Euskadiko 2023ko Aurrekontuen Proiektuak 14.250 milioi euroko zenbatekoa du, gizarte-politika eraginkorrak bermatuko ditu eta jarduera ekonomikoa bultzatuko du, enplegua sortzeko (Gobernu Bilera 2022-10-25)

20221025_PROYECTO_PRESUPUESTOS_CAE_23-1.jpg

2022-10-25

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Proiektua onartu du gaur. Aurrekontuek 14.250,7 milioi euroko zenbatekoa izango dute, eta, beraz, % 8,7ko igoera izango dute 2022an onartutakoekin alderatuta (1.142 milioi euro gehiago). Aurrekontuen proiektu horren % 76 (10.254,6 M€) gizarte-politiketara bideratuko da. Aurrekontu-igoerarik handiena izango duten Sailak Osasuna eta Hezkuntza izango dira, eta, haien atzetik, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa, Lana eta Enplegua eta Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak. Eusko Jaurlaritzak eutsi egin dio inbertsio publikoaren aldeko apustu irmoari, eta 1.800 milioi eurotik gorakoa izango da (2022an baino % 14,8 handiagoa). Halaber, I+G+Bra bideratutako aurrekontuak % 12ko igoera izango du, eta 658,4 milioi eurora iritsiko da (2022an baino 70,6 milioi euro gehiago).

 2023ko aurrekontua Europako MRR Funtsetako diru-sarrerak jasotzen dituen lehena da. Diru-sarrera horiek 260 milioi euroko zenbatekoa dute, eta sailek une honetan Europarekin hartutako konpromisoak betetzeko gauzatu behar dituzten jarduketetara bideratuko dira. 

 “Aurrekontuen proiektu honen oinarriak oso sendoak dira, eta haren kaudimenak bermatzen du Euskadi gai izango dela bere zerbitzu publikoen mailari eusteko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko, enplegua sortzeko eta bizi dugun egoera ekonomiko eta sozial nahasiari aurre egiteko”, adierazi du Azpiazuk.

 2023ko aurrekontuak, halaber, genero-berdintasunarekiko konpromiso irmoa jasotzen du, eta aurrekontuen % 17 bideratuko da horretara (2022ko aurrekontuan baino puntu-erdi gehiago). Gainera, konpromiso hori politika publiko guztietara eraman nahi da. 

Urriaren 28an, aurrekontuen proiektua Eusko Legebiltzarrean erregistratuko da, eta sailburuek agerraldia egingo dute azaroaren 2tik 4ra bitarte. Agerraldi horien ondoren, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP-Cs taldeekin balizko aliantzak kontrastatzeko aukera irekiko da. Proiektua onartzeko aurreikusitako eguna abenduaren 23a izango da. “Espero dut guztiok guztion ongiari lehentasuna ematea, erantzukizuna, errealismoa eta kudeaketa publiko zentzuduna eta zalapartarik gabea beharrezkoak diren garai nahasi hauetan”, adierazi du sailburuak. 

  1. Zurrunbiloak mundu osoko ekonomian

Egoera ekonomikoari dagokionez, sailburua nazioarteko egoera ekonomiko konplexuaz aritu da, eta duela bi aste Euskadiko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak eskainitako magnitudeak aipatu ditu.

Nazioarteko Diru Funtsak azpimarratu duenez, munduko ekonomiaren herena baino gehiago uzkurtu egingo da aurten eta datorren urtean, eta hiru ekonomiarik handienek (Ameriketako Estatu Batuek, Europar Batasunak eta Txinak) geldirik jarraituko dute. Egia da, halaber, aurreikuspen horien arabera 2022an % 3,2ko hazkundea espero dela munduko ekonomian, eta, beraz, ez dagoela aldaketarik uztaileko aurreikuspenarekin, beherantz zuzendu delako Ameriketako Estatu Batuetako tasa, baina puntu-erdian igo da euroaren eremurako espero den hazkundea (% 3,1).

