Euskadiko Orkestraren 2022-2023 Denboraldia: Tragedia gainditzea

Argitalpen-data: 

  • Euskadiko Orkestraren Denboraldi berriak tragediatik hura gainditzera garamatza musikaren eta haren adibide handien bitartez: Xostakovitxen gordintasuna, Txaikovskiren mamuak, Brucknerren sinfoniarik handiena edota Carl Orffen lanik ospetsuena. 
  • Orkestrak pandemian bertan behera utzitako egitasmoak berreskuratuko ditu; Carpenterren ‘Mamu kantak’ lanaren estreinaldia esaterako, hiru orkestra britainiarrekin batera agindutako lana. 
  • Euskal Herriko sorkuntzak ere hartuko du garrantzia Ramon Lazkanori agindutako ‘Mare Marginis’ lanaren estreinaldiari esker, bai eta ‘Elkano: Mundubira musika bidelagun’ proiektuaren amaierarekin –Zuriñe F. Gerenabarrenaren ‘Lorratz’ lanaren bitartez–, munduari gure konpositoreen iruditeriaren bitartez bira egin ondoren. 
  • Euskadiko Orkestrak oso gutxitan interpretatutako lan bitxiak, entzutea merezi dutenak, ezagutaraztea bultzatuko du, orobat, hala nola Adamsen ‘Doctor Atomic Symphony’ lana, bai eta Euskal Herrian oso ezagunak ez diren Veprik eta Dzenitis musikagileen lanak ere, besteak beste. 
  • Asmo hori bete nahian, sona handiko artistak egongo dira gurekin: Alexei Volodin, Alena Baeva, Yulianna Avdeeva, Dinis Sousa, Roderick Cox eta Frank Peter Zimmermann, adibidez. Bai eta gure lurraldeko artista handi batzuk ere, hala nola Donostiako Orfeoia –haren 125. urteurrenean–, Easo Gazte eta Easo Eskolania, Carlos Mena eta Jone Martínez sopranoa. 
  • Robert Treviñok Euskadiko Orkestraren zuzendari titular izaten jarraituko du.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak Euskadiko Orkestraren denboraldi berriaren aurkezpenean hartu du parte Oriol Roch zuzendariarekin eta Robert Treviño zuzendari titularrarekin batera. 

Abonu denboraldiko programazioa 

Arte-sorkuntzarako inspirazio-iturri arras handia izan da beti Historiaren bilakabidea. Baita musikarako ere; arimaren ispilu bihurtu baita maiz, zoritxarrarena eta tragedia gordinenarena, baina baita hura gainditzearen ispilu ere. Eta premisa horien gainean diseinatu eta eraiki da, hain zuzen ere, Kontzertu Denboraldi berriaren ardatza. Ezbeharrean oinarrituta nork bere burua hobetzearen gaineko kontakizunaz mintzo gara, eta hor musikak, arte gorena izanik, adibide bikainak eman ditu historian zehar; horietako batzuk izango ditugu gurekin 2022-2023 Denboraldian. Hizpide ditugu, hain zuzen ere, Xostakovitxek bere noten bitartez adierazten duen gordintasun –batzuetan ezkutatu– hori (8. Sinfonia), Txaikovskiren mamuak (4. Sinfonia), Brucknerren sinfoniarik handiena (8. Sinfonia) eta mundu osoan oraindik aditzen den Carl Orffen lanik ospetsuena (Carmina Burana) –Donostiako Orfeoiarekin batera haren 125. urteurrenean–. 

Euskadiko Orkestraren 2022/2023 abonu-denboraldia irailaren 23an hasiko da Gasteizen, eta 2023ko ekainaren 9an amaituko da Donostian. Guztira 10 abonu-programa izango dira, Gasteizen (10), Bilboren (10), Donostiaren (10x2) eta Iruñearen (10) artean banatuta; orotara 50 kontzertu egongo dira, hortaz. Abonu-denboraldiari dagokionez bakarrik. Azaldu berri dugunari jarraikiz, Xostakovitxek 8. Sinfonian azaleratzen duen tragediak emango dio abiapuntua denboraldiari. Lan hori 1943. urtean sinatu zuen, eta Bigarren Mundu Gerran izandako milioika hildakoek eragin zioten zirrararen emaitza da. Xostakovitxek emango dio amaiera, halaber, 15. Sinfoniaren bidez; tragedia gainditzea begiztatzen da bertan, baikortasuna baitario 1971n idatzitako lanari.

Denboraldi honetan errealismo- eta ezbehar-dosi eskergak daude, baita, halere, haien gainditzea, baikortasuna, energia eta grina ere. 

Robert Treviñok jarraituko du zuzendari titular 

2021-2022 Denboraldia amaituta, Robert Treviñok zuzendari titular gisako bosgarren eta azken denboraldia amaitu du. Orkestrak azken urteotan lortu dituen emaitza artistiko handiak eta kritikaren babes orokorra direla-eta, haren titulartasunari jarraipena eman eta hura luzatzea erabaki da, hura amaitzeko egunik zehaztu gabe. 

