Eusko Jaurlaritzak % 10 igo ditu 2022an osasun-ikerketako proiektuetarako laguntzak, eta ia 6,2 milioi eurokoak dira (Gobernu Bilera 2022-10-18)

fotoconsejo.jpg

2022-10-18

 

Eusko Jaurlaritzak baimena eman du gastua 542.000 euro areagotzeko, berrikuntza-funtsetatik etorriko dena, 2022an osasun-ikerketako proiektuetarako laguntzak finantzatzeko. Hala, aurtengo deialdirako baliabide ekonomikoak, azkenean, 6.192.000 eurokoak izango dira.

Joan den apirilaren 5ean, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak hala proposatuta, deialdi hori onartu zen; deialdi horren jarduketen helburua da pertsonen osasuna eta osasun-sistemaren eginkizuna hobetzea, bai eta osasun-asistentzia eta bizi-kalitatea hobetuko dituzten ikerketa- eta berrikuntza-proiektuen garapena sustatzea ere. 

Orain, Sailburuak ere proposatuta, hornidura hori areagotuko da, zehazki honako ildo hauetan sartzen diren proiektuak finantzatzeko: osasun-ikerketa estrategikoko emaitzen traslazioa eta transferentzia sustatzeko ildoa, eta RIS3 pilotaje-taldeen zeharkako ekimen estrategikoak, 2030erako osasun pertsonalizatuko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana ezartzeko (ZTBP 2030) interes bereziko ekintza osagarritzat jotzen direnak.