Euskalmetek ekaineko tenperatura maximoen errekor berriak erregistratu ditu

Foto_2.jpg

2022-06-20

  • Hilaren 18an nabarmen gainditu ziren Kantauriko isurialdean ekaineko tenperatura maximoen errekorrak
  • Ezohiko bero-boladak 35 ºC-tik gorako balioak utzi ditu 4 egunetan jarraian barnealdeko zenbait lekutan, eta bi gau tropikal Euskadi osoan

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak bero-bolada honetan erregistratu dituen tenperatura maximoek nabarmen gainditu dituzte ekaineko aurreko errekorrak. Efemeride gehienak joan den larunbatean, ekainaren 18an, neurtu ziren Kantauriko isurialde gehienean. Era berean, Bizkaiko eta Gipuzkoako estazio batzuetan mende honetan erregistratutako urteko tenperatura maximo absolutuetara iritsi ziren. Bero-boladak 35 ºC-tik gorako balioak utzi ditu 4 egunetan jarrian barnealdeko zenbait lekutan, eta bi gau tropikal Euskadi osoan.

Euskalmeten arabera, tenperatura minimoak ere altuak izan dira. Horrela, bi gauetan jarraian balioak ez ziren 18-22 ºC-tik jaitsi. Tenperatura minimo altuenei dagokienez, Páganoseko (Guardia) estazioak neurtutako 22 ºC-ak daude edo Zorrotzako (Bilbo) 21,8 ºC-ak; bi balioak hilaren 17an erregistratu ziren.

Ekainaren 18an Bizkaiko, Gipuzkoako eta Araba iparraldeko leku askotan erregistratutako tenperatura maximoek nabarmen gainditu zituzten 40 ºC-ak, baita 42 ºC-ak ere Euskalmeten sareko 7 estaziotan. Errekor berri horiek kasu askotan gradu batean baino gehiagoan gainditu dituzte aurreko efemerideak. Gardeako estazioan (Laudio), adibidez, 42,4 ºC neurtu ziren, Orozkon 41,9º C eta Behobian 42,2 ºC.

Aldi berean, Bizkaiko eta Gipuzkoako estazio batzuetan erregistratutako balioek mende honetako tenperatura maximoen urteko errekor berriak ezarri dituzte. Aipatzekoak dira, adibidez, Oletako (Amoroto) 42,2 ºC-ak, Añarbeko (Oiartzun) 41,5 ºC-ak edo Santa Clarako (Donostia) 40,2 ºC-ak.

Bero-bolada hilaren 18ko arratsaldeko lehenengo orduan amaitu zen bat-batean. Lehenengo Bizkaia mendebaldean aldatu zen haizea, eta arratsaldean zehar lurralde osoan. Haize-aldaketaren ondorioz 10 ºC baino gehiago jaitsi ziren tenperaturak minutu gutxi batzuetan, eta horrekin amaitu zen bero-bolada.