Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du 1.850.000 ibilgailuk zeharkatuko dutela Euskadi nazioarteko joan-etorrietan Udako Operazio Berezian

2022-06-30

  • Bi urtetan aktibatu gabe egon ondoren Itsasartea Igarotzeko Operazioa berriz aktibatu izanaren ondorioz, lehengoratu egingo da Euskadiko errepide-sarea zeharkatzen duen nazioarteko trafikoa.
  • 2019ko udako antzeko joan-etorri kopurua espero da, nahiz eta erregaien prezioak baldintzatu ditzakeen.
  • Udako Operazioa dela eta, Eusko Jaurlaritzak sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian bidaian ateratzen direnak trafiko-istripu batean senitarteko edo lagun maite bat hiltzearen kostuaz kontzientziatzeko.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu du Udako Irteera-Itzulera Operazio Berezia Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan. Aurtengo berezitasuna izango da nazioarteko trafikoaren fluxua lehengoratuko dela, bi urtez aktibatu gabe egon ondoren Itsasartea Igarotzeko Operazioa berriz aktibatu izanaren ondorioz. Horrela, aurtengo udan batez ere Portugalera eta Afrika Iparraldera doan nazioarteko trafikoaren fluxua handiagoa izango dela aurreikusten da. Uste da guztira 1.850.000 ibilgailuk zeharkatuko dutela Euskadiko errepide-sarea nazioarteko joan-etorrietan. Ondorioz, AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko eta Gasteizen N-622 eta A-1 Burgos/Madrilerako noranzkoan lotzeko egin ohi diren seinalizazio-operazio bereziak gauzatuko dira.

Barneko trafikoari dagokionez, 2019ko udako antzeko joan-etorri kopurua espero da, eta urte hartan 38 milioi joan-etorri baino gehiago erregistratu ziren. Hala ere, hori guztia baldintzatu egin dezake erregaien prezioaren igoerak izan dezakeen eraginak.

Edonola ere, ohikoa den moduan, arreta berezia jarriko da opor garaian kritikoak izan ohi diren puntuetan: A-8an, Kantabriarako noranzkoan; AP-8an, mugan;  Armiñongo lotunean eta AP1 eta N-622 arteko lotunean, Gasteizerako noranzkoan; eta N-622 eta A-1 arteko lotunean, Burgoserako noranzkoan.

Vision Zero sentsibilizazio-kanpaina

Trafiko istripuetan zero biktima izateko ikuspegiarekin lan egiten duen Eusko Jaurlaritzaren 2025 Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoa betetzearen esparruan, Sonia Díaz de Corcuerak sentsibilizazio-kanpaina berria aurkeztu du biktima bakar bat ere ezin dela onartu azpimarratuz.  

Zuzendariak azaldu duenez, kanpainak norberak edo inguruko pertsona batek errepidean bizia galtzearen dramari aurrea hartzen dio, herritarrak arretaz ibil daitezen eta istripuak saihestu ditzaten. Alde horretatik, 2021eko udan Euskadiko errepide-sarean trafiko-istripuetan hildako pertsonen kopurua adierazten da, 16 pertsona, alegia, nahiz eta guztiak ez ziren Oporretako Irteera/Itzulera Operazio Berezian hil. Era horretara, nabarmendu nahi izan da gure kale eta errepideetan heriotza bakar bat ere ez dela onargarria, edozein izanik ere ibilbidea.

Gaurtik hasita, mezu horiek komunikabide ezberdinetan eta Eusko Jaurlaritzaren sare sozialetan eta web-orrietan hedatuko dira.

2021eko datuak

Udako Operazio Bereziari dagokionez, uztailean eta abuztuan izandako biktimak zenbatzen dira. Horrela, 2021eko bi hilabete horietan 6 pertsona hil ziren Euskadin trafiko-istripuetan (2 Bizkaian, 2 Araban eta 2 Gipuzkoan), aurreko udan baino lau gutxiago (4 Bizkaian eta 6 Gipuzkoan), eta 2019ko kopuru bera (2 Bizkaian eta 4 Gipuzkoan).

