Euskalmeten arabera aurtengo uda serie historikoak daudenetik izan den bigarren beroena izan da, 2003koaren atzetik

Argitalpen-data: 

  • Azken urteotako udarik muturrekoena izan da, eta % 20 gehiago izan dira eguzki-orduak
  • Prezipitazioei dagokienez, oso uda lehorra izan da, Gipuzkoako itsasertzeko eskualdeetan izan ezik, horietan balioak normalak izan baitira

  • Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, aurtengo uda meteorologikoa (ekaina, uztaila eta abuztua) serie historikoetako bigarren beroena izan da, 2003koaren atzetik, eta eguzki-orduak % 20 gehiago izan dira. Prezipitazioei dagokienez, oso uda lehorra izan da, Gipuzkoako itsasertzeko eskualdeetan izan ezik, horietan balioak normalak izan baitira.

    Muturreko meteorologiari dagokionez, urtaroa oso aktiboa izan da. Horrela, hiru hilabete hauetan Eusko Jaurlaritzak 64 abisu hori, 20 alerta laranja eta 5 alarma gorri aktibatu zituen, batez ere bero-boladekin eta basoko suteen arriskuekin lotuta.

    Euskal Autonomia Erkidego osoan uda meteorologikoa oso beroa izan dela egiaztatzeko ikusi besterik ez dago lurralde osoan izan diren batez besteko tenperaturak. Horrela, itsasertzeko batez besteko tenperatura 21-22 ºC ingurukoa izan da eta Arabako Lautadan 20 ºC-koa, eta Arabako Errioxan zertxobait altuagoa, 22 eta 23 ºC artekoa, 1981-2010 denboraldiko batez besteko normala baino 2,4 ºC altuagoa. Hala ere, bada datu bitxi bat: uztailaren 1ean Arabako estazio batzuek izoztearen inguruko tenperatura minimoa erregistratu zuten.

    Hiruhileko honetan 2 ºC-tik gorako anomaliak izan dira, eta egun batzuetan izandako muturreko beroaren ondorioz abisu ugari aktibatu behar izan dira: 12 tenperatura altu iraunkorrengatik eta 19 muturreko tenperatura altuengatik. Gailurra uztailean jo zen, hilabete horretan Eusko Jaurlaritzak 3 alarma gorri aktibatu baitzituen muturreko tenperatura altuengatik.

    Euskalmeten arabera, prezipitazioei dagokienez, aurtengo uda oso lehorra izan da. Horrela, Araban, eta Bizkaiko zati handi batean, espero zitekeen euriaren erdia baino gutxiago egin du, eta Araba hegoaldean ohiko denaren % 30 baino gutxiago. Azken finean, azken urteotako udarik lehorrenetako bat izan da, baina aurretik izan dira aurtengoa baino lehorragoak, esate baterako, 1986koa, 1991koa edo 2005ekoa eta 2012koa.

    Hiruhilekoan metatutako prezipitazioen banaketa espazialaren arabera, prezipitazio gehien Gipuzkoa ipar-ekialdean izan da, bai Nafarroarekin muga egiten duten mendietan bai ekialdeeneko itsasertzean. Inguru horretako estazio askotan gainditu dituzte 200 l/m², eta gainerakoen gainetik ibili dira nabarmen Eskas 416.7 l/m², Añarbe 293.8, Miramon 270.4, Behobia 268.3 eta Oiartzun 239.1. Oso bestelakoak dira Araba hegoaldean metatutakoen datuak (Subijana 19.3 1 l/m², Moreda 21.7, Nanclares 25.6, Alegría 31.2, Espejo 32 eta Navarrete 32.2).

    Hortik kanpora, prezipitazio-metatu esanguratsuak izan dira Bizkaiko itsasertzeko eta mendialdeko puntu batzuetan (Oiz 196.91 l/m², Urkiola 149.4, Matxitxako 145.7 eta Berna 136). Gainera, nabarmendu behar da Bilboaldean edo Debagoienan ez zirela 100 l/m²-ra iritsi, (Abusu 84.2, Derio 87.7 eta Arrasate 76.6).