Euskadiko larrialdietako taldeek, SOS Deiak zerbitzuak koordinatuta, aireko istripu baten simulakroan parte hartu dute Bilboko aireportuan

Argitalpen-data: 

  • Aenak antolatu duen ariketak konpainiaren Larrialdi Aeronautikoen Planean ezarritako jarduera- eta koordinazio-prozedurak ebaluatzeko balio izan du
  • Planaren eraginkortasuna ebaluatzeko balio izateaz gainera, aireportuko larrialdi bati erantzuna ematean inplikatutako kolektiboen integrazio- eta ezagutza-maila egiaztatzeko ere balio izan du simulakroak

  • Euskadiko larrialdietako taldeek, SOS Deiak zerbitzuak koordinatuta, aireko istripu baten simulakroan parte hartu dute gaur Bilboko aireportuan. Aenak antolatu duen ariketak bi helburu izan ditu: erakundearen Larrialdietako Planean aurreikusitako jarduera- eta koordinazio-prozedurak ebaluatzea eta era horretako larrialdi bati erantzutean inplikatuta dauden kolektiboen integrazio- eta ezagutza-maila egiaztatzea.

    Aireportuko hegoaldeko plataforman hegazkin txiki batek izan duen istripuaren simulakroan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikariek, Ertzaintzak, Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzuak, suteak itzaltzeko Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko taldeek, Gurutze Gorriak eta DYAk parte hartu dute.

    Hegazkina larrialdiko lurreratzea egiten saiatu da, eta, azkenean, handik gertu zegoen aireontzi baten bodegan sartzeko prest zeuden eta gai arriskutsuz beteta zeuden bi edukiontzi garraiatzen ari zen ibilgailu bat jo du. Talkak sute txiki bat eragin du aireontziaren motorrean, eta erregaia eta edukiontzietan zegoen likidoaren zati bat isuri dira. Istripuan larri zauritu dira lau pertsona eta beste lauk zauri arinak izan dituzte.

    Gogoan izan behar da Euskadik bere EAEko Larrialdi Aeronautikoen Plan Berezia duela, Babes Zibileko Kontseilu Nazionalak homologatuta duen ezaugarri horietako lehenengo plana da. Plan hori joan den otsailaren 1ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta “Euskadiko Babes Zibileko Planean” (LABI) integratuta dago. Horren helburu nagusia da eskumenak dituzten administrazioek koordinatuta eta goitik behera kudeatzea Planean bertan deskribatutako larrialdi aeronautiko desberdinak.