Eusko Jaurlaritzak 480.000 euro jarriko ditu Euskadiko arraza puruen abeltzaintza-ustiategiak modernizatzen laguntzeko (Gobernu Bilera 2022-7-19)

fotoconsejo.jpg

2022-07-19

  • Erakunde onuradunak izango dira ustiategiak modernizatzeko ahaleginak koordinatzen eta sustatzen dituztenak, eta merkaturatzea laguntzen dutenak
  • Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira abeltzaintza-lehiaketak antolatu edo horietan parte hartzearen ondoriozkoak, baita liburu genealogikoak sortu eta mantendu, eta abereen errendimenduaren edo kalitate genetikoaren probak egitearen ondoriozkoak ere 

Eusko Jaurlaritzak 480.000 euro jarriko ditu, guztira, 2022an zehar Euskal Autonomia Erkidegoko arraza puruen abeltzaintza-elkarteen eta -erakundeen jarduera finantzatzeko, Kontseiluaren azken bileran onetsitako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren Aginduan araututakoarekin bat. 

Erakunde onuradunak izango dira ustiategiak modernizatzeko ahaleginak koordinatzen eta sustatzen dituztenak, liburu genealogikoak kudeatzearen, hautapen-programak gauzatzearen eta etekinak kontrolatzearen bidez. 

Halaber, eskuratutako emaitzak zabaltzen dituzte, eta animalien eta produktuen merkaturatzea bultzatzen dute. Horiek horrela, efikazia handiagoa lortzen da ekoizpenean eta errentagarritasun handiagoa ateratzen zaie abeltzaintza"ustiategiei. Horretarako, programa berritzaileak eta teknologia berriak aplikatzen dituzte progresiboki. Horrekin guztiarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko mendiko abeltzaintza eta landa-eremuak garatu eta sustatzen dituzte, eta horixe bera da Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat. 

Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira abeltzaintza-lehiaketak antolatu edo horietan parte hartzearen ondoriozkoak, baita liburu genealogikoak sortu eta mantendu, eta abereen errendimenduaren edo kalitate genetikoaren probak egitearen ondoriozkoak ere. 

Eskaerak aurkeztea 

Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Eskaerak elektronikoki aurkeztu beharko dira. Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak izapidetzeari buruzko zehaztapenak helbide hauetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/servicios/1046106

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1046106

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikoko bitartekoak helbide honetan daude jasota: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/.