Euskal espetxe ereduak "adostasun zabala" sortu du epailetzaren, fiskaltzaren eta hirugarren sektorearen artean, Artolazabalek azaldu duenez
2022-09-30
- Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du, Eusko Legebiltzarreko kontrol-bilkuran, “hobekuntza-ildo berriak” ireki direla, joan den astelehenean Arabako espetxean izandako bileraren ondoren
- “Adostasunetik kanpo zuek bakarrik zaudete, eskuin muturrekoeneko komunikabideekin eta espetxeetako langileen artean gutxiengoa duten sindikatuekin batera”, erantzun dio sailburuak Luis Gordillo PP-C´Seko interpelazioari
Gasteiz, 2022/09/30
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Euskal Espetxe Ereduaren defentsa irmoa egin du gaur. Eredu horrek erdiaskatasun-erregimenaren aldeko apustua egin du zigorrak betetzeko. “Argi utzi nahi dut erregimen irekiak ez dakarrela kartzelatik ateratzea. Hirugarren graduek banakako tratamendu-planean ezarritako helburuak bete beharra dakarte, eta kontrola, segimendua eta ebaluazioa behar dituzte”.
Sailburuak adierazpen horiek egin ditu Eusko Legebiltzarra kontrolatzeko osoko bilkuran eta Luis Gordilloren (PP-C´s) interpelazioari erantzunez. Hark zalantzan jartzen zuen “euskal espetxe-eredua ezartzearen inguruan Gobernuak dituen helburuak”.
Artolazabalek bere hitzaldian onartu du bazekiela euskal ereduaren garapenean, Eusko Legebiltzarreko talde gehienen adostasunetik sortua, “interes mediatiko eta alderdikoiek” eragindako oztopoak izango zirela. “Kritika interesatuak, gezurrak eta manipulazioak”, esan du.
Ildo horretatik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Euskadiko Espetxe Eredua Eraikiz izeneko jardunaldia aipatu du. Joan den astelehenean, Arabako espetxean estamentu juridiko, judizial eta sozialen ordezkaritza bat bildu zuen, espetxe-kudeaketaren lehen urtea aztertzeko.
“Joan den astelehenean Epailetza, Fiskaltza, Ararteko, Espetxe Administrazio, Osasun, Hezkuntza eta hirugarren sektoreko beste erakunde batzuekin bildu ginen, ESEN sarean bilduta eta espetxeen ordezkari batekin”, esan du Artolazabalek. “Bileratik beste hobekuntza-ildo batzuk sortu ziren; baina ondorioa da espetxe-ereduaren eta lehen urte honetan eman ditugun urrats irmoen inguruan adostasun zabala dagoela”, jarraitu du sailburuak, eta berriro aipatu du “parlamentuko akordio zabala” dela.
“Adostasun horretatik kanpo, zuek bakarrik, eskuin muturreko komunikabideekin eta euskal presoen artean gutxiengoa duten sindikatuekin batera. Aliantza bitxia”. Era berean, esan du ez direla Legebiltzarrak markatutako ibilbide-orritik "despistatuko”.
Sailburuak erdi-askatasunean egindako zigorren betetze-mailari buruzko datuak eman ditu: 457 progresio hirugarren graduan, ezarritako %40ko helburura hurbiltzen direnak. Eta, besteak beste, honako gai hauei buruz hitz egin du: Justizia Errestaurativoa, biktimak eta biktimarioak; gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten zigortuentzako programak; Aukerak erakundearen bidezko prestakuntza eta enplegua, zuzenean lan egiten duten 331 pertsona eta beste 150, kanpoko bederatzi enpresarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen bidez.
Bere hitzaldian, “lankidetza kritikoa eta lortutako akordioak” aipatu ditu Acaip-UGT espetxeetako plantillako sindikatu nagusiarekin, eta “akordio horiek zabaltzeko” laguntza eskeini die “gainerako sindikatuei”.