2021eko uztailean eta abuztuan 1.204 istripu gertatu ziren (biktimadun 426), 2020an 1.214 (biktimadun 446) eta 2019ko aldi berean 1.228 (biktimadun 419).

Zirkulazioa hobetzeko neurriak

Egun hauetan trafikoa ahalik eta arinena izateko eta trafikoaren dentsitateak eragin ditzakeen gorabeherak minimizatzeko, Eusko Jaurlaritzak honako jarduketak burutuko ditu:

  • Behar izanez gero, seinale lagungarriak jarriko dira bide-sare nagusiko eta zerbitzu guneetako puntu estrategikoetan, foru-aldundiekin lankidetzan.
  • Irteera-operazioan, pilaketak sor daitezkeen astebururik kritikoenetan (uztaileko azkena eta abuztuko lehenengoa, ostiraletik igandera bitartean) seinalizazio-operazio bereziak gauzatuko dira AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko, eta gauza bera egingo da Gasteizen N-622ren eta A-1en artean Burgos/Madrilerako noranzkoan. Armiñongo lotunean, eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, behin-behineko seinaleen bidez gomendatuko da A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbide artean.
  • Itzulera-operazioan, abuztuko azkeneko bi asteburu luzeetan (hau da, ostegunetik igandera bitartean) seinalizazio berezia jarriko da Armiñongo lotunean, AP-1 zaharreko irteeran Gasteizerako noranzkoan, trafikoa arintzeko. Konoen bidez A-1eko hiru erreietako bat utziko da AP-1etik sartzen diren ibilgailuentzat.
  • Hirugarren urtez jarraian, Kantabria eta Bizkaia artean garabi-zerbitzu hitzartu bat izango da trafiko gehien izaten den jaiegunetan eta asteburuetan, istripua izandako edo matxuratutako ibilgailuei laguntzeko. Ostiraletan eta larunbatetan A-8an, Uriosten (Suhiltzaileetarako sarbideko biribilgunean) kokatuko da, eta igandeetan El Hayan (Cobaronerako lotunean). Eraginkorra izaten denez, eta berrikuntza moduan, aurten egun gehiagotan izango da zerbitzua. Horrela, garabia 29 egunetan egongo da erabilgarri, hau da, 2021eko udan baino % 20 gehiago.  

Ertzaintzako trafiko-unitateetako 550 agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta in situ emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa. Helikoptero batek irudiak bidaliko ditu Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrora, eta kontrol horren euskarria izango da.

Gomendioak

Bidaiari ekin aurretik, Eusko Jaurlaritzak gomendio hauek ematen ditu:

  • Ibilgailuaren egoera ona ziurtatu, eta mantenimendua eguneratuta izan.
  • Gidatu aurretik ez kontsumitu alkoholik ez drogarik, eta ez egin otordu oparorik. Sendagairen bat hartuz gero, ziurtatu ez duela ondoriorik gidatzeko garaian.
  • Abiadura eta gidatzea trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitu, eta beti jarraitu Ertzaintzako agenteen oharrak.
  • Saihestu arrisku-portaerak eta arretaz, arduraz eta gainerako gidariak, batez ere kolektiborik zaurgarrienak, hau da, motor-gidariak eta txirrindulariak, errespetatuz gidatu.
  • Segurtasun-tarteak gorde.
  • Atseden hartu bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.
  • Bidaian irten aurretik, begiratu errepideen egoera. Eusko Jaurlaritzak uda osoan indartuko du errepideen egoerari buruzko informazioa informazio-mezuen panelen, trafikoa.euskadi.eus web-orriaren, TrafikoaEJGV app-aren, Twitter mezuen eta 011 telefono-zenbakiaren (24 orduz erabilgarri dagoena) bitartez.

Azken batean, neurri guztiak gutxi dira; izan ere, biktimarik gabeko ikuspegian oinarritutako sentsibilizazio-kanpainak gogoratzen duen bezala, errepidean heriotza bakar bat ere ez da onargarria eta istripu-tasa murriztea errepideen erabiltzaile guztien esku dago.