Euskal kirol-selekzioek bidea egin dute nazioartean

Argitalpen-data: 

Irekia.jpeg

300 kirolari baino gehiago, kontinente guztietako 25 herrialde, hogei bat euskal kirol-federazio inplikatuta, eta lehiaketa ofizialak, lagunarteko lehiak eta 20 kirol desberdinen erakustaldiak. Euskal kirol-selekzioen 2022ko nazioarteko jarduera laburbiltzen duten zifrak dira. Datuok ostegun arratsalde honetan eman dira jakitera, Itsasmuseumeko auditorioan egindako ekitaldian, euskal gizartea osatzen duten esparru desberinetako ordezkarien aurrean. 

Euskal selekzioak sustatzen eta bultzatzen dituen Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) antolatutako ekitaldi honen buru honako hauek izan dira: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Gorka Urtaran, Eudeleko presidentea eta Vitoria-Gasteizko alkatea, Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroletako zinegotzia, eta Angel Gurrutxaga eta Leire Gerenabarrena, EKFBko presidentea eta gerentea, hurrenez hurren. Ekitaldiak agerian utzi du instituzioen artean dagoen lankidetza aparta, Euskadik nazioarteko kirol-arloan modu eraginkorrean parte har dezan sustatzeko, eta munduari erakusteko euskal kirolarien bikaintasuna, lehen mailako ekitaldiak antolatzeko gaitasuna, lehiakortasun-maila handia eta federazioen ospea euskal kirol-selekzioen bidez. 

Bloke instituzionalerako sortutako mahai-inguruan, euskal kirol- selekzioen aldeko apustua erabatekoa dela azpimarratu da, eta aipatu da Eusko Jaurlaritzaren, EKFBren, tokiko instituzioen eta euskal federazio eta kluben arteko aliantza funtsezkoa dela euskal kirola ahalduntzeko eta sustatzeko.

Bingen Zupiria sailburuak adierazi duenez "herri bezela daukagun izan nahia munduari erakustea eta munduaren aurrean euskaldun bezala agertzea" da helburua eta gaineratu duenez "kirola izan daiteke munduaren aurrean euskaldun bezala agertzeko modua". Bide horretan EKFBren lankidetza eskertu du sailburuak eta euskal erakundeen babesa izango dutela gaineratu du. 

Adostasun handiz lanean ari diren instituzio horiekin batera, euskal kirol-federazioak izan dira ekitaldiaren protagonista. Beren ordezkari betearazle eta kirolarien bidez, mahai-inguruetan aditzera eman dute 2022an beren selekzioekin izan duten kirol-jarduera bizia, Euskadi nazioartean bultzatu eta ordezkatu ahal izateak egiten dien ilusioa eta haientzat den harrotasun izugarria; eta zertzelada batzuk eman dituzte 2023an egin nahi duten jardueraz, itxuraz urte hori euskal kirol- selekzioen historiako urterik aktiboena izango baita. 

Bestalde, euskal gizarteak "Herritarrok" izeneko mahaian izan du ordezkaritza, honako kide hauekin: Iñigo Vicens aurkezlea, Ane Muruamendiaraz kirol-kazetaria, Maria Iraragorri —Athleticeko lehen aurrelari mitikoetako bat eta Gerra Zibileko urteetan mundua miretsi zuen Euskadiko selekzioko kide izan zen Jose Iraragorriren alaba— eta Beñat Zarrabeitia. 

Ekitaldian honakoak izan dira ikusgai: Karate eta Gimnasiako eta Sokatirako euskal selekzioen erakustaldiak, Mendi Lasterketetako "Euskal Selekzioa" taldearen barketaren erakusketa, Kayak Surfeko Euskal Selekzioaren piragua, Motonautikako Euskal Selekzioaren motoak. Xabi Solanoren trikitiak girotu du ekitaldia, eta euskal selekzioak jantziz hornitzen dituen Umbro markako janzkera ofiziala erakutsi da, EKFB euskal selekzioekin egiten ari den marka bateratuaren kudeaketaren adibide argi gisa.