Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak 1.034 lanpostu deitu ditu funtzionario eta lan kontratuko langileentzat

BEC.jpg

2022-09-13

  • Funtzionarien hogei bat eskaletako eta lan kontratuko langileen hainbat kategoriatako oinarri espezifikoak onartzen dituen Agindua argitaratu du gaur EHAAk
  • Plaza horiek aurretik deitutako 1.272 plazei gehituko zaizkie, eta horien izangaiek asteburu honetan egingo dituzte probak Barakaldoko BECen.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) gaur argitaratu du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuaren Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko karrerako funtzionario izateko prozesuak deitzeko oinarri espezifikoak eta lan kontratuko langileentzako salbuespenezko prozesuen eta prozesu berezien oinarri orokorrak onartzen dituena, bai eta lan kontratuko hainbat kategoriatako oinarri espezifikoak ere. Guztira 1.034 plaza deitu dira; horietatik 957 funtzionarioen hogei bat eskalari dagozkie, eta 77 lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiborako gordetako plazei.

Maiatzean 1.272 lanposturen oinarri orokorrak eta espezifikoak argitaratu ondoren, bigarren deialdi hau funtzionarien plaza hutsei dagokie. Deialdi horren probak datorren asteburuan (irailak 17 eta 18) egingo dira Barakaldoko BECen. Asteburu honetako probetarako, 24.061 pertsona eta 48.054 eskaera erregistratu dira; izan ere, horietako gehienek eskala edo eskala bat baino gehiago izango dute bi sarbide prozesuetan (berezia eta salbuezpenekoa).

Bigarren deialdirako argitaratutako funtzionarioen oinarri espezifikoek 23 eskalatarako baldintza zehatzak zehazten dituzte. Horien artean, adibidez, Administrazioko Goi Mailako Eskalari, Teknika Juridikoko Eskalari, Kudeaketa Eskalari, Estatistika Eskalari eta Datuen Analisiari edo Hizkuntza Normalkuntzako Eskalari dagozkien plazak deitzen dira. Enplegua finkatzeko prozesu hori lehiaketa-oposizio bidez (308 plaza) edo merezimendu-lehiaketa bidez (649 plaza) eskura daiteke.

Lan kontratuko langileei dagokienez, argitaratutako oinarri espezifikoek 77 lanposturen deialdia arautzen dute. Horietatik 26 Ibaiondo ikastetxeko gizarte hezitzaileei buruzkoak dira, eta gainerakoak beste lan kategoria batzuei buruzkoak, hala nola garbiketa, sukaldea, inprimategia, gaueko zaintza, etab.

Plaza horiek guztiak aurretik Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuaren 2022ko maiatzaren 18ko Aginduaren bidez deitutako 1.272 plazei gehitzen zaizkie. Modu honetara, gaur gaurkoz, funtzionarioei dagozkien deitutako plazen guztizko kopurua 2.229ra igotzen da.

Administrazio Orokorrak, 2022ko abenduaren 31 baino lehen, funtzionarioak eta lan kontratuko langileak hornitzeko eta hautatzeko beste prozesu batzuk deitzea aurreikusten du, 3.700 plaza inguru bete arte.