Euskadik Osasun Mentaleko Estrategia berria diseinatuko du, pandemia ondoko sasoiko premiei erantzuteko

2022-04-04

COVID-19a gorabehera, Osasun Sailak, bi urteotan, osasun mentaleko gastua eta inbertsioa areagotu ditu; horri esker, haur- eta gazte-eremuan baliabideak bikoiztu, osasun mentalean espezializatutako langileen ratioa handitu eta paziente, familia eta profesionalei laguntza emateko programak ezarri dira

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburuak gaur iragarri duenez, Euskadik osasun mentalari heltzeko estrategia berria diseinatuko du, pandemia ondoko sasoiko premiei erantzuteko moduan. Hala iragarri du gaur goizean, Zabalburuko nerabeentzako osasun mentaleko eguneko ospitalera egin duen bisitan; Zabalburukoa, azken aspaldi honetan zabaldutako gisa honetako zerbitzuetako bat da. Izan ere, azken bi urteotan, COVID-19a gorabehera, Euskadik haur eta gazteen osasun mentalaren eremura bideratzen dituen giza baliabideak eta materialak bikoiztu dira, eremu hori baita mundu osoan pandemiaren eragin gehien jasan duenetako bat.

Zehazki, haur eta gazteen arreta psikiatrikoa estrategia berriaren lehentasunetako bat izango da. Euskadin, dagoeneko, sendotu egin da, Zabalburuko nerabeentzako eguneko zentroko 30 plazen eta Galdakao-Usansolo ospitalean dauden baliabideetako 16 plazen bidez; horiei gehitu behar zaie ezaugarri berak dituen Saralegiko zentroa, zeinak 15 plaza baititu. Arabak Gasteizko haur eta gazteentzako eguneko ospitalea du (10 plaza) eta Gipuzkoak, arreta goiztiarreko unitatea, Donostian (14 plaza). Guztira, 85 plaza Euskadi osoan.

COVID-19an eragindako presio eta asistentzia-eskari handiko egoera gorabehera, azken bi urteotan Osasun Sailak osasun mentalaren inguruko gastua eta inbertsioa areagotu ditu. Horri esker, haur eta gazteen eremura bideratzen diren giza baliabideak eta materialak bikoiztu dira eta, gainera, langile espezializatuen ratioa handitu da –orduan Estatuko altuenetako bat bazen ere– eta paziente, familia eta profesionalei laguntza emateko programak ezarri dira.   

Euskadik 1983an asistentzia psikiatrikorako lehen plana abian jarri zuenetik, osasun mentalari ematen zaion arreta bilakatzen joan da, sasoi bakoitzeko premiei egokituta, eta, lau hamarkada igaro ondoren, ikuspegi komunitariotik osasun mentalari arreta emateko zerbitzu-sare zabala lortu du. Bi mailatan: batetik,biztanleen osasun mentala; hartan, Eusko Jaurlaritzak, bere Osasun Planaren bidez, osasuneko zeharkako printzipioa haren politika guztietan aplikatzen du eta, horretarako, bizi-ohitura osasungarriak sustatu eta gizarte-desberdintasunei aurre egiten die. Bestetik, Osakidetza; hartan, Lehen Mailako Arretak nahasmendu mental ohikoenei ematen die arreta, eta Osasun Mentalaren Sarea –lurralde guztietan dago– nahasmendu psikiatriko konplexuenez arduratzen da.

Pandemia arinagoa bilakatzen ari den honetan, gaur iragarritako estrategiaren bidez, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak esandako hitzen arabera, beste urrats bat gehiago eman nahi da arlo horretan arreta etengabe bilakatzen eta hobetzen ari den ibilbide horretan. Hala, aurretik dauden programa anitzei heldu eta sendotu nahi dira eta, hala, ekintza berriak sartu, bai eta suspertzen ari diren profilei arreta eman, eremu guztietan prebentzioa eta postbentzioa sendotu eta Euskadin suizidioa prebenitzeko estrategia garatzen jarraitu ere.

Sagardui Sailburuak esan duenez, Euskadin Osasun Mentalari buruzko Aholku Batzordeak estrategia horri helduko dio laster, adituen organo horrek, 2007an sortuak, azken aldiz berritu zenetik lehenengoz egingo duen bileran; organo horrek eremu horretan erakunde-politikak zehazteko aholku ematea du eginkizun nagusi, ezagutza zientifikoan eta irizpide profesionalean oinarrituta.