Eusko Jaurlaritzak alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu abenduan

Argitalpen-data: 

Cero_Drogas_y_Alcohol__1_.jpg
  • Positibo ematea arau-hauste oso larria da, eta 500 eurotik 1.000 eurora arteko isuna eta 6 puntu ere kentzea ekar dezake

Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, gidariei zuzendutako prebentziozko alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu hilabete honetan, zehazki hilaren 5etik 11ra bitartean eta 29tik 31ra bitartean.

Bide Segurtasunari buruzko Legeak eta Zirkulazio Araudi Orokorrak jasotzen dutenez, agintaritzak edo agintaritzaren agenteek prebentziozko alkoholemia-kontrol bat egitea eskatzen badiote gidari bati, gidari horrek nahitaez egin beharko du kontrola. Proba egiteari uko egiten badio, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi ahal izango zaio.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak nabarmendu duenez, “Prebentzioa funtsezkoa da istripuak saihesteko. Horixe da kontrol hauen helburua: zirkulaziotik erretiratzea gidatzean eragina duten substantziak kontsumitu dituzten pertsonak, arazoa areagotu ez dadin. Errepidean beharrezkoa da arreta osoa jartzea eta bost zentzumenekin gidatzea”.  

Alkoholemia-kontrola

Alkoholemia-kontroletan airea botatzea eskatzen duten bi proba egiten dira, eta proba batetik bestera gutxienez 10 minutu utzi behar dira.

Errore-tarteak aplikatu ondoren:

  • Botatako airean 0,25 miligramo alkohol baino gutxiago agertzen bada (0,15 miligramo gidari profesionalentzat eta gidabaimenarekin 2 urte baino gutxiagoko antzinatasuna dutenentzat), gidariak bere bidean jarraitu ahal izango du.
  • Botatako airean 0,25 (edo 0,15) miligramo alkohol baino gehiago eta 0,60 baino gutxiago agertzen bada, gidariak arau-hauste administratiboa egingo du. 0,60 baino gehiago agertzen bada, berriz, bide-segurtasunaren aurkako delitutzat joko da.
  • Agenteek alkohola edan izanaren zantzu nabariak antzematen badituzte, eta gidatzeko garaian eragina badu, gidariari bide-segurtasunaren aurkako delitua egoitziko zaio, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Probaren emaitza positiboa bada, berriro egin ahal izango da proba –interesdunak eskatuta edo epaileak aginduta–, emaitzak alderatze aldera. Osasun-langileek egingo dute bigarren proba hori eta, ahal dela, odol-analisiaren bidez (behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik).

Probari uko egiten bazaio edo proba positiboa bada, ibilgailua ibilgetuko da, salbu eta beste pertsona batek gida badezake ibilgailua, betiere beste pertsona horri proba egin eta negatibo eman ondoren.

Proban emaitza positiboa emanez gero, arau-hauste administratibo oso larritzat joko da, eta 500 euroko zehapena ezarriko da eta gidabaimeneko 4 puntu kenduko dira emaitza 0,50 mg/l-koa edo txikiagoa bada, eta 1.000 euroko zehapena jarriko da eta 6 puntu kenduko dira 0,50 mg/l-koa baino handiagoa eta 0,60 mg/l-koa edo txikiagoa bada.

Droga-kontrola

Droga-kontrolaren prozedura antzekoa da, baina zenbait berezitasun ditu. Proba egiteko listu-lagin bat erabiltzen da, eta gailu baimendu batean aztertzen da lagina. Probaren emaitza positiboa bada, laborategiko analisi batean berretsi beharko da positibo hori.

Positibo ematea arau-hauste oso larria da, eta 500 eurotik 1.000 eurora arteko isuna eta 6 puntu ere kentzea ekar dezake.

Medikuaren aginduz botikak hartu badira, Trafikoko Lurralde Bulegoaren salaketaren eta laborategiko emaitzaren jakinarazpena jaso, eta 20 egun naturaleko epea izango da alegazioak aurkezteko.