Euskalmeten arabera, ekaina normala izan da prezipitazioei dagokienez, baina oso beroa lurralde osoan

2.jpg

2022-07-04

  • Ekaina muturreko hilabetea izan da batez ere hilaren 16tik 18ra bitartean izandako bero-boladaren ondorioz

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak adierazi du ekaina hilabete normala izan dela prezipitazioei dagokienez, baina oso beroa tenperaturei dagokienez, eta hilaren 16tik 18ra bitartean izandako bero-boladaren ondorioz nahiko muturrekoa izan dela esan daiteke.

Euskalmeten arabera, ekaina ezberdina izan da lurraldeko leku ezberdinetan, eta iparraldean normala izan dela esan daiteke (normala Bizkaiko itsasertzeko eskualdeetan eta hezea ere bai Gipuzkoan) eta lehorra hegoaldean (lehorra isurialdeen banalerroan eta oso lehorra isurialde mediterraneoaren zati handi batean, bereziki Ebroren ardatzean).

Horrela, Gipuzkoa ekialdeko arroek, Oriatik hasi eta Bidasoara artean, bildu zuten ur gehien, eta estazio gutxi batzuek gainditu zituzten 100 l/m²  (Eskas 140.2 l/m², Miramon 129.6, Belauntza 106.9, Andoain 104.1 eta Lasarte 103.1). Bizkaian, barnealdeko mendiko eremu batzuetan eta itsasertzeko leku batzuetan bakarrik hurbildu ziren kopuru horietara (Oiz 96.1 l/m², Matxitxako 85, Berna 73.5, Urkiola 70.4 eta Cerroja 62.9).

Gipuzkoako goiko arroetan, aldiz, kopuru txikiagoak metatu ziren (Arrasate 39 l/m² eta Zegama 38.8), isurialdeen banalerroaren beste aldean bezala, eta estazio batzuk ez ziren 10 l/m²-ra ere iritsi. Berez, eta mende honetako datuak kontuan hartuta, ekaina tarteko posizio batean dago lurralde osoari dagokionez, baina isurialde mediterranioari dagokionez lehorrenetako bat izan da (lehorrena Arabako Errioxan, 2001eko ekainarekin batera).

Tenperaturei dagokienez, ekainaren berezitasuna hilaren 14tik 19ra artean izandako belo-bolada izan da, nahiz eta bero-bolada berez 16tik 18ra arteko egunetan izan zen, eta ekain bateko aurreko errekorrak nabarmen gainditu ziren.

Efemeride gehien ekainaren 18an neurtu ziren isurialde kantauriarreko leku gehienetan, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako estazio batzuetan mende honetan erregistratutako urteko maximo absolutuak markatu ziren. Bero-boladak 35 ºC-tik gorako balioak utzi zituen 4 egunetan jarrian barnealdeko zenbait lekutan, eta bi gau tropikal Euskadi osoan.

Aldi berean, tenperatura minimoak ere altuak izan ziren. Horrela, bi gauetan jarraian balioak ez ziren 18-22 ºC-tik jaitsi. Tenperatura minimo altuenei dagokienez, Páganoseko (Guardia) estazioak neurtutako 22 ºC-ak daude edo Zorrotzako (Bilbo) 21,8 ºC-ak; bi balioak hilaren 17an erregistratu ziren.

Ekainaren 18an Bizkaiko, Gipuzkoako eta Araba iparraldeko leku askotan erregistratutako tenperatura maximoek nabarmen gainditu zituzten 40 ºC-ak, baita 42 ºC-ak ere Euskalmeten sareko 7 estaziotan. Errekor berri horiek kasu askotan gradu batean baino gehiagoan gainditu dituzte aurreko efemerideak. Gardeako estazioan (Laudio), adibidez, 42,4 ºC neurtu ziren, Orozkon 41,9º C eta Behobian 42,2 ºC.

Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa normala izan da isurialde kantauriarrean, eta isurialde mediterranioan, berriz, eguzki-orduak urte-sasoi honetan espero zitezkeenak baino gehiago izan dira, % 14 gehiago, gutxi gora-behera. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 176 eguzki-ordu izan zituen, Donostiak 197 eta Gasteizek 248.

Ekainean Eusko Jaurlaritzak 18 abisu hori aktibatu zituen, horietako 3 prezipitazio handiengatik, 2 galernagatik, 3 tenperatura-altu iraunkorrengatik, 6 muturreko tenperatura altuengatik eta 4 basoko sute-arriskuagatik. Gainera, 6 alerta laranja ezarri zituen, 1 tenperatura altu iraunkorrengatik, 3 muturreko tenperatura altuengatik eta 2 basoko sute-arriskuagatik.