Eusko Jaurlaritzak 101 milioi euro jarriko ditu Euskadiko 14 auzotan hiri, ingurumen, gizarte eta ekonomiaren arloko berroneratzeari ekiteko

2022-10-20

  • Lurralde Plangintza Sailak 93 milioi euro jarriko ditu hiri-berroneratzearen programa zenbait auzotan zabaltzeko. Proiektu hauekin guztira 21 udalerritan hedatuko da programa
  • Lan eta Enplegu Sailak zortzi milioi euro jarriko ditu auzo horietan bertan prestakuntza eta enplegua bultzatzeko

 

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko 14 auzo zaurgarritan jardungo du, auzo horien hiri, ingurumen, gizarte eta ekonomiaren arloko berroneratze integralari ekiteko. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua eta Iñaki Arriola Lurralde Plangintzako sailburua auzo horiek kokatzen diren udalekin bildu dira gaur, auzo horietan abian jarriko diren planei buruz mintzatzeko. Plan horiei esker, auzo horietan energia-trantsizioa bultzatuko da, eraikinen eta etxebizitzen bizigarritasuna hobetuko da, eta biztanleen lan-munduratzea sustatuko da. Esku-hartzeen helburua izango da klima-aldaketaren aurkako borrokan egindako urratsak eta gizarte-erronka berrien aurreko prestakuntza Euskadiko herritar guztiengana iristea, non bizi diren eta zer baliabide duten kontuan hartu gabe.

Jarduketa horiek Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek 2022-2024 aldirako onartutako Inbertsio Estrategikoen Erakundearteko Planaren parte dira. Testuinguru horretan, lehentasuna izango du auzo zaurgarrietako hiri-berroneratze integralak. Eusko Jaurlaritzak sei urte baino gehiago daramatza plan horretan lanean, eta, hamabi herritako 14 auzo horiekin, guztira 21 udalerritara iritsiko da jada programa. Herri horietako ekintzei ekiteko 101 milioi euro jarriko dira; 8 milioi Lan eta Enplegu Sailak jarriko ditu eta 93 milioi Lurralde Plangintza Sailak. 

Idoia Mendia Lehendakariordeak programa berriaren garrantzia nabarmendu du, “programa berria da, bultzatzen ari garen beste batzuk ez bezalakoa, baina beste horiekin guztiekin ezaugarri komun bat du, gobernu-esparru desberdinen arteko bat-etortzea, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako bi sailen eta udalen artean”. Ildo horretatik, adierazi duenez, “erantzun berriak ematen ditu egoera berrien aurrean; kasu honetan, energia-trantsizioaren eta hiri-eraldaketaren erronkari aurre egiteko, hau da, gizarte-eraldaketaren errokari aurre egiteko”. Horrez gain, aukerak eskaintzen dizkie enplegurako zailtasunak dituzten pertsonei, profil egokiak bilatzen dituzten enpresei eta bertako biztanleentzako ingurune atsegina eta jasangarria nahi duten udalerriei.

Lan eta Enplegu Saila arduratuko da —zortzi milioi euroko hasierako aurrekontuarekin— enplegurako prest dauden eta eraikuntza-sektorearen eskakizun berrietara egokitzen diren 167 pertsonaren prestakuntzaz, kontratazioaz, orientazioaz eta laguntzaz. Esperientzia hori udalerri bakoitzeko enplegu-eskatzaileei zabalduko zaie, baina, lehentasunez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaile diren pertsonei, baldin eta proiektuan parte hartzen duten udalerrietatik 50 kilometroko erradioan bizi badira eta luzaroko langabeak badira.

Zehazki, bi hilabetez jasoko dute berariazko prestakuntza, eta errenta bermaturako eskubidea jasotzen jarraituko dute, dagokienaren arabera. Ondoren, txandakako prestakuntzako 10 hilabeteko kontratua izango dute, azken lan-erreforman jasotako baldintzetan. Txandakako prestakuntza-kontratuetan, denboraren % 35 prestakuntzara bideratuko da eta % 65 enplegura. Jaso beharreko gutxieneko ordainsaria soldata gordin osoaren % 75 izango da. Gainera, prozesu osoan orientazio, akonpainamendu, aholkularitza eta informazio profesionala izango dute, besteren konturako lana bilatzen laguntzeko.

Auzo berriek auzo-bulegoak izango dituzte —Opengela Europako proiektuaren ereduari jarraikiz— eta herritarrek bulego horietan kontsultatu ahal izango dute zer laguntza dauden eta nola jardun behar den etxebizitzak berritzeko irisgarritasunaren, bizigarritasunaren edo energia-efizientziaren arloan. Auzo horietako batzuetan, proiektuak aurreikusten du eraikin publikoak birgaitzea eta, hala, auzokoentzat ekipamenduak sortzea. Araban, Gasteizko Zaramaga auzoan lan egingo da; Bizkaian, Bilboko hiru auzotan (Unzeta parrokoa, Urizar dorrea eta Uretamendi), Bermeon (Iparragirre eta Txibitxiaga) eta Sestaon (Vista Alegre); eta Gipuzkoan, Arrasaten (Santa Teresa auzoa), Donostian (Altza), Eibarren (Hijos de Gabilondo), Elgoibarren (Sigma etxebizitzak), Errenterian (Beraun), Leaburun (Txarama), Soraluzen (Ezozia) eta Irunen.

