Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Elkargirekin bi hitzarmen gauzatzeko, elkarrekiko berme-baltzu horrek 2022an bere gain hartu zuen arriskua estaltzeko (Gobernu Bilera 2022-11-29)

fotoconsejo.jpg

2022-11-29

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Elkargirekin oinarrizko hitzarmena eta hitzarmen osagarria formalizatzeko, elkarrekiko berme-baltzu horrek 2022an (birfidantzamendu) ETEen eta autonomoen alde aurten egindako finantza-abalen eragiketengatik bere gain hartutako arriskua estaltzeko. 

Hitzarmen horren xedea da finantza-problematika konpontzeko berme gehigarriak behar dituzten enpresa txiki eta ertainekin Elkargik bere gain hartutako arriskua estaltzea, inbertsioen eta proiektu berritzaileen finantzaketa lehenetsiz, baita mikroenpresena eta sortu berri direnen enpresena ere. 

Eusko Jaurlaritza Elkargi EBB eta Oinarri EBB elkarrekiko berme-baltzuekin ari da hitzarmen horiek formalizatzen 2001. urteaz geroztik, eta, era horretan, Espainiako Birfidantzamendu Konpainiak (CERSA) eskaintzen dituen abal-eragiketen estaldura partziala handitu du. 

Kasu horretan, oinarrizko hitzarmenaren xedea izango da, funtsean, 2022an CERSAren estaldura Elkargiren bidez osatzea, gehienez ere hartutako arriskuaren % 75era arte, edo % 80ra arte, baldin eta berrikuntza-eragiketak, enpresen hazkundea edo baldintza jakin batzuk betetzen dituzten sektore estrategikoak —digitalizazioa, jasangarritasuna edo kultura-sektoreak, adibidez— badira. 

Oro har, Eusko Jaurlaritzak 2022an —erakunde guztiekin egindako akordioen arabera— emango dituen bermeak 97 M euro artekoak izan daitezke. 

Elkargi EBBk formalizatu beharreko abalek 400 M euroko zenbatekoa gainditzea aurreikusten da. Zenbateko horren zati bat (birfidantzamendu partziala) Eusko Jaurlaritzak estali dezake, adierazitako hitzarmenen arabera; gutxi gorabehera 300 M euroko zenbatekoa, finantza-abalak eta abal teknikoak barne. Beraz, birfidantzatu beharreko zenbatekoa 50 M eurokoa izango da, gutxi gorabehera, Elkargi EBBrentzat. 

Elkargi EBBrekin sinatutako hitzarmen horiek indartu egiten dute Eusko Jaurlaritzak egungo testuinguru ekonomikoan euskal enpresa-sareari emandako laguntza, Administrazioak ekitaldi honetan egindako beste laguntza-jarduketa batzuk osatuz.