  1. urterako, Nazioarteko Diru Funtsaren beheranzko berrikuspena bi hamarrenekoa da mundu osoko ekonomian, eta horrek bete-betean hartzen gaitu eraginpean, euroaren eremurako berrikuspena zazpi hamarren txikiagoa baita uztaileko aurreikuspenarekin alderatuta, eta ia bi puntu txikiagoa apirileko dokumentuarekin alderatuta.

Espainiako Estatua % 1,2 haziko da. Nolanahi ere, aldakuntza-tasa horiekin ezin da esan geldialdian gaudenik, herrialderik kaltetuenak izan diren Alemaniaren eta Italiaren kasuan izan ezik (-% 0,3 eta -% 0,2, hurrenez hurren).

Inflazioari dagokionez, Euskadiko iraileko KPIa % 8,5era jaitsi da, eta, beraz, ia bi puntutan egin du behera aurreko datuarekin (% 10,3) alderatuta. Azpiko inflazioa, berriz, hiru hamarren jaitsi da eta % 6,1era iritsi da. Nolanahi ere, lehen beherakada izan da 2021eko apirilaz geroztik. “Hori albiste ona da, eta beheranzko joera horretan jarraitzea espero dugu”, adierazi du Azpiazuk.

Eusko Jaurlaritzak bere hazkunde-aurreikuspenak berrikusi zituen irailean, eta AIREFen bermea dute. Haien arabera, % 4,3ko hazkundea izango da 2022an, eta % 2,1ekoa 2023an. Pandemiaren aurretik, euskal ekonomiaren hazkunde potentziala % 1,8tan zenbatesten zen, eta datu hori baliagarria izan daiteke zifra berriak haztatu ahal izateko.

Enpleguaren arloan, egungo egoerak langabezia-tasaren jaitsiera esanguratsua iragartzen du. Izan ere, % 8,8ra iritsiko da aurten, batez beste, eta % 8,3ra jaitsiko da datorren urtean. Horrek esan nahi du 26.000 lanpostu inguru sortuko direla aurten, eta 12.000 inguru datorren urtean.

 “Beraz, nolabaiteko lasaitasuna, nahiz eta, duela bi aste esan nuen bezala, zentzurik gabeko gerra baten haize-orratzak izaten jarraitzen dugun, eta haren ondorio ekonomikoak guztion kalterako diren”, adierazi du.

  1. Ekonomia- eta finantza-esparrua

Diru-sarrerei dagokienez, foru-aldundien ekarpenak 11.901 milioi eurora iritsi dira, eta, beraz, 2022ko eta 2023ko aurrekontuak alderatuta, zifra 897 milioi eurotan igoko litzateke (+% 8,2tan). Hala ere, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak urriaren 14an aurreikusitako itxierarekin alderatuta, 354 milioi eurotan igoko litzateke (+% 3).

Europako Funtsetatik (EGIF, EGEF, NBEUF, LGENF eta FEMP) iritsitako zenbatekoa 93 milioi eurokoa da, eta MRR funtsetako diru-sarrerei dagozkien 260 milioi euro sartu dira. Gainera, aurrekontu-legeak haien txertatzea jasoko du partida gehiago iritsi ahala.

Aurrekontu-egonkortasuneko helburuek ezartzen dutenez, EAEko defizitak % 0,6koa izan behar du 2023an. 2023ko aurrekontuen arabera, zorpetze garbia 419,5 milioi eurokoa izango da, eta amortizazioak, berriz, 778 milioi eurokoak. Beraz, zorpetze gordina (zorpetze garbia+amortizazioak) 1.197,5 milioi eurora iritsiko da. Bestalde, 2023ko zor publikoak BPGaren % 13,5ekoa izan behar du gehienez (11.075 milioi euro). 