Bestalde, Iñaki Arriola Lurralde Plangintzako sailburuak adierazi duenez, “udalerriek aurkeztu dizkiguten proiektuak kontutan izanda, 1.700 familia inguruk jasoko dituzte % 70 eta % 100 bitarteko dirulaguntzak, zaurgarritasun handieneko kasuetan. Dirulaguntza horiei esker, familia horiek guztiek beren etxebizitzen deskarbonizazioari aurre egiteko eta bizi-kalitatea hobetzeko aukera izango dute, eta etxebizitza bizigarriagoak eta gizarte- eta ingurumen-erronka berrietara egokitutako hiri-ingurunea izango dute. Neurri horiekin, gainera, desberdinkeriari aurre egingo diogu eta gizarte-kohesio handiagoa sustatuko dugu gure herrietan eta hirietan”.

Auzoz auzo

Arrasatek Santa Teresa auzoaren berroneratzea sustatuko du, eta, ildo horretan, eraikinen inguratzaileak, berokuntza sistemak eta irisgarritasuna hobetuko ditu (igogailuak jarriko dira eraikinetan zein espazio publikoetan). Gainera, plaka fotovoltaikoak jarriko dira autokontsumo partekatuko erkidegoen eraketan aurrera egin dadin, eta hirigunean elektromugikortasuna bultzatzeko ekipamenduak jarriko dira. Lurralde Plangintzak 7,37 milioi euro jarriko ditu proiekturako, eta 96 etxebizitzatan lan egingo dela aurreikusten da.

Bermeok Iparragirren eta Txibitxiagan  eraikinetan lan egingo da irisgarritasun arazoak arintzeko eta birgaitze energetikoa bultzatzeko, 90 etxebizitzatan. Gainera, Kurtzio, Zarragoitxi, Itxasbegi eta Iparragirren eremu degradatutako espazio publikoetan lan egingo da, kaleetako hirigintza lanekin, irisgarritasun hobekuntzekin eta drainatze jasangarriko sistema bat sortuz, beste jarduketa batzuen artean. Lurralde Plangintzak 5,84 milioi euro jarriko ditu.

Bilbok Santutxu auzoko Unzeta Parrokoa auzogunean jardungo du, Urizar Dorrea multzoan ere jarduketak bultzatuko ditu. Izaera kultural eta historiko nabarmena duen Iralako multzoan,  eta era berean, Uretamendin hiri-berroneratzearen prozesuari hasiera emango zaio, hurbiltasuneko bulego bat ezartzearekin. Bizkaiko hiriburuko hiru auzo horietan guztira 16,53 milioi euro inbertituko ditu Lurralde Plangintzak, eta 399 etxe birgaitzea aurreikusten da.

Eibarrek Hijos de Gabilondo etxe-fabrika ekipamendu-eraikin bihurtuko du eta haren ingurunean berdeguneak eta oinezkoentzako eremuak sortuko dira; era berean, argiteria hobetuko da. Hala, industria-ondarearen garrantzia nabarmentzearen aldeko apustua egingo da eta, aldi berean, hiri-berroneratzea bultzatuko da. Lurralde Plangintzak 4,98 milioi euroko inbertsioa egin du bertan.

Elgoibarren, Sigma enpresak 1960ko hamarkadan bere langileentzat sustatutako izen bereko etxebizitza-auzoa hobetzeko lanak egingo dira. Horretarako, energia berriztagarriak txertatuko dira, irisgarritasun-ekintzak egingo dira —etxebizitza baterako kanpo-igogailua eta beste baterako barne-igogailua— eta balkoiak eraikiko dira. Horrez gain, inguruneari bultzada emango zaio, eta argiteria berritu, parkeak birgaitu edo trafikoa baretzeko guneak sortuko dira. Lurralde Plangintzak 3,27 milioi euroko aurrekontua du horretarako, eta 72 etxetan hobekuntzak egitea aurreikusten da.

Errenteriak Beraungo etxebizitzen hiri-berroneratzea eta energia-eraginkortasunaren hobekuntza bultzatuko ditu. Bertan hurbiltasuneko bulegoa jarriko da, komunitateei birgaitze-prozesuetan laguntzeko. Obrak irisgarritasuna hobetzeko eta autokontsumorako energia komunitateak sortzeko ere erabili ahal izango dira. Esperientzia pilotu honetarako 3,25 milioi euroko inbertsioa egingo du Lurralde Plangintzak eta 102 etxetara iristea aurreikusten du.

