Eusko Jaurlaritzak ASLEren batzar nagusian parte hartu du Gasteizen

2022-05-13

  • Iñigo Urkulluk eman dio amaiera Euskadiko Lan Sozietateak elkartearen batzarrari. Idoia Mendiak, berriz, irekiera ekitaldian parte hartu du
  • Lehendakariak bi urte hauetan ekonomia- eta gizarte-munduak emandako erantzuna azpimarratu du, eta gaur egun, ekaitzak jasaten ari garen arren, Euskadik martxan jarraitzen duela adierazi du
  • Lehendakariordeak lan-sozietateak jarri ditu “konfrontazioaren ordez lankidetza jartzen duten” enpresen adibide gisa

Iñigo Urkullu lehendakariak, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuarekin batera, ASLE- Euskadiko Lan Sozietateak Elkartearen batzar orokorrean parte hartu du. ASLEk Gasteizko Villa Suso Jauregian egin duen batzarrarekin bere berrogeigarren urteurrena ospatzen du.

Lehendakaria batzarrari amaiera emateaz arduratu da, eta lan-sozietateek krisi guztietatik birsortzeko erakutsi duten gaitasuna nabarmendu du. “pertsona zuen jardueraren erdigunean jarri duzue, eta hauxe da lehiakortasun-palankarik onena”.

Bere hitzaldian, Urkulluk gogoeta egin du azken bi urteen inguruan, eta adierazi du mundu ekonomiko eta sozialak, ASLEk hain ondo ordezkatzen duenak, egoeraren araberako erantzuna eman duela. “Erantzunak bere horretan jarraitzen du, baita ziurgabetasun globalak ere. Gaur, jasaten ari garen ekaitzak gorabehera, Euskadik martxan jarraitzen du”, gaineratu du. Era berean, euskal erakundeek “gure ustez egin behar genuen bezala jokatu eta erantzun dugu” ziurtatu du: “hurbiltasunez, erabakietan oreka mantentzen saiatuz, batzuetan ziurgabetasunez eta gabeziekin, baina beti jarrera proaktiboarekin”.

Hala, Urkullu lehendakariak konfiantza, konpromiso eta erantzunkidetasun mezua zabaldu du. “Esfortzuz eta lan partekatuz aurrera egiteko gai izango gara. Iraganean lortu dugu, orainaldian lortzen ari gara eta etorkizunean lortzeko konpromisoa dugu. Hauxe da gure lanaren kulturaren parte den auto-exijentziaren eta etengabeko hobekuntzaren historia”, adierazi du. Ildo horretan, Josetxo Hernandezen hitz batzuk ekarri ditu gogora: «ASLE martxan jarri genuen ezinezkoa zela ez genekielako», eta inkonformismo, ausardia eta konfiantza jarrera horri eustearen alde agertu da, gauzak, ezinezkoak diruditenak ere, posible izan daitezen.

ASLEren 40. Batzar nagusian, Lehendakariaz eta Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuaz gain, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak ere parte hartu du, beste arduradun instituzional batzuen artean, Kepa Olivares enpresa-elkarteko presidentearekin eta Jone Nolte zuzendari-kudeatzailearekin batera.

Hain zuzen ere, lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak ireki du Euskadiko Lan Sozietateen Elkartearen batzarra; bertan, lan-sozietateak jarri ditu “konfrontazioaren ordez lankidetza erabiltzen duten enpresen adibidetzat, guztiek irabaz dezaten”, eta ziurtatu du “beren burua begiratzeko ispilu ona direla”.

Halaber, bere hitzaldian azpimarratu duenez, “langileak protagonista dituzten enpresen arteko aliantza izan da, 40 urtekoa”, eta ziurtatu du gaur egun “ASLE erreferente bat dela nahi dugun eredu ekonomikoari buruz: errotuta dauden eta mundura irekita dauden enpresak, etekinak izan nahi dituztenak eta berrikuntzan eta enpleguan inbertitzen dituztenak, eta enpresa demokratikoak, non langileak arrakastaren bermea diren”.

Haren ustez, lan-sozietateek badute “formula hori onura handiena bilatzeko, baina lehentasuna emanez enpleguari eta langileen baldintzei. Ispilu on bat, norberari begiratzeko, norgehiagokaren ordez lankidetza jartzeko eta guztiek irabazteko”. Horregatik, azpimarratu du “gizarte-eragileek, patronalek eta sindikatuek errentak itundu behar dituztela, mekanismo bat adostu behar dutela inork gal ez dezan, ez gauzak ondo doazenean, ez okerrago doazenean”. “Garai zailei aurre egiteaz gain, dagoeneko bizitzen ari garen eraldaketa handiei ere aurre egiteko segurua da”, bukatu du.

ASLE - Euskadiko Lan Sozietateak

ASLE - Euskadiko Lan Sozietateak lan-enpresen patronal gisa diharduen elkartea da, eta ordezkaritza-maila du Euskal Autonomia Erkidegoan. 

EAEko lan-sozietateen enpresa-talde horrek, gizarte-ekonomiaren eremuan, honako misio hau du: lan-sozietateen garapenean laguntzea, defendatzea, finkatzea eta sustatzea. Horretarako, enpresekin beren lehiakortasun jasangarria lortzeko lan egiten duten pertsona konprometituen bidez eskaintzen ditu zerbitzuak; pertsona horiek, etengabeko hobekuntza aplikatzen dute beren lana betetzeko. Horrela, giza garapenaren eta enpresa-garapenaren arteko orekan eragiten dute, hori baita lan-sozietateen izateko arrazoia.