Eusko Jaurlaritzak berdintasun ezari eta indarkeria matxistari erantzun bateratua eta koordinatua ematearen garrantzia nabarmendu du

2022-11-22

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera.

Bere aldetik, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Azaroaren 25a "Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna" dela eta Eusko Jaurlaritzak onartu duen Adierazpena irakurri du, zeinaren bidez Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzetsi nahi ditu eta bere konpromisoa adierazi nahi du beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin koordinatuta lan egiten jarraitzeko indarkeria desagerrarazteko helburuarekin.

Artolazabal sailburuak berdintasun eza eta indarkeria matxistaren arazoari herri bezala erantzuteko beharra nabarmendu du, “gizarte osoaren arazo baten aurrean, erantzunak bateratua izan behar baitu”. Horrela, koordinazioa indartuko duten urratsak ematen jarraituko dela ziurtatu du sailburuak: indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobea emateko Erakundeen arteko III. Akordioa sinatuz; emakume biktimen espedienteen kudeaketa integratuaren proiektua aurrera eramanez; eta, besteak beste, Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzetarako Herri ituna bultzatuz.

Koordinazio horren erakusgarri gisa, Emakundek urtero egiten duen azaroaren 25eko kanpaina aipatu du Berdintasuneko sailburuak, aurten, Euskadiko erakunde guztiek sinatu dutena. Kanpaina hau gizonei zuzenduta dago, eta gizonak dira indarkeria matxistaren aurrean altxatu eta ezetz esaten dutenak. “Beharrezkoa ikusten dugu gizonei zuzentzea eta mezu hau bat dator, gainera, Europako Kontseiluaren Istanbulgo Hitzarmenaren jarraibideekin, Berdintasunerako Legearekin berarekin edo Berdintasunaren aldeko Herri Itunarekin. Horiek guztiek gizonen eta haurren sentsibilizazioa eta inplikazioa bultzatzea eskatzen dute”, adierazi du.

Azkenik, Beatriz Artolazabal sailburuak, Jaurlaritzaren izenea, indarkeria matxistaren ondorioz erailak izan diren emakumeak gogoratu ditu, emakume biktimei gure babes eta elkartasun guztia adierazi die, eta gogoratu du Gobernuak dituen baliabide eta zerbitzu guztiak eskura dituztela, eta 900 840 111 telefono zenbakia dela hauetara heltzeko sarbide nagusia. “Era berean, herritarrak animatu nahi ditugu azaroaren 25ean antolatuko diren deialdietan indarkeria matxistaren aurrean gaitzespena publikoki adierazi dezaten, horrela emakumeen aurkako indarkeria gizarte osoaren arazoa dela erakutsiz”, amaitu du. 

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Jaurlaritzak oniritzia eman dio gaur pandemia batek eragindako beste osasun-larrialdi bat errepikatuko balitz erakundeen artean egin beharreko kudeaketarako prozedura berriari. Agiri hau joan den asteko astelehenean aurkeztu eta onartua izan zen Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen (LABI) bileran, eta Covid-19aren krisian lortutako esperientzia zabalean oinarritzen da. Prozedura honek helburu nagusia du Eusko Jaurlaritzaren tresna arau-emaileak aldatzea, pandemia-egoera global edo tokiko bat berriz gertatuko balitz, erakundeen artean erantzun koordinatu eta integrala emateko.

Halaber, Gobernu Kontseiluak gure Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzupeko langileen ordainsarien %1,5eko igoera gehigarria onartu du gaurkoan, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera abian jarriko dena. Gehikuntza hori, aurretik onartutako %2ko igoerarekin batera, %3,5eko igoera egiten du 2021eko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekin alderatuta. Prezioen igoerari aurre egiteko aplikatzen den neurria da gaur onartu dena.

Bestalde, Gobernuak baztertu egin du Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar taldeak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko Legea aldatzeko egindako lege proposamena, Administrazio elektoralak propaganda elektoralaren bidalketa, hau da, boto-paperak eta hauteskunde propaganda, modu zentralizatuan egiteko.

Hezkuntza sailak proposatuta, hainbat diru laguntza onartu ditu gaurkoan Gobernu Kontseiluak:

200.000 euroko diru-kopuruarekin, doktore ikertzaileen mugikortasun-programarako dirulaguntzak arautzen dituen Agindua onartu da. Deialdi honek dirulaguntzak eskaintzen ditu ikerketa-zentroetan egonaldiak egiteko dedikazio esklusiboarekin.

500.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea erabaki da Euskampus Fundazioari, Euskampus-Bourdeaux ekimenaren barne, Lankidetzarako Mugaz Gaindiko Laborategien Sarea bultzatzeko. Lankidetzarako Mugaz Gaindiko Laborategiak (LTC) bikaintasuneko ikerketa nazioartekotzen duten ekimenak dira eta berrikuntza sustatzen dute ikerketatik abiatuta

Donostia International Physics Center Fundazioari (DIPC) 500.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea ere onartu du Gobernuak Neutrinoen Fisika-Laborategia langilez hornitzeko eta ekipatzeko. Euskadiko neutrinoen programa hau ikerketa-programa aitzindaria da  Europan. 

Eta UNED, Urrutiko Unibertsitateari zuzeneko laguntza ematea erabaki du Gobernuak 2022eko ekitaldian euskal kulturarekin eta hizkuntzarekin lotutako urrutiko prestakuntza-proiektuak finantzatzeko. Laguntza honek 82.490,00 euroko diru kopurua du.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailak proposatuta, bi erabaki onartu ditu Gobernu Kontseiluak.

Alde batetik, Espainiako Gobernuarekin eta Bilbo, Durango, Eibar eta Lasarte-Oriako Udalekin egindako hitzarmenak sinatzea, udalerri horiei Next Generation funtsetatik zuzeneko dirulaguntzak emateko, eta horrela, bertako auzoen hiri-berroneratze integralerako programak bultzatzeko. Programa horiek dagoeneko martxan daude. Funts horiek 6,5 milioi euro bideratzen dituzte Bilboko Otxarkoaga auzoko hiri-berroneratzera, 2 milioi euro Txontan (Eibar) egiten ari den esku-hartzera, 3,6 milioi euro Aramotzera (Durango) eta 4,39 milioi euro Basaundi-Bailarara, Lasarte-Orian. Guztira 16,77 milioi euro dira Europako funtsetatik bideratutakoak eta kopuru horri Jaurlaritzak auzo kaltebera horietan inbertitu dituen 14 milioi euro gehitu behar zaizkio.

Eta bestetik, Irungo Udalarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (ADIF) lankidetza-hitzarmena sinatuko da hiri-pasabide berri bat eraikitzeko intermodalitate-eremu bat ahalbideratuko duena. Guztira, obra honek 6,8 milloi eskatuko ditu eta Jaurlaritzak %22a ordainduko du.

Amaitzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 200.000 euroko dirulaguntza emango dio Artium Fundazioari bizirik dauden euskal artisten artelanak erosteko. Hirugarren aldia da Eusko Jaurlaritzak bizirik dauden artisten artelanak erosteko dirulaguntza hau bideratzen duela eta 50.000 euroan handitu da kopurua.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena