Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du bihar, igandea, basoko sute-arriskuagatik isurialde kantauriarrean
2022-10-22
- Abisua haize-bolada indartsuak espero direlako eta lurzorua lehor dagoelako aktibatuko da
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du basoko sute-arriskuagatik isurialde kantauriarrean (Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Aiara kuadrillan) bihar, igandea, goizeko 06:00etatik arratsaldeko 15:00etara, bi faktore elkartuko baitira: haize-bolada indartsuak eta lurzoru lehorra.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, egunean zehar haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan daitezke ageriko lekuetan, eta, bereziki, goialdeetan, eta 60-80 km/h-koak agerikoak ez diren lekuetan, eta erregistro horiek gainditu ere egin litezke leku batzuetan, bereziki mendebaldean.
Egoera horren ondorioz, basoko sute-arriskuaren indizeak oso altuak dira, bereziki su hartzeko arriskuari eta sua itzaltzeko zailtasunari dagokienez.
Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du surik ez egitea landa-inguruneetan eta hiri-periferiako eremuetan, ez eta sua sor dezakeen jarduerarik ere.