Irunek Via Irun hiria eta trenbidea berroneratzeko proiektuaren barruan, Aduana zaharraren eraikina bere hiriko gune berritzailearen …an bihurtuko du. Nabe zaharren multzo bat da hau, eraikin nagusi batekin, eta ekipamendu publiko bihurtuko dira. Horretarako, irisgarritasuna hobetzeko eta birgaitze energetikorako –inguratzailea, energia berriztagarriak- jarduketak martxan jarriko dira. Eremu horretako hiri-berroneratzeak Lurralde Plangintzaren 4,98 milioi euro jasoko ditu.

Leaburuk Txarama auzoan narriatuta egon daitezkeen eraikin eta etxebizitzen birgaitze ekojasangarria aktibatuko du, erkidego horien bizigarritasuna hobetze aldera. Horrez gain, zirkulazioa arintzeko eta bide-sarea eta errekak eta ibaiertzak leheneratzeko esku hartuko du. Lurralde Plangintzaren 1,5 milioi eurori esker, espero da bizitegi-eraikinetako jarduketak 78 familiari iristea.

Donostiak Altza auzoaren hiri-eraldaketaren lehen faseari ekingo dio. Eraikinen energia-efizientzia hobetuko da, fatxadetan jardungo da eta plaka fotovoltaikoak ezarriko dira —energia-erkidego baterako proiektu pilotu baten bidez—.Esku-hartze horiei plazen birnaturalizaziorako azpiegitura berdeko, berrurbanizazioko eta irisgarritasuneko beste esku-hartze batzuk gehituko zaizkie. Era berean, drainatze jasangarriko sistema txertatuko da eta lurzoru kutsatuak leheneratuko dira. Lurralde Plangintzak 9,46 milioi euro jarriko ditu eta 124 etxebizitzatara iristea espero da.

Sestaok Vista Alegre auzoan jardungo du; auzoko eraikinen energia-efizientzia (isolamendu aurreratuagoak dituzten inguratzaileak, energia berriztagarrien ekoizpena) eta irisgarritasuna hobetuko du, eta ingurunearen urbanizazioa sustatuko du, argiteria eta parkeak hobetzearen bidez, oinezkoentzako eremuak gehitzearen bidez eta drainatze-sistema jasangarriak eta auzo-mailako energia-instalazioak sortzearen bidez. Lurralde Plangintzak 4,39 milioi euro jarriko ditu eta 110 etxetara iritsiko da.

Soraluzek Ezozia auzoan esku hartuko du; bertan, eraikinen birgaitze integrala egingo da, igogailuak jarriko dira eta ibaiaren ondoan dagoen antzinako industria-erabilerako eremu estali bat (Sapa) berreskuratuko da, herritarrek erabil dezaten. Era berean, espazio publikoan jardungo da, argiteria hobetuz eta kaleak oinezkoentzako eremu bihurtuz. Lurralde Plangintzaren inbertsioa 5,84 milioi eurokoa izango da eta 132 etxebizitzatarako hobekuntzak egitea aurreikusten da.

Vitoria-Gasteizek Zaramaga auzoa berroneratuko du. Horretarako, parke eraikiaren birgaitze energetikoa egingo da (fatxadetarako inguratzaileak, berokuntza-sistema efizienteak, eta abar), irisgarritasuna hobetuko da (igogailuak), azpiegitura berdea handituko da eta hondar-beroa aprobetxatzen duen bero-sarea instalatzeko lehen fasea gauzatuko da. Bizikleta-bideak eta oinezkoentzako eremuak hobetuko dira eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatuko dira. Era berean, adineko pertsonentzako eguneko arretako eta ostatuko zentro bat sortzea proposatzen da, baita zaintza-zentro bat eta coworking bat ere. Halaber, udal-estalkietan plaka fotovoltaikoak eta eremu publikoan pergolak jartzea sustatuko da, etxebizitzei hein batean laga dakien. Lurralde Plangintzak 25,59 milioi euro jarriko ditu proiekturako eta hobekuntzak 500 etxe ingurura heltzea espero da, auzokideei oniritziaren baldintzarekin.  

Euskal Autonomia Erkidegoko auzo zaurgarrien hiri-berroneratze integralerako plana zabaltzeko hirugarren fasea

14 auzo horiek batzen zaizkie aurrez Euskadiko auzo zaurgarrien hiri-berroneratze integralerako lanean ari diren auzoei. Proiektua duela sei urte hasi zen Txonta (Eibar) eta Otxarkoaga (Bilbao) auzoetan sortu ziren programa pilotuekin. Auzo horietan, Europako funtsei esker, Opengela deituriko auzo-bulegoak instalatu ziren.

Lehen ekimen horiek izandako harrera onaren ostean, beste auzo batzuk batu zitzaizkien Durangoko Aramotz auzoa, Lasarte-Oriako Basaundi-Bailara auzoa eta Pasaiako Andonaegi auzoa. Azken hilabeteotan, beste auzo batzuk bat egiten ari dira planarekin: Peñucas (Abanto-Zierbena), La Florida (Portugalete), San Andres (Trapagaran), Aurora Vildosola (Santurtzi), Landata eta Dolores Madaria (Urduña) eta Goikolarra (Amurrio).