Euskadik "Baserritik Mahaira Euskal Ikerketa Plan" bat abian du, elikadura seguru, osasuntsu eta jasangarria eskuratzeko bitartekotzat

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak eta Elika Fundazioak aurkeztu dute, Elikagaien Segurtasun Arloko Ikerketa Emaitzak Transferitzeko IX. Jardunaldien barruan.

Jornada_transferencia6.jpg

Ponentziak

Eusko Jaurlaritzak “Baserritik Mahaira Euskal Ikerketa Plana 2022-2026” aurkeztu du goizean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Osasun Sailak eta ELIKA Fundazioak antolatutako Elikagaien Segurtasun Arloko Ikerketa Emaitzak Transferitzeko IX. Jardunaldietan.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak eta Osasun Publikoko Zuzendaritzak egin dute Plana, ELIKA Fundazioaren aholkularitza teknikoarekin. Egitasmoaren helburua da ebidentzia zientifikoa ematea, Elikagaien Segurtasunaren arloko erabakiak hartzen laguntzeko, eta esparru horretako ikerketa koordinatzea Euskadin; hartara, benetako ikerketarako beharrei erantzun eta I+G+b arloko proiektu eraginkorrak egingo dira.

Ikerketa-plan hori egiteko, kontuan hartu dira elikadura-sistema jasangarri, seguru eta osasuntsuagoetaranzko trantsiziora bideratzen duten nazioarteko estrategia politiko berriak, hala nola Europako Itun Berdea, Baserritik Mahaira Estrategia, Garapen Jasangarrirako Helburuak, Elikadura 2030 eta Horizon Europe. Halaber, plan hori bat dator estrategia horiek guztiak Euskadin zabaltzeko asmoarekin: Agenda Euskadi 2030, Euskal Itun Berdea, RIS3, PEGA berria, Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plana 2024 eta Osasun Estrategia.

Raul Perez Iratxeta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak eta Iciar Larizgoitia Jauregui Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak inauguratu dituzte jardunaldiak. 2010ean jarri zen abian Elikagaien Segurtasun arloko Ikerketarako Plan Eragilea euskal nekazaritzako elikagaien katean sar daitezkeen arriskuak murriztu eta prebenitzeko ikerketa zuzentzeko eta ebidentzia zientifikoa eskaintzeko asmoz.

Perez Iratxetak adierazi duenez "11 urte hauetan ikerketarako 604 behar identifikatu ditugu eta elikagaien segurtasun arloko 76 proiektu finantzatu ditugu, guztira 8,3 milioi eurokoak. Proiektuen % 50ean nekazaritzako elikagaien sektoreko eragileak aritu dira lankidetzan eta % 81 lagungarriak izan dira administrazioentzat, nekazaritzako elikagaien arriskuak kontrolatzeko eta murrizteko erabakiak hartzerakoan".

Gaurko jardunaldietan aurkeztutako proiektuen gaien artean Perez Iratxetak honako hauek nabarmendu ditu, besteak beste: bakterio patogenoak gaztetan, mikotoxinak eta antibiotikoei erresistentziak landareetan, Anisakisa arraietan, mikroplastikoak itsaskietan, glutenik gabeko artisau-garagardoak, Q sukarra eta metodologia berriak elikagaien segurtasunean.

Egindako eta etorkizunean egingo diren proiektuei buruzko informazioa Elikagaien Segurtasunaren Arloko Ikerketaren Plataforman dago, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko webgunetik sarbide publikoa du.

Hitzaldiak

Arantxa Madariagak, Elika Fundazioko zuzendari gerenteak, “Baserritik Mahaira Euskal Ikerketa Plana 2022-2026” aurkeztu du, eta jardunaldira bertaratu direnek honako beste hitzaldi hauek ere izan dituzte: “NAOS adierazleen ebaluazioa eskola-jantokietan” (Santiago Valcárcel – Osasun Publikoa – EJ-GV), “Anisakisa arrainean: anisakisa deuseztatzeko/inaktibatzeko eta baztertutako erraiak aprobetxatzeko alternatibak” (Xabier Aboitiz eta Carlos Bald – AZTI), “Listeriaren hazkundea-inhibizioa Idiazabal gaztan” (Igor Hernández – UPV/EHU), “Euskadin kontsumitutako landare-produktuetan Alternaria alternata onddo mikotoxigenikoaren arriskua ebaluatzeko lehen pausoak” (Amaia Ortiz – NEIKER), “Uzta aurreko eta ondorengo faktoreen efektua Alternaria alternatarekin infektatutako bi uraza-genotipotan” (Usue Pérez – UPV/EHU) eta “Elikagaien segurtasuna kontrolerako metodologia azkar berriak” (Alejandro Barranco – AZTI).