Eusko Jaurlaritza baldintzarik gabeko oinarrizko errenta baterako Legegintzako Herri Ekimena kontuan hartzearen aurka agertu da (Gobernu Bilera 2022-3-8)

fotoconsejo.jpg

2022-03-08

Baldintzarik gabeko oinarrizko errenta baterako Legegintzako Herri Ekimena ez duela aintzat hartuko adierazi du gaur Eusko Jaurlaritzak, uste baitu Euskadik jadanik baduela arlo honetan emaitza onak ematen ari den eredu arrakastatsua. 

Asteroko bileran, Gobernu Kontseiluak lege proposamena ez onartzea erabaki du, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartua baitu, eta oso lan-fase aurreratuan dago, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege proiektu baten ekimena Legebiltzarrera bidaltzeko. Arau horrek indarrean dagoen eredua indartzeko balioko du, eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (IMV) prestazio berriarekin zerikusia duen guztia jasoko du. Izan ere, prestazio horren presentzia ez da kontuan hartzen Legegintzako Herri Ekimenean eta, beraz, zaharkituta geratzen da. 

Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak bereizi egiten ditu Gizarte Segurantzako sistema babesteko ekintza publikoa (bertan txertatzen da IMV) eta gizarte arretako ekintza publikoa (horretan sartzen da Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo RGI). Prestazio bakoitza arau jakin batzuen araberakoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunek sinergiaz eta ahalik eta eraginkortasun handienarekin bideratu beharreko eskakizunei erantzuten die. 

Eusko Jaurlaritzak RGIaren unibertsalizazioan sakontzearen aldeko apustua egin du, eredu arrakastatsua baita Euskadin. Horrekin, gaur egun behar bezala babestuta ez dauden populazio segmentuetara iritsi nahi du, seme-alabak dituzten familia behartsuetan bereziki eraginez.