Euskadik pandemia aurreko jarduerari heldu dio berriro, jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko programa guztietan

2022-04-06

Euskadik pandemia aurreko jarduerari heldu dio berriro, jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko programa guztietan. Osasunaren Mundu Egunaren bezperan Gotzone Sagarduik gogorarazi du osasuna ez dela soilik gaixotasunik ez izatea, baita bizi-ohitura osasungarriak izatea eta hura gizartean sustatzeko politika publikoak sustatzea ere. Eremu guztietan:  pertsonalean, lanekoan, elikaduran, ariketa fisikoan, aisian, kulturan eta ingurumenean, besteak beste, 2021-2024rako Esparru Estrategikoak planteatzen duen bezala; esparru horren helburua da osasuna politika guztietara zabaltzea, desberdintasunik gabeko osasunerako bidean aurrera egiten jarraitzeko, hurbilagokoa den eta pertsonen zerbitzura dagoen osasunerako bidean. 

 

Jarduera fisikoa sustatzeko euskal erakundeek Mugiment lankidetza-proiektuaren ildotik bultzatutako programen jarduera osora itzuli da Saúd Saila. Adibide gisa, Ttipi-Ttapa ibiltarien ibilbideak; paseo osasungarriak antolatzen dituzte eta, gainera, kohesio soziala, belaunaldien arteko lana eta aniztasun funtzionala duten pertsonen integrazioa bultzatzen dituzte. Nabarmendu behar dira, halaber, jarduera fisikoaren orientazio-zerbitzuak, osasun- eta kirol-arloetako profesionalen inplikazioari esker, udal-mailan jarduera fisikoaren eragile sustatzaile diren aldetik. Eta, hezkuntza-eremuan, eskola-bideen proiektuak eta patioen eraldaketa; horiek kaleetako mugikortasun segururako eta autonomorako bide ematen dute, bai eta umeen jolaserako eta mugimendurako ere. Eskola-mailan jarduera fisikoa egiteak eskola-errendimendua, ongizate psikikoa eta pertsonen arteko harremanak hobetzen laguntzen du.

 

Era berean, besteak beste Euskadi Aktiboa proiektuan sakonduko du Osasun Sailak, zeina pertsona, erakunde edo kolektibo orok beren ingurunean edo erkidegoan dauden osasunerako aktiboak identifikatu eta sartu ahal izatera bideratzen baita.