EUSKADIK, URTEAN, ORGANOEN 200 ETA 220 TRANSPLANTE BITARTEAN EGITEN DITU

2022-05-16

1986aren eta 2021aren bitartean, giltzurrunetako 4.401 transplante, gibeleko 1.658, bihotzeko 439 eta biriketako 250 egin ditu, eta hezur-muineko 2.349, 2006. urtetik.

Datu horien berri eman du gaur Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburuak, Transplanteen Koordinatzaileen Estatuko hogeita hamaseigarren Biltzarra inauguratzeko ekitaldian.

Osasuneko Sailburuak zorionak eman dizkie modu batean edo bestean organoak ematean eta transplantean parte hartzen duten pertsona guztiei, kontuan hartuta bizitzak salbatzen dituen sare konplexua dela eta, Gotzone Sagarduiren iritziz, elkartasunak eta osasunak –ondasun komunak– batzen dituen pertsona desberdinen eta askotariko herrien lankidetza- eta eraginkortasun-eredua dela.

Azpimarratu duen bezala, Euskadin 80ko hamarkadaren amaieran milioi bat biztanleko 7 eta 15 organo-emaile bitartean egotetik, azken bost urteotan milioi bat biztanleko 50 emaile egotera igaro da, organo-emaileen eta haien familia-ingurunearen eskuzabaltasunari, herritarren elkartasunari, elkarteen ahaleginari, profesionalen lanari eta detekzio-prozesuko hobekuntzei esker.

Hori dela eta, gaur egun, Euskadin, urtero, 200 eta 220 transplante bitartean egiten dira. Guztira, 1986aren eta 2021aren artean, giltzurrunetako 4.401 transplante, gibeleko 1.658, bihotzeko 439 eta biriketako 250 egin dira, azken bi horiek Kantabriarekin dagoen hitzarmenaren arabera. Gainera, hezur-muineko 2.349 transplante ere egin dira, 2006. urtetik 2021era.