Euskadik harrera beroa egin dio Frantziako Tourreko garaikurraren etorrerari

Argitalpen-data: 

Donostia.jpg
  • Txalo-zaparrada artean, ehunka txirrindularitza zalek harrera ezin hobea egin diete Donostian, Gasteizen, Amorebieta-Etxanon eta Bilbon Ziortza Villari eta Julian Sanzi, Frantziako Tourreko garaikurra Parisetik Euskadira bizikletaz ekarri duten bi ultrafondistei.
  • Egindako geldialdi bakoitzean, Euskadiko hiru lurralde historikoetako ahaldun nagusiek eta lau udalerrietako alkateek ere ongietorria egin diete Ziortzari eta Juliani, beraien esker ona adieraziz.


Grand Départ Pays Basque 2023 irudikatzen duen Frantziako Tourreko garaikurra Euskadin da jada. Txirrindularitza zale euskaldunek badakite zein garrantzitsua den datorren urtean Euskadik munduko txirrindularitza lasterketarik garrantzitsuena hartzea, baita Ziortza Villa eta Julián Sanz ultrafondisten erronkaren dimentsioa eta konplexutasuna ere, garaikurra Parisetik Euskadira bizikletaz ekartzeko erronka handia. Hori dela eta, txalo eta ohiu artean, herritar askok animatu dituzte bi txirrindulariak Donostian, Gasteizen, Amorebieta-Etxanon eta Bilbon egin dituzten lau geltokietan. Geldialdi hauetan Euskadiko hiru lurralde historikoetako ahaldun nagusien eta lau herrietako alkateen esker ona eta errekonozimendua jaso dute.


Garaikurra Irundik sartu da Iparraldetik etorrita. Ordurako, Julián Sanz eta Ziortza Villa ultrafondistek 850 kilometro inguru zituzten hanketan, uztailaren 24an, igandea, Parisko Eliseo Zelaietatik 21:00etan abiatu zirenetik. Harrera egingo zaien lehen puntua, 12:00ak aldera, Donostia izan da. Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak Kursaalaren aurrean ongietorria egin diete, eta eraikineko fatxada horiz argiztatu da horretarako. Une horretan, Grand Départ Pays Basque 2023ko antolakuntzak claim berria ezagutzera eman du, “Welcome to the Basque Country – Welcome To The Bike Country” sloganetik “Ongi eTOURri”-ra igaroz.


Donostiako ekitaldia bukatuta, Debaraino kostaldea inguratu eta Bergara atzean utzi ondoren, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazara iritsi dira txirrindulariak. Puntu horretan, Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiak eta Gorka Urtaran Euskadiko hiriburuko alkateak agurtu dituzte arratsaldeko 18:00etan. Gasteizko harreran egon da Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado ere. 


Legutio, Otxandio, Dima eta Lemoa ere igaro dituzte Amorebieta-Etxanoko Udaletxe plazara bidean, han izan dute zain Andoni Agirrebeitia udalerriko alkatea, 20:15ak aldera, korporazioko beste kide batzuekin batera.


Galdakao zeharkatu ondoren, Ziortza eta Julián Bilboko Guggenheim Museoaren plazara iritsi dira 21:00etan, eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen txaloak jaso dituzte.


Ziortzak eta Julianek arrakastaz burutu dute inoiz ikusi ez den kirol erronka hau, Paris eta Bilbo lotzen dituzten ia 1.000 kilometroak 48 ordu baino gutxiagoan osatuz. Bidaia sare sozialen bitartez jarraitu ahal izan da eta baita zuzenean ere Grand Départ Pays Basque 2023 webgunean instalatutako tracking plataforma baten bidez: https://letour.euskadi.eus.


Azkenik, gogoratu beharra dago Frantziako Tourra Euskadira iritsi dela adierazten duen garaikurra Plaza Biribilean kokatzen den Bilboko Turismo Bulegora eraman dela. Garaikurra 9:00etatik 19:30etara bisitatu ahal izango da bihartik aurrera.