  1. I+Gko inbertsioa

Eusko Jaurlaritzak % 12tan igoko du I+G+Brako aurrekontua, eta 658,4 milioi eurora iritsiko da. Beraz, 70,6 milioi euroko igoera izango da 2022. urtearekin alderatuta.

 

I+G-KO INBERTSIOA 2023AN

 

 

SAILAK

M/€

 

Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena

306,6

Teknologia, nekazaritza- eta arrantza-arloko I+Ga, eraldaketa digitala, energia berriztagarria eta hidrogenoa, bioteknologia…

Hezkuntza

206,1

Ikerketa eta ikertzaileak, Unibertsitatea, material aurreratuak, komunikazio kuantikoa…

Osasuna

68,2

Osasun-ikerketa eta Osakidetzako ikertzaileak, eraldaketa digitala…

Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

24,6

Administrazio elektronikoa eta eraldaketa digitala eta ekintzailetza berritzailea

Berrikuntza-funts estrategikoa

52,9

Berrikuntza-funtsa hainbat sailetan

 

658,4

% 12,02ko igoera (2022an baino 70,6 milioi euro gehiago)

  

  1. Sailen araberako banaketa:

Osasuna: 4.638,9 M€ (+256,9 M€): igoera hori Osakidetzaren 3.565 milioi eurora (+202 M€) igo delako, ikerketarako aurrekontua 2,4 milioi eurotan igo delako (14,5 M/€-ra iritsi da) eta farmaziako gastua 559 milioi eurora (+29 M€) iritsi delako gertatu da. 

Hezkuntza: 3.477,7 M€ (+242,7 M€): Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zenbatekoa 1.133 milioi eurora (+56,9 M€) iritsi da, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zenbatekoa 1.337,4 milioi eurora (+196,9 M€), eta unibertsitate-irakaskuntzakoa, berriz, 374,9 milioi eurora (haietatik, 362,9 milioi euro UPV/EHUri dagozkio, hau da, 22,9 milioi euro gehiago).  

Lana eta Enplegua: 1.107,8 M€ (+171,6 M€): Sail honen partida handiak honako hauek dira: Gizarte Inklusioa, 663,8 milioi eurorekin (+229,7 M€), Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (312 M€) barnean hartuta, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera, 173 milioi eurorekin, eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (hileko 300 euroko zenbatekoa duena), 80 milioi eurorekin. Lanbideri 1.091,9 milioi euroko partida dagokio. 

Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena: 849,8 M€ (+72,4 M€):  Sail honen barruan, igoerarik handiena Industria Garapenari dagokio, eta 137 milioi euro bideratuko dira horretara (+31 M€). Honako hauek xede dituzten partidak nabarmentzen dira: Teknologia (211 M€); Nekazaritza eta Landaren eta Itsasertzaren Garapena (93,9 M€); Elikagaien Sustapena eta Kalitatea (60,3 M€) eta Ingurumenaren Babesa (44 M€). Spri-k 129 milioi euroko aurrekontua izango du. 

Segurtasuna: 746,3 M€ (+21,2 M€): Sail honetan, Ertzaintzara bideratutako partida 709,2 milioi eurokoa da, eta, beraz, 23 milioi eurotik gorako igoera izan da. 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak: 754,4 M€ (+189,9 M€): Europako MRR funtsen inpaktua nabaria da, eta 62,3 milioi euroko zenbatekoa bideratuko da garatu beharreko programetara. Horrekin batera, Azpiegituren eta Garraio Kudeaketaren Programa, 321,8 milioi eurorekin (+24,7 M€) eta Etxebizitza, 184 milioi eurorekin, nabarmentzen dira.  Euskal Y-rako eta Hegoaldeko Saihesbiderako aurrekontua 135 milioi eurokoa da. Gaztelagun programara bideratuko den zenbatekoka 16 milioi eurokoa izango da, Bizkaiko Garraioen Partzuergorako ekarpena 54,9 milioi eurora iritsiko da, eta ETSk 115 milioi euroko kapital-ekarpena jasoko du Sailetik.

Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak: 637,8 M€ (+114,7 M€): Emakundek 7,8 milioi euroko aurrekontua izango du, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 50,7 milioi eurokoa, Immigrazioan ia bikoiztu egingo da aurrekontua eta 16,1 milioi eurora iritsiko da (horren barruan, familia-sarerik gabeko gazteentzako “Trapezistak” programa edo euskal harrera-ereduaren indartzea nabarmentzen dira), Gizarte Zerbitzuen aurrekontua 85,1 milioi eurokoa izango da (+18M€), eta Familia eta Komunitate Politikara, berriz, 152 milioi euro bideratuko dira (+79,3M€), 0-3 urteko seme-alaba bakoitzeko hileko 200 euroko laguntzak barnean hartuta. 41,5 milioi euro GLLetarako izango dira, eta 70,9 milioi euro Espetxeetarako. 

Kultura eta Hizkuntza Politika: 353,2 M€ (+30,8 M€): Sail honen barruan, 182,9 milioi euro EITBri dagozkio, hau da, 21 milioi euro gehiago. Igoera hori Miramongo erreformari, energia-igoerei, emisio-eskubideei, digitalizazioari, eduki-estrategia berriei eta abarri aurre egitera bideratuko da. Kulturaren Sustapenak 36,6 milioi euro izango ditu, Kirolek 12,7 milioi euro, eta HABEk 49 milioi euro inguru.

Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: 171,9 M€ (+32,8 M€): 2023. urtean, Sail honek apustu irmoa egingo du digitalizazioaren alde, eta 55,6 milioi euro bideratuko ditu Informatika eta Telekomunikazioetara. Bestalde, Zerbitzu Orokorren programari dagokion aurrekontua 38,9 milioi eurokoa izango da (+10,2 M€), energia-gastua barnean hartuta. IVAPek 21 milioi euroko aurrekontuarekin jarraituko du.

Ekonomia eta Ogasuna: 138 M€ (+9,5 M€): Banku-gordailuengatiko komisioei lotutako gastua (7 milioi eurokoa) desagertu egin da, eta ELKARGI SGR-rekin ETEak finantzatzeko programaren interesen dirulaguntza, berriz, handitu egingo da eta 16 milioi eurora iritsiko da. Finantzen Euskal Instituturako ekarpena 60 milioi eurokoa izango da. Eustatek, berriz, 16,1 milioi euroko aurrekontua izango du.

Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 63,9 M€ (+11,8 M€): 22 milioi euro Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzara bideratuko dira, 21,5 milioi euro Merkataritzara, eta 6,5 milioi euro Kontsumora. Sail honek, halaber, MRR baliabideak jasoko ditu (9,8 M€) jasangarritasun turistikoko planetarako. 

Lehendakaritza: 49 M€ (+1,9 M€):  honako zuzendaritza hauek dagozkio: Gazteria (10,9 M€), Kanpo Harremanak (11,9 M€), eta Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren programa (4,9 M€). Nazio Batuen Euskadiko Tokiko Idazkaritzarako 1,45 milioi euro ere jasotzen ditu aurrekontuak. 

  1. 2023ko inbertsio publikoa, Sailaren arabera

 

M€

ALDEA

Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena

581,1

68,8

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak

531,7

157,9

Hezkuntza

220,5

54,0

Osasuna

122,4

12,2

Ekonomia eta Ogasuna

81,2

16,9

Segurtasuna

46,2

0,1

Kultura eta Hizkuntza Politika

41,2

3,6

Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak

34,2

5,9

Lana eta Enplegua

13,8

-7,9

Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa

16,1

6,2

Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

15,4

9,5

Lehendakaritza

3,3

0,5

*inbertsioaren gainerakoa erakunde autonomoetan dago.

 

Vitoria–Gasteiz, 2022ko urriaren 25a