskainiko dira futbol entrenatzaile ikastaroak

Argitalpen-data: 

  • Reale Arenan Gipuzkoako futbol klubekin jardunaldia egin da, eta bertan aurkeztu dira ikastaroak
  • Entrenatzaileen UEFA B eta UEFA C ikastaroak lehenengoz emango dira hizkuntza gutxitu batean

 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Gipuzkoako Futbol Federazioak bi erakundeen arteko elkarlana aurkeztu dute gaur arratsaldean Reale Arenan egin den jardunaldian. Lankidetza honi esker, futbol entrenatzaile izateko UEFA ikastaroak lehenengoz eskainiko dira hizkuntza gutxitu batean, eta euskara da hizkuntza hori. 

Eusko Jaurlaritzak 2021eko uztailean jarri zuen martxan Kirolean Euskara Sustatzeko Plana 2021-2024. Egitasmo honen oinarri nagusietako bat trebakuntza euskaraz sustatzea da. Talde-kiroletan erreferente diren entrenatzaile eta epaileak euskaraz trebatuko direla jasotzen du egitasmoak; horrela, gazteen euskararen erabilera modu naturalean handitzea da asmoa. Lehentasuna oinarrizko mailetan jarri da, kategoria baxuenetan aritzen diren entrenatzaile eta epaileak baitira hizkuntza-ohituretan eragiteko aukera gehien dutenak. 

Planaren diagnostikoak argi adierazten du futbola dela nagusi 8 eta 18 urte bitarteko gaztetxo eta gazte kirolarien artean. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren enkarguz Gipuzkoako futbol klubetan Aztikerrek 2019an egindako azterketaren arabera, adin tarte horretako gazteen hamarretik bost ari da futbolean. Hori dela eta, Kirolean Euskara Sustatzeko Planaren baitan lehentasuna eman zaio 18 urte bitarteko futbol federatuan euskara sustatzeari. Planak, baina, izaera integrala du, ez da jokalarien jardunera mugatzen. Izan ere, adituen ustetan gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko behar-beharrezkoa da entrenatzaileengan eta epaileengan ere eragitea. Gipuzkoako futbol federazioak ere, gaztetxo eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko asmo sendoa du: hori dela eta, 2021etik lankidetzan ari dira bi erakundeak.

Bingen Zupiria sailburuak jardunaldian azaldu duenez, “kirola, kasu honetan futbola, gure gazteen sozializazio-eremu funtsezkoenetariko bat da. Eskolaz kanpoko jarduera nagusia da, eta horrek estrategiko bilakatzen du euskarazko erabilera ohiturak finkatzeko bidean”.

Prestakuntza euskaraz 

Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Futbol Federazioaren arteko lankidetzari esker, euskaraz eskainiko dira entrenatzaileen UEFA B eta UEFA C ikastaroak. Horrela, Europako futbolaren erakunde nagusiak homologatutako ikastaroak lehenengoz emango dira hizkuntza gutxitu batean. 

Badaude bi erakundeen artean lankidetzarako bestelako eremu batzuk ere:

  • Entrenatzaileei zuzendutako hizkuntza-estrategien gaineko ikastaroa jarri da Federazioaren eskura, eta dagoeneko jaso dute formazio hori entrenatzaile-eskolako Hemendik aurrera, UEFA B eta UEFA C ikastaroetako ikasleen lehen ikasgaia izango da hizkuntza-estrategien gaineko ikastaroa. Horrez gain, dagoeneko entrenatzaile titulua dutenei ere eskainiko zaie modulua. Lorpen handia da hori, hemendik aurrera Gipuzkoako futbol entrenatzaileei jokalari gazteekin euskaraz aritzeko eta eusle lana egiteko tresnak emango zaizkielako.
  • Epaileekin lan bera egite aldera, arian-arian futbol-epaileei zuzendutako hizkuntza-estrategiei buruzko prestakuntza berezitua ere eskaini nahi da.
  • Federazioaren baitako lurraldeko kirol-eskoletan hizkuntza-baloreak txertatzen hasteko konpromiso irmoa hartu da, beste balore batzuekin egin ohi den bezala: berdintasuna, taldetasuna, lehiarik eza, etab.
  • Behe-mailetako lehiaketen partidetan epaile euskaldunak programatzen hasteko asmoa dago.
  • Euskara balorean jarriko duen lurralde mailako txapelketa antolatzeko asmoa ere badago, zeinetan parte hartuko baitute denboraldi horretan euskararen aldeko urratsak eman dituzten Gipuzkoako klubek.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Gipuzkoako Futbol Federazioaren arteko akordioa 2025-2026 denboraldiaren bukaerara arte egongo da indarrean.

Jardunaldia

Futbolean euskara sustatzea helburu duen lankidetza honen berri emateko jardunaldia antolatu da gaur Reale Arenako auditorioan. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Manu Diaz Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak eman diete hasiera jardunaldiari. Ondoren, Ekhi Zubiria, Josu Zubia eta Estiñe Astorkia adituek Gipuzkoako Futbol kluben egoeraren azterketa, UEFA ikastaroak eta hizkuntza estrategien modulua azaldu dituzte, hurrenez hurren. Jardunaldia bukatzeko, “Euskara kirolean nola txertatu?” izenburupean mahai-ingurua egin dute Beñat Larrañaga Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteordeak, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak  eta Aritz Olagoi KEES metodologiaren sortzaileak.