Eusko Jaurlaritzak 103 milioi euro bideratuko ditu euskaltegien finantzaziora datozen hiru ikasturteetan

2022-09-14

  • Diru kopururik handiena, 90 milioi euro, 2022-2025 epealdian euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzera bideratuko da
  • Udal euskaltegiek 12,7 milioi jasoko dituzte 2022-2023 ikasturtean
  • Euskara ikasteko doakotasuna bultzatzeko 3,7 miloi euro erabiliko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta 30 urtetik beherakoentzat C1era bitartean doakoa izango da euskara ikastea, beti ere, maila gaindituz gero

 

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak 2022-2023 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina aurkeztu du gaur Donostiako Ilazki euskaltegian. “Euskara Musu-Truk” lemapean egingo da aurtengo kanpaina eta gaurtik aurrera interesa duen edonork eman dezake izena. Euskal Autonomia Erkidegoan 103 euskaltegi daude eta aurreko ikasturtean 33.185  ikaslek eman zuen izena euskaltegietan. 2022-2023 ikasturtea COVID neurririk gabeko ikasturtea izango da eta normaltasunera bueltatze horrekin pandemiaren ondorioz galdetuta ikasleak berreskuratzea da, besteak beste, euskaltegien helburua. Horretarako matrikulazioaren doakotasuna sustatzen jarraituko du Eusko Jaurlaritzak eta B2 mailara arteko doakotasunaz gain C1 gainditzen duten 30 urtera arteko gazteek aukera izango dute matrikularen balioa berreskuratzeko.
Donostian egin den prentsaurrekoan Zupiria sailburuarekin batera Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Ilazki euskaltegiko zuzendari Agurtzane Goñi, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariak, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletako ordezkariak, EUDEL-ekoak, UEMAkoak eta euskaltegietako ordezkari eta ikasleak egon dira. 

Euskal Autonomia Erkidegoan guztira 39 udal euskaltegi eta 64 euskaltegi pribatu daude eta Eusko Jaurlaritzak ahalegin berezia egingo du beraien finantziazioa sustatzeko.

Legealdi honetako konpromisoari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak euskaltegi pribatuetako eta euskararen autoirakaskuntzarako zentro homologatuentako irakasleen lan baldintzak hobetzearen alde egingo du eta horretarako datozen hiru ikasturteetarako (2022-23, 2023-24, 2024-25) 90 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du. Urtez urte %7 inguru igoko da finantziazioa euskaltegi pribatuetan. Helburua euskaltegi pribatuetako irakasleen lan-baldintzak hobetzea eta udal euskaltegietako irakasleekin dagoen aldea gutxitzea da.  Datozen hiru urteetarako inbertsioa honela zehaztu da: 

  • 2022-2023 ikasturtean 29.410.000 euro
  • 2023-2024 ikasturtean 31.652.000 euro
  • 2024-2025 ikasturtean 33.893.000 euro 

Hobekuntza honek 64 zentrotako (58 euskaltegi pribatu eta 6 autoikaskuntza zentro homologatu) 25.697 ikasleri eta 1.005 irakasleri eragingo die. 

Bestalde, euskaltegi publikoetan, udal euskaltegietan, aurreko urteetako inbertsioa mantenduko da eta 12,7 milioi eurorekin finantzatuko dira EAEn dauden 39 udal euskaltegiak. 

Doakotasuna 

Ikasturte honetan euskara ikasteko doakotasunean beste pausu bat emango da eta B2 mailara bitarteko doakotasuna sustatzeaz gain C1 gainditzen duten 30 urtera arteko gazteek aukera izango dute matrikula doan izateko. Doakotasuna lortzeko beharrezkoa izango da maila horiek gainditzea. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 3,7 milioi euro bideratuko ditu doakotasuna sustatzera, aurreko ikasturtean baino 600.000 euro gehiago. 

Normaltasuna berreskuratzea 

2022-23 ikasturtean normaltasuna berreskuratzea izango da euskaltegien helburuetako bat. Aurreko bi ikasturteak COVID-ak baldintzatutakoak izan dira eta osasun neurri bereziak hartu behar izan diren arren euskaltegien jarduera normaltasunez burutu ahal izan da beharrezkoak ziren osasun-neurriak hartuz eta protokoloak betez. Ikasturte honetan normaltasuna itzuliko da ikasgeletara eta ez da edozein herritarrek jarraitu beharko dituen neurriez gain bestelakorik hartu behar izaterik.   

Euskaltegietako ikasleak 

2021-22 ikasturtean 33.185 ikasle egon dira EAEko euskaltegietan izena emanda. Gehienak, %65,2 emakumezkoak dira eta ikasleen bataz besteko adina 37 urtekoa da. Ikasle gehienek, 9.654 pertsonak, C1 maila gainditzeko eman zuten izena eta 7.342 lagunek  B2 maila gainditzeko. 

Euskaltegi pribatuak ugariagoak dira, beraz, ikasle kopuru handienak, 25.697 lagunek, pribatuen alde egin. Ikasleen %77,24-ak eskola presentzialen alde egin zuen, %3,4-ek erdi presentzialaren alde eta %19,37-ak autoikaskuntza aukeratu zuen.