Orkestraren zuzendari titularrak bere gain hartuko ditu Denboraldiko hamar programetatik lau. Denboraldiko lanik sinbolikoenetako batzuk zuzenduko ditu, Xostakovitxen 8. Sinfonia eta 15. Sinfonia kasu, Denboraldiari hasiera eta amaiera ematekoak, hurrenez hurren. Baita Brucknerren Zortzigarrena, katedral sinfonikoetan nagusitzat hartua, eta Mahlerren Bosgarrena, beste gainditze-istorio bat bihurtua, ere. Hura arduratuko da, orobat, Zuriñe F. Gerenabarrena (Lorratz) eta Ramon Lazkano (Mare Marginis) euskal musikagileen estreinaldiez; Alexandre Tharaud pianojolea bakarlari arituko da bigarrenean. 

Estreinaldi partekatuak eta errepertorio berria

Gary Carpenterren Mamu kantak (Ghost Songs) Erresuma Batuko hiru orkestrak (Royal Scottish National Orchestra, City of Birmingham Symphony Orchestra eta Royal Liverpool Philharmonic Orchestra) eta Euskadiko Orkestrak agindutako lan bat da, azken biek Robert Treviñoren bitartez duten harremanaren emaitza. Partiturak Marion Angus poetaren testu batzuk ditu, eta, euskaratuta, EASO Gaztek eta EASO Eskolaniak kantatuko dituzte. 

Mare Marginis da Ramon Lazkanok ondutako pianorako kontzertuaren izena. Radio Francek, Euskadiko Orkestrak eta WDR orkestrak (Koloniako Irratiaren Orkestra) batera agindutako lan bat da. Lan hori Radio Franceren 2023ko Présences jaialdian estreinatuko da otsailaren 11n, François-Xavier Rothek zuzendutako Frantziako Orkestra Nazionalarekin. Astebete geroago Euskadiko Orkestrak joko du eta, maiatzaren 20an, berriz, WDR orkestrak aurkeztuko du. 

Denboraldiko hirugarren erabateko estreinaldia Zuriñe F. Gerenabarrena gasteiztarraren Lorratz lana izango da, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuaren barruan. Mikel Chamizoren, Mikel Urquizaren, Joel Merahren eta Teresa Catalanen ondotik, Gerenabarrenak emango dio amaiera lehen mundubiraren oroitzapena gure musikagileen iruditeriaren bitartez egiteko ekimenari. 

Estreinaldiez gain, orkestrak lehen aldiz interpretatuko ditu hamar lan gehiago, eta errepertoriora gehituko ditu horrenbestez. Entzuleek aurkikuntza handia ere egin ahal izango dute interpretazio horiei esker. Haietako bi nabarmentzen dira oroz gain: batetik, Doctor Atomic Symphony (John Adams), zeinak begirada etsia erakusten baitu Mexiko Berriko Los Alamos en Bigarren Mundu Gerran lehen bonba atomikoaren lehenengo proba prestatzen ari zirenek pairatutako estresaren, larritasunaren eta minaren aurrean, eta, bestetik, 2 poèmes (Alexander Veprik). Musikagile errusiar hori Gulagera bidali zuten 1950etik 1954ra arte nazionalista judua izatea egotzita; askatu zutenean, hiltzear zegoelarik, bi poema horiek idatzi zituen. 

Errepertorio berri horrekin batera orkestrak honako lan hauek ere joko ditu: Biolinerako 2. kontzertua (Xostakovitx), Alena Baevak interpretatuta; Biolinerako kontzertua (Elgar), Frank Peter Zimmermann biolinjolearekin; Biolontxelorako kontzertua (Korngold), Anne Gastinel biolontxelistarekin; eta Pianorako 2. kontzertua (Chopin), Yulianna Avdeevaren eskutik. Beethovenen eta Mahlerren Bosgarrenak ere egongo dira kantoreetan eta, guztira, 28 lanek osatuko dute kontzertuen denboraldi berria.  

Zuzendariak, bakarlariak eta abesbatzak 

Orkestrak hainbat artista hartuko ditu berriz ere bere programazioan, baina nabarmentzekoa da hark bakarrik helduko diela hiru programari, bakarlari gonbidaturik gabe; interpretazio-protagonismo handia izango du, beraz, haiei esker. 

ZUZENDARIAK: Robert Treviñok hasiera eta amaiera emango dio Kontzertu Denboraldiari, eta lau programa jorratuko ditu guztira. Gainerako programetan honako hauen artean banatuko da podiuma: Roberto Fores, Dinis Sousa, Roderick Cox, Christoph-Matthias Mueller eta Karel Mark Chichon; lehen aldiz arituko dira guztiak Euskadiko Orkestra zuzentzen. Zuzendarien zerrenda osatuko du, halaber, Pablo Gonzalez espainiarrak. 

