Euskadiko Mugikortasun Elektrikoaren Estrategia berria, garraioaren deskarbonizazioa, ibilgailu elektrikoaren etorkizuna eta 2030eko ekintza planaren ardatzak aztertzeko (Gobernu Bilera 2022-7-26)

fotoconsejo.jpg

2022-07-26

Eusko Jaurlaritzak onartu duen Euskadiko Mugikortasun Elektrikoaren Estrategiak 1.550 - 2.340 M€-ko inbertsioa aurreikusten du 2030era arte, eta eragin handia izango du balio erantsian, enpleguan, enpresa-lehiakortasunean eta berrikuntzan. 2030erako automobil-parkearen % 16, hiri-autobusen % 50 eta taxien % 80 elektrifikatuta izatea planteatzen da. Estrategia berriak Euskadin karga azkarreko puntuen kopurua bikoiztea proposatzen du (50 kW-ko 80 karga-puntu, karga ultralasterreko terminalak dituzten 12 kokaleku), bai eta mugikortasun elektrikoko 15 proiektu abian jartzea ere Euskadiko automozioaren sektorean, eta, gainera, 10 proiektu teknologiko abiaraztea ibilgailu elektrikoen errekargaren esparruan, ekimen pribatuak lideratuta eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Energiaren Euskal Erakundeak egindako Euskadiko Mugikortasun Elektrikoaren Estrategia onartu du Jaurlaritzak gaur goizeko kontseiluan. Lan honen helburua da garraioaren sektorearen deskarbonizaziorako estrategiak, ibilgailu elektrikoari buruzko tokiko ikuspegiak eta ikuspegi globalak, mugikortasun elektrikoaren aurreko estrategien balorazioak eta 2030eko Ekintza Planaren ardatzak zehaztu eta aztertzea.

Mugikortasun elektrikoa Euskadiko ekonomia deskarbonizatzeko funtsezkoa den sektore bat egokitzeko bide urratzailea da.  Horren garapenak Euskadin trantsizio energetikoa sustatzeko onurak ekarriko ditu epe erdira eta luzera. Onura horien arrazoia sare elektriko adimendunekin (smart grids) eta, hedaduraz, energia-sistema integratu osoarekin dituen sinergiak dira.

Baina mugikortasun elektrikoaren sektoreak argitu beharreko hainbat alderdi eta zailtasun ditu, eta legediak eta datozen urteotako estrategiak eta ekintza-planak oinarrizkoak izango dira eraldaketa horren norabidea erabakigarritasunez zehazteko. Aldaketak maila guztietan egingo dira: nazioartean, Europan, estatuetan, eskualdeetan, tokian eta herritarren esparruan.

Horregatik, gaur onartutako estrategiak Euskadiko mugikortasunaren magnitude eta adierazle nagusiak aztertzen ditu, hala nola, bertako automobil-parkea edo berotegi efektuko gas-emisioak (BEG), eta mugikortasun elektrikoak garraioaren deskarbonizazioan eta ekonomiaren jasangarritasuna areagotzean betetzen duen rola baloratzen du.

Garraio-sektorearen deskarbonizazioak Euskadiko industrian eta zerbitzuen sektorean balio erantsia, enplegua eta gaitasunak ezartzeko aukerak sortuko ditu. Guztiak ere, modu batera edo bestera, deskarbonizazioan aurrera egiteko erabil daitezkeen tresnei lotuta daude.

Helburuak, eraginak, ondorioak

Garraio-sektorea deskarbonizatzeko eta sektorean petrolioaren mendekotasuna gutxitzeko helburua Eusko Jaurlaritzaren hainbat konpromisotan dago jasota: Klima 2050 Estrategia, Euskadiko Energia Estrategia 2030 eta Garraio Jasangarriaren Plana. Horietan hiru ardatz jasotzen dira garraioa deskarbonizatzea lortzeko: energia-efizientzia areagotzea; mugikortasun- eta garraio-zerbitzuen erabilpena arrazionalizatzea eta optimizatzea; eta erregai eta bektore energetiko deskarbonizatuak erabiltzea. Eta honako proposamen zehatz hauen bidez:

  • Intermodalitatea eta emisio gutxiko (BEG) garraio-moduak bultzatzea.
  • Petrolioaren deribatuen kontsumoa ordezkatzea.
  • Zaurgarritasun-irizpideak eta egokitze-irizpideak txertatzea garraio-azpiegituretan.
  • Errekarga-azpiegitura publikoa garatzea lurralde osoari estaldura emateko.
  • Zirkulazioan dauden ibilgailu elektrikoen masa kritikora iristea eta araudia egokitzea mugikortasunean teknologia elektrikoa sartzea errazteko.

Orain, Euskadiko Mugikortasun Elektrikoaren Estrategiak beste urrats bat ematen du eta 2030erako hurrengo helburuak ezartzen ditu:

Mugikortasunaren elektrifikazioa

» Automobil-parkearen % 16 elektrifikatuta

» Hiri-autobusen % 50 elektrifikatuta

» Taxien % 80 elektrifikatuta 

Karga-azpiegituraren ezarpena

» Karga azkarreko puntuen kopurua bikoiztea

Euskadin: 50 kW-eko 80 karga-puntu.

» Karga ultralasterreko terminalak dituzten 12 kokaleku 

Garapen teknologikoa eta industriala

» Mugikortasun elektrikoaren 15 proiektu

automozioaren sektorean, ekimen pribatuak

lideratuta eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta.

» Izaera teknologiko nabarmeneko 10 proiektu

ibilgailu elektrikoaren errekargaren esparruan,

ekimen pribatuak lideratuta eta

Eusko Jaurlaritzak lagunduta. 

Mugarri horietara iristeko, Eusko Jaurlaritzak 1.550 - 2.340 M€-ko inbertsioa aurreikusten du, eta eragin handia izango du balio erantsian, enpleguan, enpresa-lehiakortasunean eta berrikuntzan. 

Euskadiko Mugikortasun Elektrikoaren Estrategiak Euskadiko garraio-sektorearen ezaugarriak eta sektorea nazioarteko, Europako eta estatuko testuinguruan deskarbonizatzeko mugikortasun elektrikoa aztertzen ditu, bai eta ibilgailu elektrikoaren aukerak ere. Agiriak kontuan ditu mugikortasunaren arloko Euskadiko aurreko estrategiak, 2030 Ekintza Plana eta proiektuak behar bezala gauzatzeko behar den gobernantza. 

Lanaren ondorioetan nabarmentzen denez, mugikortasuna garrantzizko eraldaketa-une batean dago. Garraioa deskarbonizatu beharrak eta ekonomiaren digitalizazioa areagotu izanak joera berritzaileak eta sektorean eragile berriek parte hartzea ekarri dituzte. Horrek marrazten duen agertokiko mugikortasun-eredu berriak jasangarriak ez ezik anitzak eta dinamikoak ere izango dira. 

Europako merkatuan bizkortzen ari da ibilgailu elektrikoaren bidea. Epe erdira (2026), bateriadun ibilgailu elektrikoak (Battery Electric Vehicle - BEV) barne-errekuntzako motordun ibilgailuak baino merkeagoak izango dira, Internal Combustion Engine – ICEren arabera. 

Bilakaera horren baitan (garraio deskarbonizatua, partekatua, autonomoa, azken miliakoa, etab.) mugikortasun elektrikoa izendatzaile komun argia da. Eta Euskadik ibilgailu elektrikoaren balio-kateko maila nagusietan ditu enpresak.