Eusko Jaurlaritzak 471.600 euroko dirulaguntza eman dio Gurutze Gorriari larrialdien eta babesaren arloan

SOS_DEIAK___CRUZ_ROJA__2_.jpg

2022-05-22

  • Gurutze Gorria Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemara atxikita dagoen boluntario erakundeetako bat da, eta esperientzia handia du Euskadin babes zibilaren eta herritarrei laguntza ematearen arloan

Eusko Jaurlaritzak, lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren agindu baten bidez, 471.600 euroko dirulaguntza eman dio Gurutze Gorriari 2022rako. Helburua da larrialdi-egoeretan erantzuteko baliabideak eta bitartekoak izatea sustatzea eta, boluntario erakundeak bultzatuz, Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuei laguntzeko sareak sustatzen jarraitzea.

Gurutze Gorria boluntarioz osatuta dagoen eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sisteman integratuta dagoen erakunde humanitarioa da, eta esperientzia luzea du Euskadin larrialdi-egoeretan herritarrei laguntza emateko eta babes zibileko lanetan. Horrek euskal administrazio publikoaren lankidetza-erakunde eraginkorra bihurtzen du, 2019an Segurtasun Sailarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmenean jasota dagoen bezala.

Akordio horrek Eusko Jaurlaritzak eta Gurutze Gorriak babes zibilaren arloan aholkuak eta gomendioak hedatzen laguntzeko konpromisoa ere jasotzen du, euskal herritarrek larrialdi-egoeretan hartu beharreko neurriak eta izan litezkeen arriskuak hobeto ezagut ditzaten.

Berez, dirulaguntza izango da erakunde honek hitzarmen horretan hartutako konpromisoak betetzeko gastuak finantzatzeko, bere jarduera-esparrua Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldea eta itsasertza izanik.

Emandako dirulaguntza justifikatzeko, Gurutze Gorriak jasotako dirulaguntzaren aplikazioa zehaztuko duen txosten bat aurkeztu beharko du 2023ko lehenengo hiruhilekoan, eta dagozkion kontabilitate-ziurtagiriak gehitu beharko dizkio. Segurtasun Sailera atxikitako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza arduratuko da dirulaguntza kudeatzeaz.