Eusko Jaurlaritzak 6,4 milioi euro bideratuko ditu garraio profesioaleko floten eraldaketa energetikora, SEMaren kontura

Sektore profesionalentzako bidaiari- eta merkantzia-garraioko flotak eraldatzeko dirulaguntzek 6,4 milioi euro jarriko dituzte enpresa horien eskura, energia garbiagoak eta karbono-emisio apalagoak lortzeari begirako aldaketa bultzatzeko. Garraio-sektorea petrolioaren oso mende dago, eta erregaien kostuaren igoeraren eragina bete-betean jasaten ari da.

Sektore profesionalentzako bidaiari- eta merkantzia-garraioko flotak eraldatzeko dirulaguntzek 6,4 milioi euro jarriko dituzte enpresa horien eskura, energia garbiagoak eta karbono-emisio apalagoak lortzeari begirako aldaketa bultzatzeko. Garraio-sektorea petrolioaren oso mende dago, eta erregaien kostuaren igoeraren eragina bete-betean jasaten ari da.  

Garraio profesionalerako dirulaguntzen helburua da energia alternatiboak bultzatzea errepideko garraio-flotetan, petrolioaren deribatuen % 90 baino gehiagoren mende baitaude. Horretarako, eragingarriak ez diren ibilgailuak txatar bihurtzea, karbono gutxiko energia alternatiboko ibilgailuak erostea eta bestelako propultsio elektrikoen bitartez dauden ibilgailuak aldatzea sustatuko da. Lagundutako ibilgailuen artean sartzen dira gas naturalekoak, elektrikoak, hibridoak, eta hidrogenokoak, M2, M3, N2 eta N3 motakoak –autobusak eta salerosterako ibilgailu astunak-. Erdiatoiak erostea ere bultzatuko dira, trenbide-autobideetan ibiltzeko egokiak direnak.

Dirulaguntza horiek, guztira, aipatutako alor ezberdinetan,  6.420.211 euro izango dira, honela banatuak:

  • 1. jarduera - Txatar bihurtzea: 963.031,76 €
  • 2. jarduera - Karbono gutxiko energia alternatiboko ibilgailuak erostea: 3.210.105,81 €
  • 3. jarduera – “Retrofit” edo ibilgailuen propultsio-modua aldatzea: 642.021,18 €
  • 4. jarduera – Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura ezartzea: 1.555.053 €
  • 5. jarduera - Erdiatoiak erostea trenbide-autobideetarako: 50.000 €

Laguntza horien helburua bikoitza da, bai energiarena bai enpresa-garapenarena. Izan ere, petroliotik eratorritako erregaien ordez energia garbiagoak erabiliz energia-egoera hobetzeaz gain, enpresek energia-faktura murriztuko dute, eta horrek lehiatzeko eta erresilientziarako ahalmena hobetuko du, erregaiaren gaur egungo prezio handien aurrean.

Programa honi buruzko informazioa Energiaren Euskal Erakundearen, Eusko Jaurlaritzako Energia Agentzia, webgunean dago eskuragarri. Erakunde horrek osorik kudeatuko ditu, eta 2022ko martxoaren 15ean hasiko da dirulaguntzen eskaerak bideratzen. Gogoratu behar da, orobat, MOVES III programa indarrean dagoela, eta beraz, partikularrentzako ibilgailu elektriko huts eta hibrido entxufagarrien erosketa diruz laguntzen jarraitzen da.

Informazio gehiago (leiho berri batean irekitzen da)