Euskal gizartearen % 73,3ren ustez ausazko jokoak arazo bat dira euskal gizartearentzat
2022-10-29
- Hala eta guztiz ere, gehienek, % 76,6k, jokatu dute azken urtean, batez ere loterian eta ONCEn
- Inkestari erantzun dioten pertsonen % 75-80 inguruk uste dute joko-aretoak iristeko zailak diren lekuetan, herriguneetatik kanpora, kokatu beharko liratekeela, eta, batez ere, ikastetxeetatik urrun. Gainera, % 14-16 dago era horretako lokalak debekatzearen alde
- Bihar, urriak 29, “Ausazko Jokorik gabeko Munduko Eguna” da
Aitor Uriarte Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen zuzendaria buru duen Jokoaren Euskal Behatokia hasita dago Jokoaren inguruko gizarte-pertzepzioa eta balorazioa Euskadin azterlan berria lantzen. Txostena datorren urtean argitaratuko da, baina jada zerbait aurreratu dute. Eusko Jaurlaritzak UPV/EHUrekin elkarlanean egiten dituen azterlan horiek funtsezkoak dira joko arduratsuari buruzko erabakiak hartzeko eta politika publikoak planifikatzeko, bai eta joko patologikoaren prebentziorako eta joko-mota horri aurre egiteko ere.
Azterlanaren aurrerapenaren arabera, Euskadin herritarren % 73,3k uste dute ausazko jokoak arazo bat direla euskal gizartearentzat, iritzi hori batez ere emakumeek dute, % 75,5 baitira pertzepzio hori dutenak. Adin-tarteen arabera, jokoa arazotzat dutenen ehunekoa handia da guztietan, baina, batez ere, 30 eta 44 urte bitartean dituztenen artean, % 78k jotzen baitute arazotzat.
Azterlanak bereizita aztertzen ditu aurrez aurreko eta online jokoekiko ohiturak, eta pertzepzioa negatiboagoa da online jokoen kasuan:
- Aurrez aurreko jokoari buruzko pertzepzio negatiboa du % 45,9k, bai gizonen kasuan (% 43,5) bai emakumeen kasuan (48,5), eta ia adin-tarte guztietan.
- Online jokoari buruzko pertzepzio txarra edo oso txarra dutenak % 65,9 dira. Pertzepzio hori batez ere emakumeek dute (% 66,9), eta batez ere 65 urtetik gorakoek (% 66,3).
Bestalde, azterlanak aurrekoetan egiaztatzen joan dena adierazten du: pertsona gehienek parte hartu dute ausazko jokoetan azken urtean (% 76,6). Horietako gehienak 45-64 adin-tarteko gizonezkoak dira, eta batez ere loterian (nazionalean eta Primitivan) eta ONCEko jokoetan jokatzen dute. Tarte handira, B motako makinak, bat-bateko loteriak eta kirol-apustuak daude.
Inkestari erantzun dioten pertsona gehienen (% 65,4) ustez, gizonek emakumeek baino gehiago jokatzen dute, eta antzera jokatzen dute gazteek eta helduek.
Joko-aretoen kokapena
Datorren urtean osorik argitaratuko den azterlan honetan joko-aretoen kokapenari buruz ere galdetu dute. Gehienen ustez, joko-aretoak ikastetxeetatik urrun edo iristeko zailak diren lekuetan, herriguneetatik kanpora, kokatu beharko lirateke.
- B motako makinak: hori uste du % 76,7k.
- Kasinoak: hori uste du % 80,2k.
- Joko-aretoak: ehunekoa % 79,7koa da.
Bestalde, % 14-15 inguruk uste du era horretako lokalak debekatuta egon beharko liratekeela.