Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak datorren asteazkenean eramango dute IMVren transferentzia batzorde teknikora

Garamendi Sailburua, gaur Legebiltzarrean

2022-02-11

  • Garamendi Sailburuak espero du aldebiko foro hori baliagarria izatea adosteke dauden eskualdatzearen alderdiak leuntzeko
  • Legebiltzarrean emandako erantzun batean, eskualdaketa indarraldi jakinik gabe egingo dela azpimarratu du

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak datorren asteazkenean Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (IMV) transferentzia jorratuko duen batzorde teknikoa deitzea erabaki dute. Aldebiko foro horretan, aldeek eskualdaketari buruzko desberdintasun teknikoak aztertu eta eztabaidatuko dituzte, behin betiko akordioa ixten saiatzeko, eta transferentziaren lanak eta balorazio ekonomikoa egiten hasiko dira. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendik espero du bilera horrek gai hori eskualdatzeko behin betiko akordioa ixten lagunduko duela.

EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, Garamendik transferentzia lantzeko ponentzia teknikoaren hurrengo bileraren berri eman du gaur Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Akordio bat lortuz gero, eskualdatzea sinatu eta ofizialtzen duen Transferentzien Batzorde Mistoaren bileraren atarikoa izango da batzorde teknikoa. Eusko Jaurlaritzak osorik ez den transferentzia bat onartuko ez duela azaltzen zuen bitartean egin du iragarpena Autogobernu Sailburuak. Garamendik azpimarratu duenez, “IMVren kasuan ez dugu sasitransferentziarik onartuko, jadanik transferitu diren beste gaietan egin ez dugun bezala”.

Sailburuak bi gobernuen artean egindako negoziazioen bilakaera errepasatu du, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren eskakizunei erantzuten ez zieten hainbat proposamen jaso dituztela: batzuetan, hitzarmen-proposamen hutsak, Estatuak onuradunei prestazioaren ordainketa beretzat erreserbatzen zituztenak, eta beste batzuetan indarraldi jakin bat ezartzen zutenak. “Eusko Jaurlaritzarentzat, eskualdatzearen iraungipena ezartzea marra gorri gaindiezina da guretzat, Euskadiren eskumenek ez dute, inola ere, denbora-mugarik”, nabarmendu du.

IMVren transferentzia osoa “gehiegi luzatzen” ari dela onartu ondoren,  eskualdatzea gauzatzeko lanean “orain arte bezala, zorrotz” jarraituko duela ohartarazi du Sailburuak,  eta nabarmendu du bere Sailak zuhurtziaz eta diskrezioz lan egitea erabaki duela. “Gure lehentasuna transferentzia ondo burutzea izan da beti, transferentzia oso bat”, adierazi du.