BAKARLARIAK: Atal honetan lehen aldiz hartuko ditugu Alexandre Tharaud (pianoa) eta Anne Gastinel (biolontxeloa). Berriz gurekin egongo dira Alexei Volodin eta Yulianna Avdeeva (pianoa), bai eta Alena Baeva eta Frank Peter Zimmermann (biolina) ere. Ahotsei dagokienez, lehenik Jone Martinez arituko da, eta, haren ondotik, Carlos Mena tenorra eta Javier Franco baritonoa. Hiru solista horiek abestuko dute, Donostiako Orfeoiarekin batera, Carl Orffen Carmina Burana

ABESBATZAK: Jaialdi eta abarretako emanaldi batzuetan batera aritu bagara ere, abonu-denboraldian lehen aldiz hartuko ditugu Easo Gazte eta Easo Eskolania. Ghost Songs lanaren euskarazko bertsioaren estreinaldiaz arduratuko dira: Mamu Kantak. Donostiako Orfeoiak, haren 125. urteurrenean, orkestrarekin batera interpretatuko du Carmina Burana lana.

Orkestraren beste jarduera batzuk 

Poloniako bira

Euskadiko Orkestra 2020ko martxoaren 9an atera zen azkenekoz nazioartera, erabateko itxialdia baino lehentxeago. Iaz bertan behera utzi behar izan zuen Salzburgorako bidaia, Austriaren ustekabeko itxialdiaren ondorioz, eta kontzertu horiek 2024ko otsailerako geroratu ziren. Baina, hori baino lehen, Beethoven Jaialdiaren gonbidapenaren berri eman behar dugu. Polonian egiten da jaialdi hori, eta 2023ko martxoan joango da hara orkestra. Bira horretan hiri hauek daude: Krakovia, Varsovia, Katowice eta Wroclaw. 

Grabazioak

Kontzertu-jarduera biziarekin batera, asmo handiko grabazio-proiektu batean murgilduta dago orkestra. Denboraldi honetan Maurice Ravelen orkestra-lanen bigarren bolumena nabarmenduko da. Euskadiko Orkestrak Ondine diskoetxearekin eta Robert Treviño zuzendariarekin hasitako bideari jarraituko dio. Ravel eta Americascapes egin ondotik –zeinak oso kritika onak eta sariak jasotzen ari baitira oraindik izenik handieneko hedabide espezializatuen aldetik (Gramophone, France Musique, BBC Music Magazine, Diapason, The New Yorker…)–, bigarren Ravel bat baieztatuta dago. Grabazioa erregistratuta dago jada, eta udaren bururako dago aurreikusia nazioartean kaleratzea. 

Proiektu partekatuak

Orkestrak eutsi egingo die aurretik zituen konpromisoei, hala nola ABAO Bilbao Operaren denboraldiarekin, Bilboko Musika-Músicarekin, BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak Sarien galarekin, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin eta Musikasterekin. Eta atzera egingo du, pandemiaren ondorioz bi urte bertan behera utzi ondotik, belodromoan Donostia Zinemaldiaren eskutik egin ohi duen soinu-banden kontzertua. Konpromisoetara zita berriak gehitu ditu, halaber: Viralgen, Donostiako Orfeoiaren bazkideen kontzertua, EITBren 40. urteurrena eta El Diario Vascoren Eguberrietako kontzertua.

Miramongo Matinéeak eta Musika Gela zikloak, berriz, geroago aurkeztuko dira.

ABONUAK ETA SARRERAK 

Abonuak salgai ekainaren 15etik aurrera 

Ikusle-kopuruaren murrizketak kenduta, heldu ahal diogu Kontzertu Denboraldirako abonu berrien kudeaketari. Oraingo abonatuak berritzeko aldiaren ondotik, abonu berriak salgai jarriko dira ekainaren 15etik aurrera. Erreserba helbide honen bidez egin daiteke: euskadikoorkestra.eus. Abonuak eskaera jaso ahala kudeatuko dira. Abonuek 80 eurotik 235 eurora arteko salneurria dute 10 kontzerturako. 

Sarrera solteak salgai irailaren 1etik aurrera 

Sarrera guztiak salgai egongo dira irailaren 1etik aurrera euskadikoorkestra.eus helbidean, bai eta auditoriumen webguneetan eta txarteldegietan ere.

MEZENASGOA

Euskadiko Orkestrak, gizartean oso beharrezkoa den kultura-tresna delako uste osoa izanik, ikusleekin lotura izateko tresna berri bat abiarazi du mezenasgoaren bitartez. Hori horrela, herri-proiektu kultural honen garapena lagundu nahi duten pertsonek aukera izango dute beren ekarpenen bitartez hala egiteko. 

Mezenasgoa etorkizuneko tresna beharrezko bat da, administrazio publikoek diruz laguntzeko politiken osagarria, eta kultura eta gizartea laguntzeko eta garatzeko bitarteko bilakatuko da aurrerantzean. Orkestrari egindako ekarpenek, haien modalitatea dena dela, kenkari fiskalerako aukera emango dute. Informazio gehiago hemen: euskadikoorkestra.eus 

ESKER ONAK 

Azkenik, orkestrak bere jardueren garapenean parte hartzen duten erakunde guztien laguntza eta babesa eskertu nahi du: abonatuei eta ikusleei oro har, erakunde babesle eta laguntzaileei, kultur eragileei, hedabideei eta abarrei, Euskadiko Orkestraren jarduera ahalbidetzen baitute.